MUSIKAGILEAK BERRIRO ERE ISCMren BATZAR NAGUSIAN IZAN DA

2016ko martxoaren 28tik 31ra bitartean, International Society for Contemporary Music-ek (ISCM) bere batzar nagusia egin zuen Tongyeongen. Munduan musika garaikidea sustatzen duen elkarterik zaharrena eta garrantzitsuena da, gaur egun 50 herrialdetako 60 elkarte biltzen baititu. 1922an eratu zenez geroztik, haren helburu nagusia mundu zabaleko herrialdeek musika berriak trukatzea da, eta eginkizun horretarako darabilen tresnarik garrantzitsuena World New Music Days delakoa da. Urtero ospatzen da, ISCMko kideek berek eratutako programarekin.  Hala, astebetez, World Music Days gaur egungo musika-jardunaren aniztasun handiaren erakusleiho bihurtzen da. Aurtengoan Hego Korea izan da herrialde ostalaria, eta programazioaren protagonista nagusia ere bai.

asamblada orokorra
ISCM-ren asanblada orokorraren irudi bat

Musikagileak, Euskal Herriko Musikagileen Elkartea, 2015eko irailaz geroztik da ISCMko bazkidea, eta elkartearen batzar nagusian bigarren aldiz parte hartzeko aukera izan du Hego Korean.  EHMBEren, Euskal Herriko Musika Bulegoaren, eta Etxepare Institutuaren laguntzarekin, elkarteak Mikel Chamizo konpositorea eta zuzendaritza-batzordeko kidea bidali zuen Tongyeongera, Hego Koreako hego-muturrera. Berori aritu zen Musikagileak-en ordezkari gisa Tongyeongeko Musika Jauregian izandako batzarraren lau saioetan era guztietako gaiei buruz hitz egiten: kontu administratibo eta ekonomikoetatik hasi eta ISCMek etorkizunean jarraituko duen ibilbide artistikoraino.

Hainbat gai jorratu ziren, beraz: besteak beste, ISCMko idazkaritza nagusia eta diruzain berriak aukeratu ziren, 2014ko jardueren aurrekontuak onartu ziren, batzorde eragilearen ekintzen berri eman zen, kideen jarduerak azaldu ziren, lantaldeen aurrerapenak errepasatu ziren (horiek finantzaketaz, artxiboez, komunikazioez, webguneaz eta abarrez arduratzen dira), hurrengo urte fiskalerako ikuskatzaileak aukeratu ziren, 2017rako aurrekontua azaldu zen, eta hurrengo World New Music Days jaialdietarako ISCMren ikuspegi artistikoa eztabaidatu zen (Hego Korearen ondoren, 2017an Kanadan, 2018an Txinan eta 2019an Zelanda Berrian egingo da).

mikel_chamizo_ISCM
Mikel Chamizo Euskal Herriko musika-zirkuito klasikoaren inguruan mintzatu zen

Musikagileak-ek Tongyeongen egindako egonaldian bi une nabarmen daitezke: lehenengoa hilaren 30ean, asteazkenean,
izan zen, Chamizok Euskal Herriko musika-bizitzari buruzko ikus-entzunezko aurkezpen trinkoa egin zuenean batzarrean bildutako berrogeita hamar herrialdetako ordezkarien aurrean. Aurkezpenean Euskal Herriko musika-zirkuitu klasikoaren ikuspegi zabala eskaini zuen: kontserbatorioak, auditoriumak, giza baliabideak (orkestrak, abesbatzak)… Estatuko gainerako lurraldeekiko ezaugarri bereizgarriak azpimarratu eta arreta berezia egin zien musika garaikideari lotutako alderdiei: Bernaola edo Musika Hamabostaldia, talde espezializatuak (Ensemble Kuaraia, adibidez)… Unibertsitate eta kontserbatorioekin dituen hitzarmenak ere azaldu zituen Musikagileak-ek, Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoekin dituenak, eta artista ospetsuak erakartzeko egiten dituen ahaleginak, elkarteko kideen musika defendatzeko asmoz.  Musikagileak-en azken Zirkuituaren edukia aurkeztu zuen, baita elkarteak ikasturtean zehar programatu dituen jarduera artistiko eta pedagogikoena ere.

Aurkezpenak harrera ikusgarria izan zuen, ordezkari askok, batez ere Europatik kanpokoek, Euskal Herriko musika-bizitzari buruzko ideia zehatzik ez zutelarik, harrituta gelditu baitziren halako baliabide-aberastasunaren aurrean. Hurrengo orduetan herrialde asko hurbildu ziren euskal ordezkariarengan euren herrialdeen eta Euskal Herriaren arteko elkarlana eta trukeak proposatzera. Frantzia, Hungaria, Argentina, Errusia, Errumania, Estonia, Flandria, Gales eta baita Feroe uharte txikiak ere; Musikagileak-ek etorkizun hurbilean elkarlanean aritzeko asmoa du herrialdeetako horietako batzuekin.

Helga Ariasen interpretazioa
Helga Arias Bilboko konpositorearen “Cellolar synthesis” lanaren interpretazioa

Musikagileak-en bigarren hitzordu garrantzitsua ostegun arratsaldean iritsi zen, 2016ko World Music Days-en Euskal Herria ordezkatzen zuen lana interpretatu zenean. Musikagileak-ek sei proposamen eraman zituen eta horietako bat aukeratu zuen Koreako epaimahaiak: Helga Arias Bilboko konpositore gaztearen “Cellolar synthesis” lana, hain zuzen. Txelorako eta tresna elektronikoetarako pieza ikusgarriaren interpretazio bikaina burutu zuten CREAMA institutuko musikariek —Frantziako IRCAMaren pareko Koreako institutua—. Ariasen lanak iruzkin bikainak jaso zituen, eta Tongyeongera bertaratu zen konpositoreak bere lana zabaltzeko proposamen ugari jaso zituen. Lehenengo emaitza ere gauzatu da dagoeneko, Arisen partituretako bat ISCMren Suitzako sekzioak bultzatutako YouTubeko “Incipitsify” kanal ospetsuan argitaratu baita.

World News Music Days jaialdiaren programazioa Tongyeong International Music Festival-en esparruan integratu zen, eta Ariasen musikaz gain, planeta osoko konpositoreen beste 100 lan ere eskaini ziren. Hala, gaur egungo musikaren aberastasun estilistikoaren eta estetikoaren erakusleiho paregabea bihurtu zen berriro ere. Kontzertu gehienak Hego Koreako musikariek eman zituzten, eta nabarmentzekoa da euren lanaren sendotasuna, are gehiago kontuan hartuta herrialde horrek mendebaldeko musika klasikoarekin duen lotura nahiko berria dela. Astebetean zehar Koreako solista askoren emanaldiak ere entzun ziren, eta guzti-guztiek erakutsi zuten musika garaikidea jotzeko behar diren tekniken ezagutza sakona. Besteak beste aipagarriak izan ziren Incheon City Choir eta Ansan City Choir abesbatza bikainak nahiz Changwon Philharmonic Orchestra eta Gyeonggi Philharmonic Orchestra orkestra nabarmenak. Eta, guztietan ere deigarria izan zen emakumeen pisu ia erabatekoa, hala atriletan nola zuzendariaren tokian.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU