BIME PRO, MUSIKAREN INDUSTRIAREN BILGUNE ETORKIZUNARI #INOIZBAINOGERTUAGO AURRE EGITEKO

Aurten ere, BIME PRO egingo da Bilbon; mundu osoko musikaren industriako profesionalak biltzen dira bertan eta, aurten, Covid-19aren ondorioz sektorea geldiarazita dagoen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da. Musikaren industriak urtean 50.000 milioi dolar inguru mugitzen ditu mundu osoan, eta Estatuan BPGaren % 0,5 osatzen du; hori horrela izanda, bereziki zigortutako sektorea izaten ari da eta une garrantzitsu honetan profesionalek #inoizbainogertuago egon behar dute.

Formatu desberdinak, espazio ugari.

Egungo osasun-neurriak direla-eta, aurten topaketa hibridoa izango da, hau da, hitzaldi presentzialak eta online hitzaldiak uztartuko dira urriaren 26an, 27an, 28an eta 29an. Euskalduna jauregia izango da programa presentzialaren egoitza, baina eduki guztia plataforma batetik jarraitzeko aukera ere egongo da; plataforma hori bime.net webgunean dago, gaurtik aurrera erabilgarri. Azken hilabeteetan musikak sorrarazi duen interesari erantzunez, eta ezagutza eta iritziak partekatzeko asmoz, lehen aldiz, jende guztiari, oro har, edukiak doan eskuratzeko aukera ere eskainiko du biltzarrak, aldez aurretik izena emanda. Euskalduna jauregiaz gain, Bilboko espazioen sare zabal batean (jatetxeak, saltokiak, museoak…) ere bilduko dira parte-hartzaileak, eta sektorearen etorkizuna baldintzatuko duten erabakietako asko hartuko diren bilera eta solasaldien lekuko izango dira.

8. edizio honetan programa bikaina izango da: artista ezagunekin batera, profesional handiak ere etorriko dira; profesional horiek jendearentzat, oro har, oso ezagunak ez diren arren, haien jarduna funtsezkoa da musikaren gaur egungo panoraman. Lehendik iragarri genituen izenei nazioartean ospe handia duten beste batzuk gehitu dizkiegu: Jean-Michel Jarre, musika elektronikoaren arloko konpositore ezagun eta produktore frantsesa; Tini Stoessel aktore eta abeslari argentinarra, gaztea den arren ibilbide luzea egin duena Disney etxearentzat Violetta gaztearen papera egin zuenetik gaur egun musika urbanoaren erreferente bihurtu arte; Alexandra Lioutikoff, Universal Music Publishing Group LATAM eta USA Latin enpresako presidentea; James King, European Festivals-en CEOa AEG Presents enpresan eta, besteak beste, BST Hyde Park edo All Points East jaialdien arduraduna; eta Nacho Vegas musikari eta idazlea, Estatuko eta Latinoamerikako gaur egungo kantautore garrantzitsuenetako bat. BIMEk Latinoamerikako industriarekiko konpromisoa berretsi du, Mexiko, Brasil, Argentina, Txile, Kolonbia, Peru eta Venezuelako ordezkaritzekin, eta Atlantikoaren bi ertzen arteko zubi izango da berriro ere AMCS musikaren industriako feria profesionalen topaketa iberoamerikarraren 2. edizioarekin. Ozeanoaren beste aldeko parte-hartzaileak ere izango ditugu: Chucky García, Kolonbiako Rock al Parque jaialdiko programatzaile artistikoa; Itzel González, Mexikoko Vive Latino jaialdi erreferenteko bookerra eta Ocesa entretenimendu-enpresa erraldoiaren partaidea; edo José E. Rodríguez, Peruko Selvámonos jaialdiaren sortzaileetako bat. Eta laster emango ditugu aditzera izen gehiago ere.

Music Supervisors: musika pantailetara iritsi da.

BIME PROren aurtengo edizioan industriaren gaur egungo panoraman garrantzi handia duen ekitaldi bat izango da: Music Supervisoren lehen topaketa. Figura hori nahiko berria da, baina azkenaldian izandako ikus-entzunezkoen gorakada dela-eta, funtsezko bihurtu da musikaren industriaren barruan; dena den, figura ezezagunenetako bat ere bada, baita sektoreko profesionalen artean ere. Topaketa horretan, filmetan, telebistako serieetan, publizitatean edo bideo-jokoetan entzuten dugun musika hautatzen eta lizentziatzen duten adituak ezagutuko ditugu. Panel, tailer eta speedmeeting-en bitartez egingo dugu, aukerez betetako esparru berri horri buruz sakontasunez ikasi ahal izateko. Juanto Tello (La casa de papel, Vis a Vis, El embarcadero…), Omar Tenani (La Peste) eta Lucía Pérez Mozas (Amar es para siempre, El secreto de puente viejo) dira baieztatuta ditugun lehen izenak.

