Musika Bulegoa ez da egun batetik bestera mamitu. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Planen inguruan egituratu ziren sektorekako mahaien ondorioetan, lehentasunezko premiatzat jo zen Musikaren Bulegoa sortzea. Gaur egun, Kultura Auzolanean planaren proiektu estrategikoetako bat da.

Halatan, Musika Bulegorako aurreikusi diren jarduera-ardatzen isla praktikoa izan dira azken urteetan ‘Euskadiko Soinuak’ programaren esparruan garatu diren jarduerak. Azken buruan, bulegoak dagoeneko garatzen dituen eta etorkizunean garatuko dituen jardueretako batzuen saiotzat har daitezke.

Euskal Musikari balioa ematera bideratutako hainbat ekintza ere babestu dira: kontzertu didaktikoak, hitzaldiak, master-eskolak, prestakuntza-ikastaroak, proiekzioak eta erakusketak.

Horretaz gain, Etxepare Institutuarekin lankidetzan, ‘Euskadiko Soinuak’ azoka profesionaletan ere izan da, hala nola EXIBen, Viceko Mercat de Musica Vivan, Monkey Weeken, Womexen eta BIMEn.