Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuitua

Musikagileak 1997. urtean eratu zuten, garai guztietako euskal musika sustatzeko helburuarekin. Elkarteak arreta berezia eskaintzen dio gaur egungo sorkuntza-lanari eta baliabideak egileen eskura jartzen ditu euren lana ezagutzera eman dezaten. Duela bederatzi urte, Musikagileak elkarteak Musika Garaikidearen Zirkuitua jarri zuen abian. Ordutik, ekimen garrantzitsu horrek sorkuntza berriko euskal musikaren jaialdia dakarkigu udazkenero. Musikagileak elkarteko idazkari Jon Ansorenarekin hitz egin dugu, hitzordu horretaz eta elkarteak aurrera daraman lanaz.

Musikagileak elkarteak ehun musikagile baino gehiago biltzen ditu. 20 urte dira euskal musika sustatzen hasi zela, betiere egungo sortzaileei arreta berezia eskainita. Euskal musikagileen egoera nolakoa zen garai hartan eta nola aldatu da urte hauetan?

-Musikagileak euskal musikagile gehienen bozeramaile da gaur egun, baina 90eko hamarkadan egoera bestelakoa zen. Izan ere, euskal musikagileek ez zuten inongo egiturarik euren interes komunak, jarduera eta etorkizuna berretsi eta defenditzeko. Zenbait talde, ensemble eta musika-ekitaldi puntualen sorrerak elkartea eratzeko arrazoia azaleratu zuen, eta lehenengo biltzarra egin zen. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren egoitzan izan zen lehen bilkura hura, musikagileak elkartzea eta Elkartea sortzea ekarri zituena.

Hogei urte baino gehiagoz lanean diharduen elkartean, musikari handiak sekulako ahalegina egiten ari dira proiektu garrantzitsuari jarraipena emateko, Zirkuitua, ikastaroak, hitzaldiak, proiektu pedagogikoak, lehiaketak… aurrera ateratzeko. Elkartea etengabe eta poliki-poliki hazten ari da, belaunaldi berrien indarrari eta sorreratik kide diren musikagileei esker. Horrenbestez, elkarte-bizitza, jatorrizko proiektua eta tresnarik berrienak musikagile guztien eskura daude.

-Zein egoeratan dago euskal sorkuntza gaur egun? Osasuntsu al dago?

-Gaur egungo musikagintza oso sendo dago, bai kalitateari erreparatuta eta bai kantitateari dagokionez. Askotariko diziplinetan, hala nola musika sinfonikoan, elektronikoan, koralean, herrikoian… nabarmendu diren musikagileak ditugu gure artean, estatuan eta nazioartean izen handia dutenak. Diziplina guztietan musikagile asko dago lan berriak sortzen. Ildo horretan, azpimarratzekoa da MUSIKENE Goi-mailako Musika Ikastegiak egiten duen prestakuntza-lanaren garrantzia, funtsezkoa baita. Jada jardunean diren musikagileez gain, benetan garrantzitsua da lanean jarraitzea musikagile-belaunaldi berriak sor daitezen, gure herrian dugun musikagintza-panorama oparoa elikatzen segi dezaten. Lan hori ondo baino hobeto egiten ari da Musikene.

-Zeintzuk dira aurrean dituzuen erronka nagusiak?

-Publiko berriak sortzea, pedagogia, dibulgazioa eta jendea egungo musika entzutera hurbilaraztea. Oraindik ere, zaila da jendea musika garaikidera erakartzea. Elkartea lanean ari da publikoa egungo musika entzutera hurbil dadin, eta bide hori jorratzen jarraituko du. Konposizio berriaren ezaugarriak eta dohainak erakutsi behar dizkiogu jendeari, eta balioa eman forma berrien originaltasunari. Gure gaurkotasunean guztia doa aurrera, dena aldatuz doa, eta egungo sorkuntzarekiko interesa sustatu behar dugu.

-Musikagileak elkartearen ekintza finkoetako bat Musika Garaikidearen Zirkuitua da. Irailetik azarora Euskal Herriko hainbat agertoki hartzen ditu eta aurten bederatzigarren edizioa egingo du. Zer nolako bilakaera izan du urteotan zehar?

-Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuitua izeneko jaialdia euskal publikoari bertako musikagileek egindako musika hurbiltzeko xedearekin sortu zen. Hastapenetatik, bazkideen lanari esker, jendeari errepertorio oparo eta askotarikoa hurbilarazten saiatu da Zirkuitua. Jaialdi gisa sendotu da eta musika garaikidearen inguruko ekitaldi nagusietako bat da Euskal Herrian. Jaialdia asko hazi da hasierako edizioetatik hona, kontzertuen eta interpretatzaile gonbidatuen kopurua goraka doa, baita emanaldiak hartzen dituzten areto eta auditorioak, kolaboratzaileak eta erakunde publiko eta pribatuen laguntzak ere. Poliki-poliki eta urteak igaro ahala, Zirkuitua euskal sorkuntza berriaren hedapenerako erreferente sendo bilakatu da. Horri esker, Zirkuitu handiagoa eta hobea lortzeko lanean jarraitu ahal izango dugu.

Bederatzigarren edizio honetako egitarauan zer da azpimarragarria?

-Aniztasuna da, zalantzarik gabe, Zirkuituaren edizio honen ezaugarririk nabarmenena. Jaialdian 37 euskal musikariren 44 obra entzuteko aukera izango da, askotariko interpretatzaileen eskutik, besteak beste, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Alfonso Gomez piano-jotzailea, Zukan hirukotea —akordeoia, txistua eta perkusioa–, Ensemble Sinkro, Cuarteto Bretón, Ganbera Abesbatza, La Pamplonesa musika-banda eta Bertrand Chavarría-Aldrete, bakarkako gitarra-proposamena ekarriko duena.

Hasiera-kontzertua BOSek eskainiko du irailaren 27an, 20:00etan, Bilboko Campos Eliseos antzokian, eta ospakizun oso berezia izango da Musikagileak elkartearentzat. Orkestrarekin batera ospe handiko bakarlariak arituko dira: Iñaki Alberdi (akordeoilaria), Alfonso Gomez (pianista) eta SIGMA Project (saxofoi-laukotea). Luis de Pablok, Ramon Lazkanok eta Felix Ibarrondok bakarlari eta orkestrarako sortu zituzten kontzertuak interpretatuko dituzte, hurrenez hurren. Aukera paregabea eta berezia izango da euskal musikagileek sortutako eta interpretatutako hiru obra entzuteko, bakarlarien eta Bilboko orkestraren eskutik eta Ernest Martinez Izquierdo maisuaren zuzendaritzapean.

Kontzertuez gain, jarduera pedagogikoak eta dibulgazioa xede dutenak egingo dira Musikene Goi-mailako Musika Ikastegian. Zein ikastaro antolatu dituzue aurtengo ediziorako eta nork har dezake parte?

-Musikagileak etengabe ari da prestakuntza-jarduerak antolatzeko lanetan; izan ere, sorreratik beharrezkotzat jo ditu pedagogia eta musikaren eta inguruko osagaien dibulgazioa. Ildo horretan, 2017-2018 ikasturtean Soinua Iratzarri sorkuntza-lantegiaren bigarren edizioa egin dugu. Ekimen horretan, zortzi eta bederatzi urteko gaztetxoek zenbait musikagilerekin egin dute lan musika-proposamen berriak sortze aldera. Zirkuituari dagokionez, bederatzigarren edizio honetan hiru prestakuntza-jarduera izango dira. Pedagogiaren esparruan, Ramon Lazkanok Konposizio Ikastaroa eskainiko du, eta Alfonso Gomezek, berriz, Piano Interpretazio Garaikideari buruzko Masterclassa. Eta batez ere dibulgaziora bideratuta, urriaren 15ean eta 16an Hari-laukoteari buruzko jardunaldiak egingo dira. Ekitaldi horretan, Garat proiektua aurkeztuko dute Jon Bagues Eresbileko zuzendariak eta Itziar Larrinaga eta Isabel Diaz musikologoek, eta elkarrizketa-saioa izango da Cuarteto Bretón laukotearekin.

-Zirkuituaren hurrengo edizioa hamargarrena izango dela kontuan hartuta, modu berezian ospatzeko asmorik ba al duzue?

-Hamargarren Zirkuitua ospakizunerako edizioa izango da elkartearentzat. Harro egoteko modukoa da urtetik urtera hobetuz eta haziz doan ziklo egonkorra sortu izana, erakunde publiko eta pribatuen laguntza eta esker ona dituena. Horregatik, hamargarren edizioan, nazioartean ospe handia duten interpretatzaileak izango ditugula aurreratuko dugu. Gainera, orain arteko bederatzi edizioetan gurekin lan egin duten musikarietako askok ere hartuko dute parte. Oraingoz ezin dugu izenik iragarri, baina nabarmentzekoa izango da itzal handiko interpretatzaileen parte-hartzea.