ZUZENEKO ARTEEN BATASUNA COVID-19RI AURRE EGITEKO

Alerta egoeraren bigarren egunean zuzeneko arteak ordezkatzen ditugun elkarteak bideokonferentziaz elkartu gara, hain zuzen ere, EAB, Eskena, ADDE, Artekale, Besteok eta Musika Bulegoa (antzinatasunaren araberako ordena).

Herritar modura bat egiten dugu Covid-19 birusaren ustekabeko pandemiari aurre egiteko ahalegin komunarekin, eta esker ona adierazteko mezu berezia igorri nahi diegu gaixotasunari aurre egiteko borrokaren lehen lerroan dauden pertsonei, gizarte osoaren bizi konstanteei eusteko haien lanbidetik eta lan ezin hobea egiten ari direnei, hain justu ere.

Gure jarduera ez da kultura ekoizpen industrialaren modukoa. Desberdinak dira gure obren sortze eta ekoizpen prozesuak, banaketa, lan harrenanak eta gizarte segurantza erregimena. Enpresa, talde eta sortzaile profesional anitz ugari biltzen ditugu; guztiak zuzeneko arteak pasioz bizi dituztenak. Orotara, 1.600 enpresa inguru gara, batez ere enpresa txiki eta ertainak, eta 4.000 enplegu zuzen baino gehiago biltzen ditugu.

Halaber, profesional garen aldetik, agertokietako jarduna bat-batean eta erabat itzaltzeak eragindako shock mingarria bereziki ari gara pairatzen. Oraindik gainditu ez dugun finantza krisiaren ondorengo ‘hilez hileko’ diruzaintzarekin, krak honek berehala suntsituko ditu soldatak eta bizitzeko moduak (dagoeneko gertatzen ari da).  Epe ertainean gure jarduera eredua nabarmen baldintzatu dezake eta kalte konponezina egin diezaioke koronabirusaren ondorengo zuzeneko arteen ekoizpen sareari.

Horregatik, sektoreko elkarte sinatzaileek publikoki adierazi nahi dugu sektore guztia modu aktiboan elkartzeko konpromisoa dugula. ‘ZUZENEKO ARTEAK RESET ARTES EN VIVO agertokietako jarduna berrabiatzeko mahaia’ sortu dugula jakinarazi nahi dugu. Une honetan, elkarlanean, gure enpresa, konpainia eta profesionalen osotasuna elkarrekin defendatzeko erronka jarri diogu geure buruari, eta krisiaren ondoren jarduna ahal bezain baldintza onenetan bueltatzea.

Hartara, zuzeneko kulturarekin lotutako entitate publiko eta pribatu oro gonbidatu nahi dugu mahai honetan parte hartzera. Bereziki administrazio publikoaren parte hartzea eskatzen dugu, hiru mailetan: Eusko Jaurlaritza, Foru aldundiak eta Udalak. Orain, gaur egun bizi dugun salbuespen egoerak salbuespen izaerako ahalegin eta tresnak eskatzen ditu, eta argi eta garbi baieztatu nahi dugu ezinbestekoa dela aurretik dugun 12-18 hilabeteko aldirako erantzun adostuak, ko-gobernantzakoak, emango dituen plana finkatzea.

Lan komun honen helburu bakarra enplegu eta elkarteen sare guztia ahal bezainbeste zaintzea da, artea gizartean garen neurrian, gure arduretara itzul gaitezen:  existentzia azaltzea eta irudikatzea, eta gure gorputzen bitartez kritikarako, inteligentziarako eta sentsibilitaterako espazioak irekitzea. Eta datozen garaietarako ekarpen erabakigarria: talde izaera berreskuratu, giza harremanak berrezarri eta elkarrekin egoteak sortzen zuen poza berriro bizi.