Musika Bulegoa 2020 Sariek ibilbide luzea duten 11 musika talderen, artistaren edo/eta erakunde edo proiekturen lana aintzatetsi dute

Musika Bulegoa Sarien edizio hau COVID-19ak eragindako osasun-krisiak eta sektore honetan izan dituen ondorio gogorrek markatu dute, inolako zalantzarik gabe. Izan ere, martxoaren erdialderako aurreikusita zegoen sari banaketa, gaur arratsaldean egin da, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Hori bai, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak errespetatuz. Antolatzaileek, gainera, mezu argia plazaratu nahi izan dute: kultura segurua da, eta posible da ekitaldi kulturalak eta kontzertuak berme guztiekin egitea. Era berean, babes osoa erakutsi nahi izan die euskal musikaren sektorean inplikatuta dauden eragile guztiei.

Zea Mays, Xabi Aburruzaga, Zukan hirukotea, Pascal Gaigne, Niña Coyote eta chico Tornado, Maite Larburu, Kafe Antzokia, Euskal Barrokesemble, Eresbil, Dupla eta Baloreak izan dira 2020ko edizioko hamaika sarituak. Laugarren edizio honetan saritutakoen profila askotarikoa izan da, baina guztiek dute gauza bat komunean: primerako lana egiten dute. Horixe aitortu zaie gaur arratsaldean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egindako ekitaldian. Saritutako 11 proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bat jaso dituzte.

Ez da lan erraza izan aurtengo epaimahaiarena. Izan ere, 108 proposamen aztertu behar izan dituzte. Proposamen horietatik guztietatik 8 aukeratu ditu zuzenean epaimahaiak. Kafe Antzokiari eman zaion Sari Berezia, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboari eman zaion Ohorezko Saria, Musika Bulegoa Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak eman ditu. Azkenik, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean eman den hirugarren saria, Niña Coyotek eta Chico Tornadok jaso dute. Oso garrantzitsua da nabarmentzea Musika Bulegoa Sari guztiek balio bera dutela, saritutako artista eta talde guztien ekarpena haien artean inolako bereizketarik egin gabe baloratzen delako.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Hala, Ilaski Serranok aurkeztutako ekitaldian, Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorearen doinuekin, Zukan hirukoteak egiten duen lan ezin hobearekin eta Duplaren pop, elektronika eta hip hop estetika uztartzen dituen musika kontzeptualarekin gozatzeko aukera izan dugu.

Musika Bulegoa Sariak Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak sortutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Gasteizko Udalaren laguntza du.

11 sarituei buruzko informazioa eta epaimahaiak horiek saritzeko emandako arrazoiak posta elektroniko honekin batera doan bigarren dokumentuan aurki daitezke.