Gaikako aretoak: espazio birtual bat interes-arlo bakoitzerako.

BIME PROren edizio hau profesionalentzako interesekoak diren arlo guztiek espazio bat izan dezaten pentsatuta dago, dela online, dela presentzialki. Ekitaldi presentzialak Euskalduna jauregian egingo dira eta, horiekin batera,

www.bime.net webgunean dagoen online plataforman hainbat areto egongo dira, gai bakoitzak bere espazio birtual propioa izan dezan. Biltzarra Europatik eta Amerikatik jarraituko dutenez, topaketa asko penintsulako arratsaldeko ordutegian izango dira, Latinoamerikako profesionalek ere parte hartzeko aukera izan dezaten; izan ere, aurten ezin izango baitute bidaiatu, baina beren herrialdeetatik parte hartuko dute, plataforman konektatuta.

BIME PRO aretoan topaketak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, askotariko gaiei buruzkoak: “Mujeres: Primera línea de Covid19 (Emakumeak: Covid-19aren lehen lerroan)”, Cristina Morales (Narratibako Sari Nazionala, 2019, “Lectura fácil” lanarengatik) eta Anna Pacheco idazleekin; “Seguridad y Riesgos en la celebración de Espectáculos Públicos, desde la nueva realidad del Covid-19 (Segurtasuna eta arriskuak ikuskizun publikoak egitean, Covid-19aren errealitate berritik”, Ana Alonso, Raúl Valera eta Soco Collado izanik hizlari; “Política y legislación para la inteligencia artificial (Adimen artifizialerako politika eta legeak)”, Barry Scannel eta Patricia Varas partaideekin; “Nuevos retos y oportunidades para los artistas (Erronka eta aukera berriak artistentzat)”, Luis Mendo, Sergio Ramos, Fernando Prados eta Elena Barrosorekin; “Chequeo jurídico para sellos y oficinas 360 (Txekeo juridikoa zigilu eta bulegoetarako 360) ”, Manuel Ángel Lópezekin. Besteak beste, honako gai hauen gainean hausnartzera gonbidatuko gaituzte: kontsumo-ohitura berriak, negozio-eredu berritzaileak, ikus-entzunezko sormena, musika-psikologia… Halaber, espazio horretan ezagutuko dugu Keychange sarea, 12 herrialdetan bazkideak dituen proiektu europarra, musikaren industrian genero-oreka lortzeko lan egiten duena; eta espazio hori izango da Iberoamerikako jaialdien topagune, BIME PRO Fests programazio bereziarekin. Gainera, Covid-19ak musikaren industrian izan duen eragina zorrotz aztertuko dugu, ikuspegi eraikitzaile batetik begiratuta betiere, sektorean izan den urterik konplexuenetako batean.

BIME TECH aretoan teknikariak, zerbitzu-enpresak eta profesionalak bilduko dira, eta tamaina guztietako jaialdietarako soluzioak aurkeztuko dituzte. Solasaldiak eta hitzaldiak aditu onenekin, eta erakustokiak produktu teknologiko abangoardistenekin eta tresna berritzaileekin, lana erraztu eta negozio-aukerak biderkatzeko.

BIME CAMPUS aretoko programa prestakuntzakoa izango da, musikaren industrian lan egin nahi duten ikasle gazteei zuzenduta baina baita karrera birbideratu nahi duten eta sektorean hasi nahi duten profesionalei ere. Programa horri dagokionez, gaur zabaldu da CAMPUS+ deialdia, lau eguneko ikastaldian parte hartzeko aukera ematen duten 18 beketako bat lortzeko.

BIME START UP! aretoa berrikuntzarako eta ekintzailetzarako gunea izango da: teknologia berriak, APPak, bideo-jokoak eta berrikuntza teknologiko eta kontzeptualak musikaren eta kultura-industrien munduan. Inbertitzaileen eta ekintzaileen arteko funtsezko topaketa, sorkuntza-industrietako startup-ak indartzeko. Horretaz gain, Startup Competition lehiaketaren beste edizio bat ere izango da; lehiaketa horretan, ekintzailetza-proiektuek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte nazioarteko adituek osatutako epaimahai baten aurrean.

Gaurtik aurrera eman daiteke izena biltzarrean parte hartzeko, modalitate guztietarako: Sarrera librea jendearentzat, oro har; online sarrera edo online sarrera eta presentziala, profesionalentzat; eta Campus deialdia. Sarrera kopurua mugatua da, eta www.bime.net webgunearen bitartez eros daiteke