Musika Bulegoak maiatzaren 15etik 18ra Rotterdamen egingo den Classical:NEXT azoka profesionalean parte hartuko du.

Classical:NEXT nazioarteko musika klasikoaren eta musika garaikidearen topaketa garrantzitsuaren zortzigarren edizioa Rotterdamen (Herbehereak) egingo dute. Maiatzaren 15etik 18ra burutuko den azoka profesionalean ganbera-musika garaikidea lantzen duen Trío Zukan hirukote euskaldunak bere aurkezpena egingo du.

Azokan parte hartzeaz gain, hitzaldiak, zuzeneko emanaldiak eta lan bilerak antolatuz nazioarteko musikariak, sektoreko profesionalak eta instituzioak biltzen dira Classical:NEXT-en. 2019ko edizioan landuko diren gaien artean musika klasikoaren transmisioa, teknologia berriei esker sorkuntza bultzatzeko aukerak, sare sozialek eskaintzen dituzten aukerak eta erronkak, etab. landuko dira.

Maiatzaren 17an bestalde Trío Zukanek akordeoiaren, perkusioaren eta txistuaren soinuan oinarritutako Soinuzko Begiradak. Toma 1 diskoa aurkeztuko du Eduard Flipse Zaal aretoan, azokaren Showcase izeneko kontzertu entzutetsuen baitan. Zukanekin batera, Euskal Herriko beste berrogei orkestra, abesbatza, talde eta musikari klasikoen promozioa egingo du Musika Bulegoak azokan izango duen gune propioan.

Classical:NEXT-en parte hartzea 2019ko Euskal Herriko Musika Bulegoak Basque Music ekimenean partekatzen duen kanpo difusio estrategiaren baitan dago, Etxepare Euskal Institutuarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Euskadiko Soinuak programarekin lankidetzan.