MUSIKAGILEAK-EN ORDEZKARITZA BAT LJUBLJANARA JOAN ZEN ISCM-REN BATZAR NAGUSIAN PARTE HARTZERA
Partekatu
2015eko irailaren 26tik urriaren 2ra bitartean, World New Music Days jaialdia izan zen Ljubljanan (Eslovenia). Jaialdi hori International Society for Contemporany Music (ISCM) elkarteak antolatzen du urtero, herrialde anfitrioiarekin elkarlanean. ISCM 1922an sortu zen. Musika garaikidea sustatzeko nazioarteko elkarterik zahar eta garrantzitsuena da. Gaur egun, kontinente guztietako 50 lurraldetako 60 elkarte biltzen ditu. Haren helburu nagusia mundu zabaleko herrialdeek musika berriak trukatzea da, eta eginkizun horretarako darabilen tresnarik garrantzitsuena World New Music Days jaialdia da. Urtero ospatzen da, ISCMko kideek berek eratutako programarekin. Astebetez, World New Musika Days jaialdiak agertoki pribilegiatua dira, gaur egungo musikaren aniztasun ikaragarria erakusteko.
Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak, Musikagileak-ek, ISCMko eskubide osoko kide elkartua izateko eskatu zuen aurreko udaberrian. Eskaera hori ISCMk jaialdiarekin batera egindako Batzar Nagusian onartu zen. Euskal Herriko Musika Bulegoak (EHMBE) lagundurik, Musikagileak-ek ordezkaritza txiki bat bidali zuen Ljubljanara, ISCMn sartzea formalizatzeko eta elkartearen nazioarteko egitura konplexuaren funtzionamendua ezagutzeko. Ramon Lazkano eta Mikel Chamizo konpositoreak, Musikagileak-eko zuzendaritza-batzordeko kideak, Batzar Nagusiaren hiru saioetan izan ziren, Four Points by Sheraton hotelean, irailaren 28tik 30era. Horietan, ISCMk era guztietako kontuak izan zituen eztabaidagai, bai administrazioari eta ekonomiari lotutako gaiak, bai ondoko urteetan haren emanaldiek jarraitu beharreko ibilbide artistikoa.
Musikagileak ISCMn sartzea onartzeko bozketa Batzarraren hasieran egin zuten; izan ere, horren emaitzak eskubidea eman zion euskal elkarteari gainerako saioetan egoteko eta parte hartzeko. Bozketaren aurretik, euskal ordezkariek Musikagileak-en jarduera-eremua aurkeztu zuten, eta elkartearen helburuak eta jarduerak zerrendatu: unibertsitate eta kontserbatorioekin dituen hitzarmenak, Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoekin dituenak, eta artista ospetsuak atxikitzeko egiten dituen ahaleginak, elkarteko kideen musika defendatzeko asmoz. Musikagileak-en azken Zirkuituaren edukia aurkeztu zuten, baita elkarteak ikasturtean zehar programatu dituen jarduera artistiko eta pedagogikoena ere. Era berean, aurkezpenean, Euskal Herriko bizitza musikalaren ezaugarrien berri eman zuten, Espainiar Estatuko gainerako lurraldeekiko bereizgarriak azpimarratuz.
Aurkezpenaren ondoren, Batzarrean zeuden mundu zabaleko berrogeita hamar bat ordezkariek bozkatu zuten, eta aho batez onartu zuten Musikagileak ISCMko kide elkartu gisa sartzea. Horri esker, euskal elkarteak ISCMren ekimen guztietan parte hartu ahal izango du, hainbat alorretan: kontzertu eta jarduera pedagogikoen programazioa, argitalpenak, beste herrialde batzuekin batera proiektuak bultzatzeko diru-laguntzak eta ISCMren webgunerako sarbidea; izan ere, azken hori leiho ezin hobea da Musikagileak-en jarduera mundu zabalean ezagutarazteko. ISCMko kide izanda, gainera, Musikagileak-eko kide baten obra bat interpretatuko da gutxienez World News Music Days jaialdiaren edizio bakoitzean. Hurrengo jaialdia 2016ko martxoan izango da, Tongyeong-en (Hego Korea). Zer obrek osatuko duten programazioa eman zuten ezagutzera egindako azken Batzarrean. Hurrengo jaialdi horri begira, aukeratutako Musikagileak-en lana “Cellolar Synthesis” izenekoa da, Helga Arias bilbotar konpositorearena. Biolontxelo eta elektronikarako sortze-lana da, eta Euskal Herria ordezkatuko du nazioarteko hitzordu ospetsu horretan.
Kide berriei ongietorria egin ondoren, ISCMren Batzar Nagusiak bere jardunari eutsi zion, hiru egunez luzatu zen gai-zerrenda mardulari. Hainbat gai jorratu ziren: besteak beste, 2014ko jardueren aurrekontuak onartu ziren, Batzorde Eragilearen ekintzen berri eman zen, kideen jarduerak azaldu ziren, lantaldeen aurrerapenak errepasatu ziren (finantzaketa, artxibo, komunikazio, webgune eta abarren arduradunak dira), 2013ko aurrekontuen ikuskaritza onartu zen, hurrengo urte fiskalerako ikuskatzaileak aukeratu ziren, 2016rako aurrekontua azaldu zen, eta hurrengo World New Music Days jaialdietarako ISCMren ikuspegi artistikoa eztabaidatu zen (Hego Korearen ondoren, 2017an Kanadan eta 2018an Txinan ospatuko da).
Batzar Nagusian parte hartzeaz gain, Musikagileak-eko ordezkariek Word New Music Days jaialdiko hamar bat kontzertutara joateko aukera izan zuten Ljubljanan emandako hiru egunetan. Kontzertuok hiriko agertoki nagusien artean banatu ziren. Horrela, berrogeita hamar bat obra egin berri entzun ahal izan zituzten, munduko herrialde guztietako modako joera nagusien erakusgarri direnak. Gainera, harremanak egin zituzten jaialdian bildutako nazioarteko konpositore eta agente askorekin. Labur esanda, Musikagileak-en jarduera ezagutarazteko, munduko beste elkarte batzuen dinamika ezagutzeko eta etorkizuneko lankidetzarako lehen urratsak emateko aukera izan zuten. Ordezkari askorekin harremanak egin arren, hurbilpen zehatz itxaropentsuak egin zituzten herrialde jakin batzuekin, hala nola Errusia, Egipto, Kanada eta Suitzarekin.
Partekatu
Hauek ere interesatuko zaizkizu
2024/09/18Nazioartekotzea,MB Nazioartekotzea,Berriak
Euskal Herria, indartsu Mercat de Vic-en
Gaur hasi eta irailaren 21ean amaituko den Mercat de Música Viva de Vic-en 36. edizioan euskal musika presentzia nabarmena izango du. Hainbat ekimenen artean, Gorka Urbizu eta Mikel Azpiroz euskal…
2024/09/09MB Nazioartekotzea,DeialdiaDeialdia amaitu da
Abian da BIME Stereorocks Club hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia
Musika Bulegoak, BASQUE. MUSIC. markarekin, BIMEk eta Stereorocks Club-ak indarrak batu dituzte euskal eszena elektronikoa dinamizatzeko. Egitasmo honen hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia…
2024/09/02Nazioartekotzea,Deialdia,MB NazioartekotzeaDeialdia abian da
BASQUE. MUSIC. pitch saioa, BIME Bilbao azoka profesionalean
Musika Bulegoak, BASQUE. MUSIC. markaren babesean, Euskal Herriko musikaren profesionalak nazioarteko profesionalen aurrean aurkezteko pitch saio bat antolatuko du 2024ko urriaren 29tik azaroaren…
2024/04/08Berriak,Nazioartekotzea,MB Nazioartekotzea
Izaro BIME Bogotan, BASQUE. MUSIC.-en eskutik
BIME Bogota azokaren hurrengo edizioa 2024ko maiatzaren 8tik 11ra egingo da. Izarok BASQUE. MUSIC. plataformak antolatutako showcase-ean parte hartuko du. Musika Industriaren Nazioarteko BIME…
2024/01/16MB Nazioartekotzea,DeialdiaDeialdia amaitu da
MMVV-en 36. edizioan parte hartzeko deialdia ireki dute
Mercat de Música Viva de Vic azoka profesionalaren 36. edizioa irailaren 18tik 21era egingo dute. Proposamenak aurkezteko deialdia irekita dago eta martxoaren 31an amaituko da. Horretarako orrialde…