948 Merkatua: Nafarroako Arteen Merkatuarekin hitzordua

Nafarroako Arteen Merkatuaren, 948 Merkatuaren, bigarren edizioa azaroaren 21etik 23ra bitartean izango da. Ekitaldi hori erreferentzia da Nafarroako nahiz inguruko kultura- eta sormen-sektoreentzat. Aurten, Euskadi eta Akitania Berria gonbidatu ditu.

948 Merkatuak jarduera-programazio bikoitza du. Bata, PRO izenekoa, profesionalei zuzenduta dago; besteak, berriz, Iruñeko zenbait eremutan publikoari irekita egingo diren zuzeneko proposamen artistikoak hartuko ditu. Bietan ere, Euskal Herriko musika kanpora zabaltzeko Basque Music plataformak presentzia izango du, hainbat ekimenen bidez.

Hala, Basque Musicek sustatutako showcase-etan Elena Setién kantariak eta Liher eta Anita Parker taldeek hartuko dute parte. Elena Setién, Musika Bulegoa Sarien bigarren edizioan sarituetako bat, asteazkenean, azaroak 21 (20:30) arituko da Indara klubean. Egun berean, Liher taularatuko da Zentral aretoan, 21:45ean. Ostegunean, azaroak 22, Anita Parkerren txanda izango da, Indara klubean (20:30ean).

948 Merkatuak profesional akreditatuei zuzendutako diziplina anitzeko jarduerak hartzen ditu: arte plastikoak eta ikusmen-arteak, arte eszenikoak, edizioa, musikak, zinema eta telebista, diseinua, eta bestelako kultura- eta sormen-industriak. Sinergia, aurrerapen eta finkapen profesionalak eta ekonomikoak eragitea beste helbururik ez du. 948 Merkatuaren egoitza Baluarte da (Nafarroako Biltzar Jauregi eta Entzunaretoa).

Iazko edizioan ere, Nafarroako Arteen Merkatuak ateak ireki zizkion Musika Bulegoari, Euskal Herriko Musika Bulegoaren proiektua aurkezteko. Aurtengo edizioan ere EHMB Baluartera itzuliko da ostegunean, hilak 22 (11:00etan): Myriam Miranda Musika Bulegoko lehendakariaren eta Amaia Ispizua elkarte bereko kidearen eskutik, Musika Bulegoak emakumeari musika-industrian ikusgaitasuna emateko sustatzen eta babesten dituen ekimenen berri izango dugu.