Kanpo hedapenerako ekintzak 2018

Partekatu

Basque Music, Euskal Herriko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Soinuak programak (Kultura Sustapena – Eusko Jaurlaritza) sustatutako plataforma, Estatuko eta nazioarteko hainbat azokatan eta jaialditan izango da aurten ere. Euskal Herrian egindako musika ezagutarazteko helburuarekin, zenbait ekintza programatu ditu modu koordinatuan.

Diru-laguntzak

Etxepare Euskal Institutuak ireki du dagoeneko musika-biretara ─zuzkidura ekonomikoa 110.000 eurokoa izango da─ eta ezohiko kontzertuetara ─15.000 euro esleituko dira─ bideratutako diru-laguntzetarako deialdia. Diru-laguntzen eskaerak aurkezteko epea ekainaren 4an, astelehenean, amaituko da. Horrekin lotuta, ekainean beste deialdi baterako epea irekiko da, kasu honetan, profesionalek azoketan parte hartu ahal izateko. Eskaerak irailaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Azokak eta jaialdiak

Euskal musika sustatzeko eta hedatzeko ildo berean, azoka eta jaialdi garrantzitsuetan parte hartzea da Basque Music plataformaren lehentasunezko ardatzetako bat. Duela urte batzuk abiarazi genuen bide hori, euskal musikaren esparruko beste sektore batzuekin batera.

Lehen hitzordua maiatzaren 16tik 20ra gauzatu zen, Rotterdamen, Classical Next azokaren azken edizioa hartu duen hirian. Izan ere, hori da Europako azoka garrantzitsuenetako bat, musika klasikoaren eta garaikidearen esparruan. Egun hauetan Bartzelonan egiten ari den Primavera Pro azokan ere badu ordezkaritza Basque Music plataformak.

Hurrengo geldialdia ekainaren 5ean, asteartean, izango da, Atom Rhumba eta Gatibu musika-taldeek Bilboko Kafe Antzokian gauzatuko duten showcase batean. Bizkaiko hiriburuan izango den Live DMA Europako musika-aretoen elkartearen batzar nagusiaren barnean antolatuko da ekitaldia. Kultura Live elkartea da, hain zuzen, batzarraren anfitrioia.

Uda igaro ondoren areagotu egingo dira Basque Music plataformak parte hartuko duen hitzorduen kopurua. Horietako batzuk ezagunak dira dagoeneko euskal profesionalentzat, eta horien egutegietan mantendu dira, horiek duten potentzial handiagatik. Beste batzuk, berriz, 2018. urte honetan gehituko dira.

Joan den urtean bezala, Viceko Mercat de la Música Viva (irailaren 12tik 16ra) izango da Euskal Etxeak Bartzelonan antolatuko duen Euskal Herria Sona jaialdiaren aurkezpen ofizialerako agerlekua. Basque Music plataformak etengabe parte hartu du, azken urte hauetan zehar, Mercat jaialdian, eta oso lotura sendoa eraiki dute. Horregatik, Basque Music plataformak showcase bat antolatu ahal izango du euskal artista edo musika-talde batekin, eta hainbat sektoretako profesional elkartuko dira euskal produktuez osaturiko lunch baten inguruan.

Kataluniatik urrundu gabe eta berritasun gisa, Basque Music plataformak Manresako Fira Mediterrania azokan parte hartuko du (urriaren 4tik 7ra). Arteen diziplinarteko esparru horretan lortutako lankidetzari esker, euskal musikari edo musika-talde batek programazio ofizialaren barnean parte hartu ahal izango du, Basque Arts standa izateaz gain.

BIME pro Bilbon egingo da, urriaren 24tik 26ra. Ezinbesteko beste hitzordu bat, nazioarteko profesionalen eta programatzaileen egutegian. Topaketa horretan abiarazitako lankidetza-eredua errepikatzeko lan egiten ari gara, bi ekintza hauetan oinarrituz: showcase baten antolaketa ─Melenas eta Los Brazos musika-taldeak hautatu zituzten 2017ko ediziorako─; eta euskal profesionalei bideratutako speedmeeting saio baten garapena.

World Music Expo (Womex) munduko musika-profesionalen bilerarik garrantzitsuena dela esan genezake. Euskal herri-musikako erreferentziako artista eta taldeek hasiera-hasieratik parte hartu dute Womexen, eta Basque Music markak stand bat izaten du urtero. Urriaren 24tik 28ra Las Palmas Kanaria Handikoa hirian antolatuko den topaketa horren erronka nagusia showcase bat antolatzea da, eta dagoeneko jarri dira harremanetan antolakuntzarekin.

Azkenik, azaroaren 19tik 25era Monkey Week izango da Sevillan. Niña Coyotek eta Chico Tornadok, Willis Drummondek eta Toothek ‘Basque Music Showcase 2017’ azokan izan zuten harrera ona ikusita, ekimen hori mantentzea eta euskal eragileen presentzia erraztea erabaki dugu.

Aurreko urteetan bezala, eta artistek Viceko Mercat de la Música Viva, Monkey Week eta BIME azoketan parte hartu dezaten, Basque Music plataformak hiru hitzordu horietarako deialdiak argitaratuko ditu hurrengo asteetan, baita BIME pro ekitaldirako profesionalentzako deialdia ere.

Azalpenen bat edo informazio gehiago nahi izanez gero, info@test.nuco.es helbidera idatz diezagukezu.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU