Bogotako Teatro Mayor antzokiak euskal artisten emanaldiak eskainiko ditu datozen hilabeteetan
Partekatu
Kolonbiako hiriburuko Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiak ‘Ventana Vasca’ (‘Euskal Leihoa’) programa berezia antolatu du, Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin. Egitasmo honen bidez, datozen hilabeteetan euskal sorkuntza deskubritzeko eta Euskal Herrian egindako musika, dantza eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango du Bogotako publikoak hiriburuko antzoki nagusietako baten eskutik.
Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo izen bereko kultur gune eta liburutegi publikoaren parte da, eta 2010ean ireki zituen ateak. Antzokia era guztietako ikuskizunak aurkezteko eraiki zen, eta horrekin batera, lantegiak, klase magistralak eta doako entsegu orokorrak eskaintzen dituzte antzerkia, musika eta dantzako ikasleei zuzenduta. Musika, dantza, antzerkia eta diziplina anitzeko eskaintza zabal eta kalitatezkoa programatzeagatik da ezaguna antzokia, eta bertako oholtzatik London Symphony Orchestra edo Ginebrako Antzoki Nagusiko Balleta bezalako ospe handiko taldeak pasa dira.
Euskal Leihoa Ipar Euskal Herriko Lumi elektro-indie taldearen soinu organikoek irekiko dute otsailaren 19an, larunbata, iluntzeko 8:00etan, Teatro Estudio aretoan. Nahia Zubeldia eta Manu Matthysek osatzen duten bikoteak ahotsak prozesatu eta geruzak gainjartzen ditu sintetizadore, gitarra eta samplerren bidez.Taldearen bigarren lana aurkeztuko dute Bogotan, ‘Bezperen dirdira’. 2016an EP bat plazaratu ostean, 2019an iritsi zen Lumiren lehenbiziko diskoa, ‘Itzal zikinak’ izenekoa, Moï Moï records-en eskutik.
Antzerkia La Dramática Errante konpainiaren eskutik iritsiko da Bogotara. ‘Altsasu’-ren emanaldi bana eskainiko dira apirilaren 1 eta 2an. Maria Goiricelayak idatzi eta zuzendutako antzezlanak 2016ko urriaren 15ean Altsasun gertatutako istiluak eta ondorengo egunetan aferak hartu zuen norabidea ditu ardatz.
Apirilaren 27an Sigma Project-ek Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin batera eskainiko du kontzertua. Andrés Gomis, Ángel Soria, Alberto Chaves eta Josetxo Silguerok saxojoleek 2007an laukote hau sortu zutenetik Europa, Estatu Batuak eta Latinoamerikan barrena kontzertu andana eman dute eta kritikaren txaloak jaso dituzte.
Sigma Project-eko kideek esploratzaile irudimentsu bezala ikusten dute euren burua, laukotearen soinura hurbiltzen diren konpositoreak estimulatzeko gai, benetako soinu-laborategi batean gramatika berriak sortuz. Besteak beste, horregatik, Manuel Hidalgo (Espainia), Simone Movio (Italia), Roberto Sierra (Puerto Rico), Raphael Cendo (Frantzia), Hilda Paredes (Mexiko) eta Liza Lim (Australia) konpositoreen 50 estreinaldi baino gehiago interpretatu ahal izan dituzte.
‘Ventana Vasca’ fokuari Amaia Elizaran dantza konpainiak emango dio amaiera uztailaren 29 eta 30an. ‘Mar’ ikuskizuna taularatuko du Teatro Mayor-en, ozeanoaren etengabeko mugimendua inspirazio iturri duen lana. Konpainiaren laugarren sorkuntza honek -areto batean eskaintzeko egindako lehena- Xabi Zeberioren zuzeneko musika du lagun.
Masterclass saioak
‘Ventana Vasca’-n parte hartuko duten artistek masterclass saioak ere eskainiko dituzte alor ezberdinetako ikasleen artean, eta audientziarekin galdera-erantzunak egingo dituzte. Hala, otsailaren 19an, Lumik klase magistral bat emango soinu ekoizpeneko ikasle, soinu ingeniari, ikerlari eta soinu teknologian interesa dutenei zuzenduta.
