Musika Bulegoa lankidetzarako proiektu estrategikoa da, eta Euskal Herrian musika-jarduera sustatu eta hobetzea da haren helburua. Kultura-izaerako proiektu da, Euskal Herrian sortutako musika senean daramana, honako helburu nagusi hauekin: sektore- eta zerbitzu-topaleku bat eratzea, Euskal Herriko musikari kalitate-irudia emango dioten marka eta euskarri bat sortzea, eta interes sektorial orokorreko ekintza eta proiektuak garatzeko aukera emango duen tresna bat izatea.

EHMBEk (Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak) sustatzen du Bulegoa.

Hasiera batean behintzat, honako hauek dira Musika Bulegoaren kideak: Kultura Live (Euskal Herriko Areto Pribatuen Elkartea), MIE (Musika Industria Elkartea), Musikari (Euskal Herriko Musikarien Elkartea) eta Musikagileak (Euskal Herriko Musikagileen Elkartea).

Halere, ekimen irekia da, eta poliki-poliki Euskal Herrian musika-jarduerarekin zerikusia duten eragile guztiak biltzea da haren asmoa, baldin eta elkartearen helburuekin bat egiten badute, eta haren egituran eta jardueran parte hartu nahi badute.

Musika Bulegoaren izaera kultural, kolektibo eta irekiari esker, Eusko Jaurlaritzak hasiera-hasieratik hartu du parte, eta, horrela, azken urteotan garaturiko helburuek eta lankidetza-dinamikek jarraipena izango dute.

Musika Bulegoa ez da egun batetik bestera mamitu. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Planen inguruan egituratu ziren sektorekako mahaien ondorioetan, lehentasunezko premiatzat jo zen Musikaren Bulegoa sortzea. Gaur egun, Kultura Auzolanean planaren proiektu estrategikoetako bat da.

Halatan, Musika Bulegorako aurreikusi diren jarduera-ardatzen isla praktikoa izan dira azken urteetan ‘Euskadiko Soinuak’ programaren esparruan garatu diren jarduerak. Azken buruan, bulegoak dagoeneko garatzen dituen eta etorkizunean garatuko dituen jardueretako batzuen saiotzat har daitezke.

Euskal Musikari balioa ematera bideratutako hainbat ekintza ere babestu dira: kontzertu didaktikoak, hitzaldiak, master-eskolak, prestakuntza-ikastaroak, proiekzioak eta erakusketak.

Horretaz gain, Etxepare Institutuarekin lankidetzan, ‘Euskadiko Soinuak’ azoka profesionaletan ere izan da, hala nola EXIBen, Viceko Mercat de Musica Vivan, Monkey Weeken, Womexen eta BIMEn.

Musika Bulegoaren eginkizuna da Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikari (edota Euskal Herrian jaio edo Euskal Herriarekin lotura duten musikariek egindako musikari) balioa ematea eta gizartean duen presentzia handitzea. Gainera, musika horren balio-katean parte hartzen duten eragileen jardueraren balioa handitu ere egin nahi du, lan horren kalitatea eta profesionaltasuna areagotzeko asmoz.

Euskal musikaren esparruan lankidetzarako erreferentziako erakundea izatea, Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musika sustatu eta haren kalitatea hobetzeko asmoz.

Erakundeak euskal musika-sektoreko profesional gehienak biltzen ditu, eta Euskal Herritik kanpo nahiz bertan garatzeko eta sustatzeko baliabideak eta zerbitzuak eskaintzen dizkie.

  • Euskal Herriko musika mota guztiak babestea eta sendotzea, eta arte-kalitatea eta profesionaltasuna handitzeko lan egitea.
  • Musikaren sorkuntza, ekoizpena eta hedapena babestu eta zabaltzea.
  • Euskarazko musika babestea eta zabaltzea.
  • Musika-ikerketa babestea eta zabaltzea.
  • Musikari buruzko ezagutza eta prestakuntza sustatzea, baita harekiko zaletasuna eta sentsibilizazioa ere.
  • Publiko berriak sortzea eta Euskal Herriko musikaren kontsumoa bultzatzea.
  • Sektoreko eragileen jarduera babestea eta indartzea, eta haien jarduera profesionala hobetzeko lan egitea.
  • Sektoreko informazioa, komunikazioa eta koordinazioa babestu eta sendotzea.
  • Musika-sektoreko elkarte-sarea babestea eta indartzea.
  • Elkartean ez dauden musika-sektoreko eragileekiko eta beste kultura-sektore batzuekiko mintzakidetza eta lankidetza bultzatzea eta indartzea.
  • Elkartearen jarduerak eta, oro har, musika-jarduera garatzeko baliabideak handitu eta optimizatzea.

Honako hauek dira Elkartearen jardueraren ardatzak.

  • Koordinazioa eta zerbitzuak.
  • Eztabaida sektoriala.
  • Etengabeko prestakuntza.
  • Publikoak sentsibilizatu eta trebatzea.
  • Promozioa eta zabalkundea.
  • Kanpo-presentzia.