“Adi Gure Musikari, Adi” kanpaina abian da!

Partekatu

Prestakuntza, sentsibilitate eta estilo desberdinetako musikariek eta konpositoreek euskal musikaren inguruko beren ikuspegia eta lanak azalduko dituzte esparru bakar batean, 2015eko “Adi Gure Musikari, adi” Neguko Kanpainan. Aurten ere, Euskal Herriko Musika Bulegoak sustatutako jarduerez gozatu ahal izango dugu Euskal Herriko zenbait kultura-eremutan, abenduan eta urtarrilean zehar.

Parada honetarako aukeratu diren formatuen aniztasuna oso zabala da. Izan ere, kontzertu didaktikoak, hitzaldi musikatuak, konferentziak, mahai-inguruak, lantegiak eta ekitaldi musikal hezigarriak eta ludikoak sartuko dira kanpaina barruan. Eta hori guztia, mota guztietako publikoentzat.

Abenduan hasi eta urtarrilean zehar, hogeita hamar jarduera inguru programatu dira “gure musikaren kalitatea eta haren aniztasuna erakusteko helburuarekin”, Musika Bulegotik bertatik adierazi duten moduan.

Programa gaur abiaraziko da Arriaga Musika Kontserbatorioan, Bilbon, Gin Tonic Jazz Taldearekin. 18:30ean izango da, eta “Musika Modernoa Lantzen” izenburupean, musika ezagun batetik abiatuta, pixkanaka, aldaketak egiten joango dira, bertaratuak sormen-prozesutik sortzen den musika-lanaz jabetzeko. Hori guztia oso modu dibertigarrian eta zuzenean egingo dute, musika-tresna bakoitzaren estiloa, inprobisazioa eta eginkizuna jorratuz.

Abenduaren 11n, Gin Tonic Taldeak beste kontzertu didaktiko bat eskainiko, Bilboko Udal Musika Eskolan, 18:00etan.

Bestalde, Aitor Olea organo-jotzaileak errezital didaktikoa eskainiko du bihar, abenduaren 4an, Arrasateko San Juan Bautista parrokian, Estanislao Sudupe Osinalde jaio zeneko mendeurrenean, hark egindako organorako lana gogoratzeko.

Astebete beranduago, abenduaren 11n, Yon Pietrik jardungo du Arrasaten, eta organo-musikak Gabon-kantetan duen eragina aztertuko du.

 

Txalaparta

Urte berria hastearekin batera, Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta Iruñeko La Única Elkartean arituko dira urtarrilaren 4an, “Baga Biga Higa” hitzaldi musikatuarekin. Euskarazko musikaren historiari buruzko ikuspegia, 60ko hamarkadatik gaur egunera artekoa, aztertuko dute. Gero, Tafalla, Lekorne eta Gurruñara joango dira.

Txalapartak leku nabarmena izango du kanpaina honetan. Juan Mari Beltrán Tríok kontzertu didaktikoa eskainiko du musika-tresna horrekin. Urtarrilaren 14an Donostiako Casares Kultur Etxean izango dira, eta urtarrilaren 21ean, Sopelan.

Euskal Herriko rock musikaren historiak ere izango du bere lekua Neguko Kanpainaren programazioan. Horren inguruan hitz egingo dute Aretxabaletan eta Arrasaten, besteak beste, Pello Reparazek (Vendetta) eta Ritxi Aizpuruk. Lapuebla de Labarcan Ritxi Aizpuruk parte hartuko du Fran Uriasekin (Hesian), eta Basaurin, aldiz, Zuriñe Hidalgo izango du lagun

Proposamen horiekin batera, Euskal Musika Laborategia hitzaldiak egingo dira Jagoba Astiazaran, Joana Ortega eta Sebastián Ustarrozekin, eta Entzun! aldizkariak antolatutako hitzaldik egingo dira, Aho Bete Doinu liburuaren edizio berriarekin lotuta, honako izenburu honekin:Aho bete doinu: Euskal musikagintzari buruzko hausnarketa solasaldia”.

Kanpaina osatzeko, txalaparta jotzen ikasteko lantegi ludiko bat egingo da Practice Your Music Live taldearen eskutik, baita muturreko metalaren II. Jardunaldiak ere Gasteizen. Gainera, Eresbilek, Oarsoaldeako zenbait eragilerekin batera, musika eta zinema konbinatuko ditu, Euskal Rock & Film Jaialdian. Gainera, sortu berri diren edo profesionalizazio-bidean dauden bandentzako prestakuntza-lantegiak egingo dira Gasteizen.

Programazio osoa deskargatu

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU