Kultura Live elkarteko koordinatzaile Arkaitz Villarri elkarrizketa
Partekatu
Kultura Livek, zuzeneko musika eskaintzen duten Euskal Herriko areto pribatuen elkarteak, hamar urte bete ditu 2018an. Arkaitz Villar koordinatzaileak 10 urteko lanaren balantzea egin du elkarrizketan, eta sektorearen orainaz eta etorkizuneko erronkez mintzatu da. Live DMAk —Europako aretoen elkarteak— ekainaren 4tik 6ra Bilbon egingo du Batzar Nagusia, eta Kultura Live buru-belarri ari da ekitaldia antolatzeko lanetan.
–Kultura Livek 10 urte bete ditu. Zer nolako balantzea egiten du elkarteak?
Egia esan, oso ona. Zuzeneko musika eskaintzen duten Euskal Herriko aretoen sareak izan dituen beharrei erantzun die urte hauetan zehar. Sortu eta gauzatzen joan diren proiektu guztiak ikusi besterik ez dago. EHMBE finkatzea eta gure elkartea Live DMAn sartzea oso lagungarri izan dira.
–Nolakoa izan zen hasiera? Zaila izaten da proiektu komun baten inguruan indarrak batzea.
Hasieran eta baita ondoren ere, elkartearen garapenean, lehendakariek eta koordinatzaileek lan handia egin dutela uste dut. Gaur egun Kultura Livek Euskal Herriko kontzertu-areto pribatu gehienak ordezkatzen ditu, eta hori hamar urteotan egindako lanaren emaitza da. Denetariko uneak izan dira.
–Gizartean kultur eragile gisa kontuan hartuak zaretela sentitzen al duzue?
Baietz uste dut. Bai publikoak, bai musika-taldeek eta gure aretoetan aritzen diren artistek gure lana estimatzen dute, guk haiena bezala. Aipagarria da, besteak beste, Dabadaba aretoaren kasua, lau urte besterik ez dituen arren Donostiako panorama irauli baitu; edo Kafe Antzokia, Bilboko kultur eskaintzan itzal handikoa dena. Sekulako eragina izan dute, adibidez, Zentral aretoak Iruñean, San Agustinek Azpeitian eta Atabalek Miarritzen; azpimarragarria da Hell Doradok egiten duen lana rockaren esparruan, eta Bilbaína Jazz Cluben lana jazzaren munduan. Ezin ditugu ahaztu gainerako aretoak: Irungo Tunk berreskuratua, Doka ospetsua, Bukowski aretoak gordetzen duen historiaren oihartzuna. Herrietan ere bestelako aukerak eskaintzen dituztenak: Bermeoko Kafe Antzokia, Plateruena eta Beikozini. Totem eta gisako historikoak eta bazkide berriak, Indara eta Baionako Le Magneto, kasu. Eta ezin aipatu gabe utzi Santana 27 / Fever aretoak eskain ditzakeen aukerak.
–Zeintzuk dira zuzeneko musika eskaintzen duten Euskal Herriko areto pribatuen erronka nagusiak?
Gaur egun, adingabekoek kontzertuetan parte hartzea ahalbidetzen duen legerik ez dugu. Erronka nagusia hori dela uste dut. Erakundeek prozesua bizkortu behar dute, urteak daramatza ez aurrera ez atzera, eta Kultura Live elkartetik aspalditik ari gara hori eskatzen. Zaila da egoeraren zergatia ulertzea.
–Erakundeen babesa duzuela sentitzen al duzue?
Kontzertu-aretoek egiten duten lanak ez du onarpen instituzionalik. Inguruaren kultur dinamizatzaileak dira, baita gizarte- eta ekonomia-dinamizatzaileak ere. Eta hori ez da kontuan hartzen. Badirudi erakundeek orain musika-jaialdien aldeko apustua egiten dutela batez ere, baina guk urte osoan egiten dugu lan. Arreta gehiago eskaini beharko ligukete.
–Zein da areto pribatuen etorkizuna?
Azpiegitura oso onak ditugula deritzot, eta horri esker gaur egungo kontzertu-programazio apartaz gozatzen jarraituko dugulakoan nago. Baina erakundeen aldetik babes handiagoa behar dugu.
