Musika Bulegoko lehendakari berria den Myriam Mirandari elkarrizketa
Partekatu
“Gure ekintza-ildoak hobetu eta horietan sakontzeko ahaleginari eutsi behar diogu”
Myriam Miranda da EHMBE Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko lehendakari berria. Duela bi urte ekin zion elkarteak bere ibilbideari, euskal musika-jarduera indartzeko xedearekin. Ordutik, “egindako proiektuek izan duten harrera ona” nabarmendu du, baina aldi berean onartzen du “gure ekintza-ildoak hobetu eta horietan sakontzeko ahaleginari eutsi” egin behar diotela. Zuzendaritza-batzorde berriaren lehentasuna “bazkide guztiekin, oraindik bazkide ez direnekin eta Euskal Herriko erakunde guztiekin komunikazio-bide zuzena izatea” da. Bere nahia, “musika-sektore osoak bere burua islatuta ikustea egiten dugun horretan”.
– Zer nolako balantzea egiten duzu EHMBE Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak lanean daramatzan bi urte hauen inguruan?
Balantze ona egiten dugu. Lehen bi urte hauetan konturatzen ari gara proiektuak aurrera begira aukera handiak dituela eta beharrezkoa dela. Sektorean finkatzeko etapan gaude oraindik, baina bi urteotan gai izan gara musikaren sektorearentzako onuragarriak diren jarduerak aurrera eramateko, beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko eta jarritako helburuak betetzeko. Halaber, denbora hori baliatzen ari gara hausnarketa egiteko, autokritika egiteko eta gure ekintza-ildoak hobetu eta horietan sakontzeko ahaleginari eusteko.
– Bi urteotako lanean, gainera, musika-sektorearen zati batek MB eta bere jarduerak nola ikusten dituen jakin ahal izan duzue, besteak beste. Zer adierazi dizuete?
Argi dugu sektorearen ahotsa, beharrak eta oharrak entzutea lehentasunezkoa dela Musika Bulegoarentzat, denok gara Musika Bulegoa. Egin ditugun proiektuetan harrera ona izan dugu eta, orokorrean, esango nuke sektoreak izan zitzakeen aurreikuspenak betetzen ari garela. Nolanahi ere, badakigu lanean jarraitu behar dugula, izan ere, proiektu hau iraunkorra baita, bateratzailea, eta etengabeko zerbitzua izateko bokazioa duela.
– Datozen hilabeteetara begira, zeintzuk dira zuzendaritza-batzorde berriaren lehentasunak?
Lehentasunen artean dugu komunikazioa hobetzea, bai barnekoa bai kanpokoa. Jakin badakigu edozein egitasmo aurrera eramateko beharrezkoa dela komunikazio-zubi sendoak eta arinak sortu eta zaintzea, eta ahalegin handiagoa egingo dugu esparru horiek hobetzeko. Bazkide guztiekin, oraindik bazkide ez direnekin eta Euskal Herriko erakunde guztiekin komunikazio-bide zuzena eta irekia izatea lortu nahi dugu.
– Bere eremu geografikoaren barruan, zeintzuk dira Musika Bulegoaren erronkak?
Gure erronka nagusia Euskal Herriko Musika Bulego Elkartea elkarte gisa sendotzea izan beharko litzateke, geure burua ezagutzera ematen jarraitzea, lanean segitzea eta Euskal Herriko musika-sektore osoak egiten dugun horretan bere burua islatuta ikustea; prestakuntza-ekintzei, sektorea azaleratzeari, kanpoan zabaltzeari eta abarri buruzko jarduera guztiak eta horietako bakoitza hobetzea.
– Iazko lorpen nagusietako bat Musika Bulegoa Sarien I. edizioa egitea izan zen. Nola bizi izan zenuen esperientzia eta zer ekarri du Euskal Herriko musika-panoramara?
Beharrezkoa zen lehen pausoa eman genuela uste dut, nahiz eta arriskutsua izan. Sariak aspalditik dira eztabaidagai sektorean, urteetan aritu gara horien alderdi onak eta txarrak aztertzen. Musika Bulegoa jauzia egitearen alde zegoen eta dago, eta Musika Bulegoa Sarien lehen edizioa antolatu genuen. Ahalegin handiarekin, ekitaldi duin eta apala egitea lortu genuelakoan nago, asmo handirik gabe, Euskal Herrian dagoen musika-kalitatea aintzat hartu eta balioesteko helburu bakarrarekin. Gauza batzuetan asmatu genuen, akatsak ere izan ziren, edozein proiektu berritan gertatzen den moduan, baina ez da harritzekoa egitasmoaren tamaina kontuan hartuta. Esperientzia horretatik asko ikasi dugu, eta argi dago hobetu beharreko alderdi asko daudela, baina musikarien eta bestelako jendearen aldetik jaso dugun iritzia ona da, orokorrean. Erabakia oso egokia izan zela uste dut, eta musikari askok, bereziki, eskertu egin dute sariketa azkenean abian jarri izana.
