Basque. Music.-ek nazioarteko azoka profesionaletan hartuko du parte datozen asteetan

Urria eta azaroa bitartean ospatuko diren WOMEX, BIME PRO, Fira Trovam eta Monkey Week musikaren nazioarteko azoka profesionaletan parte hartuko du Basque Music plataformak.

WOMEX 2020

Lehendabiziko geltokia Womex 20 izango da. Budapest-en burutu behar zen azoka on line egingo da. Xabi Aburruzaga izan da Basque. Music. showcase-an parte hartzeko aukeratutako musikaria. Streaming bidez eskainiko den kontzertua urriaren 21ean emitituko da Womex-en plataforma birtualean. Horrela, Xabi Aburruzagak Juan Mari Beltrani (2017), Kalakan taldeari (2018) eta Topa-K proiektuari (2019) hartuko die lekukoa. Gainera, nazioarteko profesionalen artean zabaltzeko Basque. Music. at Womex 20 katalogoa ere osatu da.

BIME PRO

Urriaren 26tik 29ra egingo den BIME PRO azoka formatu mistoan antolatuko da. Urriaren 26tik 27ra on line egingo da eta urriaren 28tik 29ra Euskalduna Jauregiak hartuko du.

Verde Prato, Dupla eta Bulego izango dira Basque Music ekimenaren enbaxadoreak artista berrientzako erakusleihoa den BIME CIty ekimenean. Basque Music-ek, Euskal Herriko artistak sustatzeko antolatu du showcase hau. Kontzertua Bilboko BBK Aretoan egingo da urriaren 29an, osteguna, 20:00etan.

Aurreko edizioetan, Nerabe, Meridian, Melenas, Los Brazos, Liher, Grande Days eta Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak aritu ziren emanaldi horretan.

BIME PRO atal profesionalean, berriz, Basque. Music.-ek on line egingo den speedmeeting saio bat babestuko du euskal musikari profesionalentzat, urriaren 26an, astelehena. BIMEn izango diren estatuko eta nazioarteko enpresa eta eragileei euskal musika-eskaintza aurkeztea eta gure artistei eta enpresei nazioartera zabaltzen laguntzea da Euskal Herriko eta nazioarteko profesionalen arteko topaketa horren helburua. Horretaz gain Euskal Herriko musikaren profesionalek erabili ahal izango duten stand bat ere jarriko du Euskalduna Jauregian urriaren 28an eta 29an. Eta azoka presentzialari hasiera emateko koktail bat antolatuko du urriaren 28an.

Urriaren 27an ‘Zuzeneko arteak Covid-19arekin elkarbizitzen’ eta urriaren 28an ‘Kontzertu aretoak eta Covid-19a’ hitzaldiak ere antolatuko ditu MIE eta Kultura Live elkarteekin elkarlanean.

FIRA TROVAM

Azaroaren 11tik 14ra bitartean Castelló-k Fira Trovam azoka hartuko du. Basque Music-ek lehen aldiz parte hartuko du azoka honetan eta Zetak taldearen showcase-a antolatuko du. Horretaz gain azaroaren 14an Basque. Music. plataformaren aurkezpena egingo da.

MONKEY WEEK

Sevillan egiten den Monkey Week azoka profesionala on line egingo da 2020an. Basque Music-ek showcase birtuala antolatuko du eta Verde Prato eta Plágaros taldeen kontzertuak streaming bidez eskainiko dira.