Basque. Music. Bime Pro Bogotan
Euskal artisten presentzia Teatro Mayor-en paretetatik haratago iritsiko da, izan ere, aurten, lehenbiziko aldiz Bilbon egiten den BIME Pro musika topaketak Atlantikoa zeharkatuko du. BIME Pro Bogota maiatzaren 4tik 7ra egingo da Basque. Music.-ek – Euskal Herriko musika nazioartekotzeko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten egitasmoa- bertan hartuko du parte Latinoamerika eta Euskadiren arteko zubi artistiko eta profesionalak eraikitzeko helburuarekin. Kolonbiako hiriburua, musika kategorian UNESCOren Hiri Sortzaileen kide izateaz gain, munduko musiken eszenan erreferente nabarmena da.
Halaber, euskal talde edo bakarlari batek nazioarteko programatzaileen aurrean showcase batean aritzeko aukera izango du, Basque. Music.-en eskutik.
Cundinamarca, lehentasunezko eskualdea
Bogota, Kolonbiako hiriburua izateaz gain, Cundinamarca eskualdearen hiriburua ere bada, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi – Basque Country nazioartekotze estrategiak lehentasunezko eskualde bezala azpimarratzen duena. 2017an Eusko Jaurlaritzak eta Cundinamarca Departamentuak elkar aditze memorandum bat sinatu zuten, eta ordutik Euskadiren Aliantza Estrategikoen sarean dago.
Gauzak horrela, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Euskal Leihoak egonkortzeko bokazioa du eta literatura, eta zinemaren mundura zabaldu nahi da. Datozen egunetan Institutuko arduradunek bilerak egingo dituzte Cundinamarca eskualdeko hainbat erakunderekin, baita azpiegitura, jaialdi eta kultur guneekin ere. Besteak beste, Teatro Mayor, Bogotako azpiegitura kulturalen zuzendaritza, FILBo (Bogotako nazioarteko liburu azoka), Bogocine (Bogotako zinemaldia), Bronx Distrito Creativo (sormen industriak sustatzeko auzoa), Fundación Patrimonio Fílmico, Cinemateca de Bogotá, Teatro Colón, eta Cundinamarkako departamentuko kultur zuzendaritzako arduradunekin elkartuko dira.
Partekatu
Hauek ere interesatuko zaizkizu
2024/09/18Berriak,Nazioartekotzea,MB Nazioartekotzea
Euskal Herria, indartsu Mercat de Vic-en
Gaur hasi eta irailaren 21ean amaituko den Mercat de Música Viva de Vic-en 36. edizioan euskal musika presentzia nabarmena izango du. Hainbat ekimenen artean, Gorka Urbizu eta Mikel Azpiroz euskal…
2024/09/02MB Nazioartekotzea,Nazioartekotzea,DeialdiaDeialdia amaitu da
BASQUE. MUSIC. pitch saioa, BIME Bilbao azoka profesionalean
Musika Bulegoak, BASQUE. MUSIC. markaren babesean, Euskal Herriko musikaren profesionalak nazioarteko profesionalen aurrean aurkezteko pitch saio bat antolatuko du 2024ko urriaren 29tik azaroaren…
2024/07/03Nazioartekotzea,DeialdiaDeialdia amaitu da
Musika Bulegoak Vic-en ospatuko den Mercat de Música Viva azoka profesionalean antolatuko dituen Pitch saioetan parte hartzeko deialdia ireki du
Musika Bulegoak, Mercat de Música Viva de Vic-ekin lankidetzan, bere bazkideei zuzendutako pitching saioak antolatuko ditu nazioarteko musika azokaren 36. edizioan. BASQUE. MUSIC.-en markapean…
Isabel Urrutiak Euskal Herria ordezkatuko du ISCM 2024 jaialdian
Ekainaren amaieran Musika Garaikidearen Nazioarteko Elkarteak (ISCM) urtero antolatzen duen World New Music Days jaialdia egingo da berriro. Urtero antolatzen du. ISCMa mundo mailako musika garaidike…
2024/04/08Nazioartekotzea,MB Nazioartekotzea,Berriak
Izaro BIME Bogotan, BASQUE. MUSIC.-en eskutik
BIME Bogota azokaren hurrengo edizioa 2024ko maiatzaren 8tik 11ra egingo da. Izarok BASQUE. MUSIC. plataformak antolatutako showcase-ean parte hartuko du. Musika Industriaren Nazioarteko BIME…