– Zer ekarriko digu bigarren edizioak?
Musika Bulegoa Sarien bigarren edizioa lehenengoaren ildotik joango da. Kategoriarik gabeko sariketa izango da, kalitateari erreparatuko dio eta Euskal Herriko musika-proposamenak nabarmendu eta balioestea izango du helburu bakartzat. Aldaketaren bat egongo da, izan ere, sariren bat gehiago jartzeko lanean ari gara eta sektoretik iristen ari zaizkigun ekarpenak kontuan hartzen saiatuko gara.
– Basque Music markaren bidez euskal musika kanpoan zabaltzeko planean, EHMBE Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak lankide ditu Etxepare Institutua eta Euskadiko Soinuak programa (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak sustatutakoa). Zer lortu duzue orain arte eta zer azpimarratuko zenuke elkarlan horretatik?
Kanpo-hedapenaren esparrua orain arte nolabait atomizatuta egon dela iruditzen zaigu, eragileen aldetik ez zegoela estrategia komun bat, eta Euskal Herriko musikaren eta sektorearen presentziak ez zuela ildo bateraturik. Musika Bulegoa Etxepare Institutuarekin eta Euskadiko Soinuak ekimenarekin batera ari da lanean estrategia komuna sortzeko, azoketan eta zirkuituetan kalitatezko baldintzak bermatzeko. 2016an lankidetza-hitzarmena sinatu genuen hiru erakundeok, eta hori dugu gaur egungo lan-ildoa, aurrera begira jarraituko duguna.
– Zer esango zenieke Musika Bulegoa oraindik ezagutzen ez duten sektoreko eragileei?
Gurekin harremanetan jartzeko esango nieke, bil gaitezen eta ikus dezagun zer egin dezakegun batera eta zein proiektu parteka dezakegun. Musika Bulegoa garen aldetik haien alde zer egin dezakegun jakin nahiko genuke, haien ustez zer dagoen oraindik egiteko. Horrela, ahal den neurrian, proiektua guztion beharren arabera egokituz joan gaitezke. Azken finean, Musika Bulegoa sektore osoaren erakusgarri izateko ari da lanean.
Partekatu
Hauek ere interesatuko zaizkizu
Errotik dokumentalak Hondarribiko Amua Festival jaialdian parte hartuko du
Errotik dokumentala, Musika Bulegoak sustatua, Hondarribiko Amua Festibalaren laugarren edizioan parte hartzeko aukeratua izan da, 2024ko azaroaren 14tik 16ra. Iñigo Kintanak zuzendutako proiektu…
“Klubaren Espektroa” jardunaldia: Kultur guneen inpaktuari eta balioei buruzko hausnarketa
Musika Bulegoak eta Kultura Livek Klubaren Espektroa antolatu dute, klub eta kolektiboen ekitaldi eta espazioak moldatzen dituzten balio, egitura eta baliabideetan sakontzera gonbidatzen duen…
2024/10/28MB Sorkuntzan,Berriak,DeialdiaDeialdia amaitu da
REACH proiektuaren egonaldi artistikorako deialdia ireki da
REACH proiektuak, Erasmus+ programaren barruan, Biarritzeko Atabal aretoan 2025eko urtarrilaren 6tik 10era egingo den egonaldi artistikoan musikari gazteek parte hartzeko deialdia ireki du. Programa…
Musikarien egile-eskubideen kudeaketari buruzko online ikastaro praktikoa
Euskadiko SGAE Fundazioak, Lurralde Kontseiluaren bitartez eta Musika Bulegoarekin lankidetzan, egile eskubideei buruzko online ikastaro praktiko bat antolatu du. Formakuntza azaroaren 27an izango…
[Lotura] kolektiboa BIME x Stereorocks Club-erako hautatua
[Lotura] izan da BIME x Stereorocks ekimenaren edizio berrian parte hartzeko hautatua izan den kolektiboa. Ekimen horren helburua Euskal Herriko klub eszena ikusaraztea eta balioan jartzea da, eta…