Euskal musika klasiko eta garaikideak presentzia izango du Classical:NEXT azokan

Classical:NEXT nazioarteko azoka profesionalak 9. edizioa izango du aurten. Maiatzaren 17tik 20ra burutuko da Alemaniako Hannover hirian.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nazioarteko musikariak, sektoreko profesionalak eta instituzioak biltzen dira Classical:NEXT azokan. Topaketa honen egitaraua lau multzotan banatua dago: showcaseak (sektoreko profesionalei eskainitako emanaldi motzak), konferentziak, proiektuen pitchak (ikus-entzunezko euskarri bidez erosleen aurrean egindako proiektu-aurkezpenak) eta erakustazoka.

Azokaren gunean, Basque.Music. ekimenaren eskuz, Euskal Herriko Musika Bulegoak gune propioa jarri eta musika klasiko eta garaikidea jorratzen duten beste 40 euskal orkestra, abesbatza, talde eta musikariren inguruko informazioa eskainiko du.

Basque.Music. egitasmoa Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Herriko Musika Bulegoak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Euskadiko Soinuak programak kudeatzen dute lankidetzan.