MUSIK/FEM 2018: Emakumea musikaren industrian

Urriaren 3an eta 4an, II MUSIK/FEM jardunaldiak egingo dira. Asmatu, Komunikazioa eta Kultura elkarteak Musika Bulegoaren laguntzarekin sortutako proiektua da. Emakumeak musikaren industrian duen egoeraren berri ematea du helburu, baita gaur egun dagoen desberdintasun-arazoa konpontzen laguntzeko ekimenak sortzea ere.

Bigarren edizioa urriaren 3an, asteazkena, hasiko da, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian, eta lehen jarduera mahai-inguru bat izango da. Hauek izango dira parte-hartzaileak: Almudena Palacios (Keychange, Queremos Entrar, Proyecto Prisma), Cris Lizarraga (Belako), June Calvo (Giza Garapenerako Kulturan doktorea / Deusto Cities-eko ikertzailea) eta Lluís Torrents (Razzmatazz aretoa). Leire Palaciosek gidatuta, gonbidatuek musikaren sektorean bizi izan dituzten egoeretan izandako esperientziak azalduko dizkigute.

Urriaren 4an, osteguna, Agoraphobia taldeak maisu-eskola bat emango du Bilborock aretoan (11:30ean). Taldeko kideek azalduko digute nola hasi ziren, nolakoa den haien sorkuntza-prozesua, eta zer zailtasun dituzten birak antolatzeko. Halaber, ekitaldira hurbiltzen direnek haien musikaz gozatu ahal izango dute, galiziar taldeak zenbait abesti joko baititu zuzenean.