–Europako kontzertu-aretoak eta musika-jaialdiak biltzen dituen Live DMA elkarteak Batzar Nagusia egingo du Bilbon ekainaren 4tik 5era, eta Kultura Live ari da ekitaldia antolatzen. Nola sortu zen elkartea eta zein helburu ditu?
Live DMA Europako kontzertu-aretoen sarea sortzeko asmoarekin eratu zen, eta sektorea profesionalizatzea, erakundeen onarpena lortzea eta kultura-ehuna sortzea ditu helburu, besteak beste.
–Zer gai aztertuko dituzue batzarrean? Nabarmentzekoa den konturen bat?
Agenda betea izango dugu, eta, funtsean, elkarteak etorkizunean garatuko dituen proiektuei buruz hitz egingo dugu. Gainera, elkarte bakoitzaren egoera ikusiko dugu eta zuzeneko musikaren arloari dagozkion alderdi batzuk eztabaidatuko ditugu.
–Zein da Kultura Liveren egitekoa Live DMAren barruan?
Eragile aktiboa gara Live DMAren barruan. Elkartearen erabakietan parte hartzen dugu, Euskal Herriak dituen aukeren eta arazoen berri ematen dugu Europan, eta, gainera, Live Style Europe eta beste proiektu batzuetako partaide gara. Proiektu horri esker, Donostiako Dabadaba eta Azpeitiko San Agustin aretoek Europako hiri batzuetan egin dituzten lan-mahaietan hartu dute parte, beste herrialde batzuetako aretoekin esperientziak elkartrukatzen. Era berean, Durangoko Plateruenak Stamp Project mintegian hartu zuen parte Zipren, 2016an.
–Ekainaren 5ean, asteartez, euskal musika kanpora zabaltzeko Basque Music plataformak antolatuta, showcase gaua egingo da Kafe Antzokian. Aukera egokia izango da batzarrera etorritako ordezkariek Euskal Herrian egiten den lana ezagutu dezaten.
Bai, hala da. Basque Music lan handia egiten ari da Euskal Herriko musika kanpora zabaltzeko, eta aukera ona izango da Europako agenteei bertoko bi proposamen indartsu ezagutzera emateko, Gatibu eta Atom Rhumba. Erakustaldi horri esker biraren bat egiteko aukera sortuko zaiela espero dugu.
Partekatu
Hauek ere interesatuko zaizkizu
Marban taldeak Bilbon eta Gasteizen kontzertu bana eskainiko ditu Villa Sound Bilbao Musika Bulegoa 2023 sariari esker
Marban post-punk taldeak irabazi du Musika Bulegoa 2023 saria, VillaSound Bilbao proiektuaren barruan. Horri esker, saritutako taldeak Kultura Liveko bazkide den aretoren batean jotzeko aukera du.…
‘Artistaren Estatutua Ezartzeko Erronkak’ mahai-ingurua BIMEn
Musika Bulegoak, Musikari Elkartearekin lankidetzan, ‘Artistaren Estatutua ezartzeko erronkak ‘ mahai ingurua antolatuko du BIME azokaren programazio profesionalaren barruan. Topaketa, urriaren 27an…
Open Conference CCIs and Innovation CONTRAST eta ECIS23 bilbon
BDCC-k Urriaren 25an eta 26an Bilbon ospatuko den "Open Conference CCIs and Innovation CONTRAST" hitzaldi irekira gonbidatzen zaitu. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak…
Musika Bulegoak “ONDAREA SARETZEN” topaketan hartuko du parte
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 'Ondarea Saretzen' topaketa antolatu du, kultur-eragile eta interes-taldeen artean lankidetza sustatzeko asmoz. Musika Bulegoak bertan hartuko du…
BDCC OSTEGUNAK: Branding-a
BDCC OSTEGUNAKen edizio berri bat ospatuko du BDCC-k Brandinari buruz hurrengo irailaren 28an, Getxo Sormen Hub-en, Algortako Urgull Zentroan kokatuta dagoen proiektuetarako eta enpresentzako…