‘Basque Music’ plataformak Amorante eta Hakima Flissi aurkeztuko ditu Monkey Week Jaialdian

Datorren azaroaren 20tik 23ra bitarte, Monkey Week Jaialdia izango dugu Sevillan. Ezinbesteko egunak dira musika independentearen egutegian, eta, aurten ere, euskal musika entzuteko aukera izango dugu. Euskal Herriko musika kanpoan zabaltzeko Basque Music plataformak hainbat ekintzaren bidez hartuko du parte jaialdian.

Basque Music plataformak babestuta, Amorante eta Hakima Flissi musikariek zuzeneko bina kontzertu eskainiko dituzte asteburuan. Amorantek hilaren 22an, ostirala, eskainiko du lehen showcasea, 14:45ean, Fundación SGAE agertokian. Egun berean, 19:15ean, INES Espacio Santa Clara agertokian joko du berriz. Hakima Flissik, berriz, Fundación SGAE agertokian eskainiko du bere lehen saioa hilaren 22an, ostirala, 16:00etan. Bigarrena, berriz, Kafka Clubean eskainiko du egun horretan bertan, 23:00etan.

Amorante eta Hakima Flissi ez dira izango euskal musikaren enbaxadore bakarrak Sevillan. Hamaikagarren edizio honetan, honako hauek daude berretsita: Kokoshca (hilaren 23a, larunbata, 23:30etan Holiday aretoan) eta Belako (hilaren 23a, larunbata, 00:00etan Even aretoa).

‘Basque Music’ standa

Kontzertuez eta jardunaldi profesionalez gain, Monkey Week jaialdiak gune bat eskainiko du enpresen arteko komunikazioa sustatzeko, negozio-ildoak bultzatzeko eta Monkey Brain deituraren bidez musika-sektore independenteko agenteen arteko sinergia sustatzeko. Gune horretan, Basque Music plataformak stand bat jarriko du Euskal Herriko musikari lotutako sektoreei buruzko informazioa eskaintzeko. Azaroaren 22an, osteguna, 14:15etan Fundación SGAE. Espacio Santa Clara gunean ongi etorri koktaila eskainiko du.