Euskal musikagileen musika Zeelanda Berriko ISCM New World Music Days jaialdian

Pandemiaren ondorioz bi urtez bertan behera geratu ondoren, abuztu honetan berriro ospatuko da ISCM World New Music Days jaialdia, Musika Garaikidearen Nazioarteko Elkarteak (ISCM) urtero antolatzen duena. Nazioarteko elkarte hau, 2022an bere sorreraren mendeurrena ospatzen ari dena, munduko zaharrena da musika klasikoaren esparruan sorkuntza berriaren defentsan eta hedapenean dihardutenen artean. Gaur egun, munduko bazter guztietako 60 kide baino gehiago biltzen ditu bere baitan, gehienak musika garaikidearekin konprometituta dauden erakundeak, zeinek bere herrialdean ISCMaren ordezkari bilakatzen direnak.

Euskal Herrian, ISCMren kidetza Musika Bulegoak eta Musikagileak Euskal Herriko Konpositoreen Elkarteak kudeatzen dute. 2016an ISCMn sartu zirenetik, bi euskal elkarteek elkartrukeak egin dituzte Egipto, Errumania, Errusia, Frantzia edo Suitzarekin, eta World New Music Days urteroko jaialdian parte hartzearen bitartez, Iñaki Estrada, María Eugenia Luc, Isabel Urrutia, Gabriel Erkoreka eta Helga Arias euskal musikagileen musika Hego Korea, Kanada, Txina edo Estonia bezalako herrialdeetan interpretatu da. Musika Bulegoak eta Musikagileak ISCMren barruan garatu duten jarduera berriena Abesbatza Amateurrentzako Nazioarteko Konposizio Lehiaketa izan da, eta haren obra irabazleak urrian estreinatuko dira Tolosako Abesbatza Lehiaketan.

World New Music Days 2022 jaialdia abuztuaren 23tik irailaren 1era egingo da Zeelanda Berriko bi hiritan: Auckland eta Christchurch. Zeelanda Berriko Konpositoreen Elkarteak (CANZ), Ozeano Bareko herrialdean ISCMko Sekzio Nazional gisa diharduenak, 2020ko apirilean izan behar zuen programazio bera errespetatuz antolatu du jaialdia, ekitaldia azken minutuan bertan behera geratu baitzen covid-19aren lehen olatuaren hedapenagatik. Hamar egunetan zehar eta dozenaka kontzertutan zehar, jaialdiak orkestrak, ensemble eta bakarlari profesionalak, talde amateurrak, musika elektronikoa, ikus-entzunezko emanaldiak eta instalazioak hartuko ditu barne. Aldi berean, ISCM jaialdiaren azken zatiarekin batera Asian Composers League (ACL) jaialdia ere ospatuko da. Jaialdi bikoitz honetan aurkeztutako musikak ISCM eta ACLko nazioarteko kide guztien obra berritzaileak bilduko ditu, Zeelanda Berriko musika berriak ezagutzeko aukera anitzarekin batera. Hitzordua, beraz, aukera paregabea izango da, egun gutxitan, munduan zehar garatzen ari diren konposizioaren joera berri guztiak ezagutzeko.

Euskal musika ere entzungo da jaialdian, programazioan parte hartzeko aukeratuak izan diren bi musikagileen eskutik: Mikel Urquiza eta Juanjo Eslava. Zehazki, Urquizaren Cinq pièges bref  lana interpretatuko da, 2019ko Matan Givol Competition for Composers lehiaketan Bigarren Saria lortu zuen biolin, biolontxelo eta pianorako hirukotea. Konpositore bilbotarra Aucklanden izango da, bai entseguetan eta abuztuaren 26an Q Theatre antzokian egingo den lanaren aurkezpean, NZ Trio taldearen eskutik.

Aukeratutako bigarren euskal lana Juanjo Eslava nafar konpositorearen Máscaras da. Zortzi kanaletako sorkuntza elektroakustikoa da, ahotsari aplikatutako maskara identitarioen kontzeptua ikertzen duena, Eslavaren piezan protagonismo handia hartzen duen elementua baita ahotsa. Máscaras-en zuzeneko aurkezpena jaialdiaren lehenengo kontzertuan egingo da, abuztuaren 23an, Aucklandeko Audio Foundation museoan, eta ondoren hilabetez mantenduko da museoan instalazio gisa.

Musika Bulegoa New World Music Days jaialdira joango da euskal musikagileekin batera, eta ISCMren Urteko Batzar Nagusian ere parte hartuko du. Batzar hori jaialdiarekin paraleloan egingo da, eta ISCMk datozen urteetan jarraituko dituen ildoak landuko dira bertan.