ELENA SETIENi elkarrizketa, Musika Bulegoa saria 2017 “Lana aintzatesteak lanean jarraitzera bultzatzen du beti”.

Partekatu

2017an Musika Bulegoa saria jaso zenuen. Zer ekarri du zuretzat horrelako sari bat jasotzeak?

Lehenik eta behin, ilusio handia egin zidan. Nire aita harro sentitu zen eta, gainera, saria emateko ekitaldia Donostian izan zen eta berak ekitaldira etortzeko aukera izan zuen. Zuzenean entzun ninduen azken aldia izan zen. Hilabete gutxira bat-batean hil zen. Beraz, saria eta zeremonia oso era berezian gogoratzen ditut. Gainera, lana aintzatesteak lanean jarraitzera bultzatzen du beti.

Garai latzak bizi izan ditugu azken bi urte hauetan. Nola egin duzu lan pandemia garaian? Zailtasun handiak izan dituzu zure sorkuntzak garatzeko?

Hasieran, guztiok ia maila orokorrean konfinatzeak sortutako harridura eta gainera erori zitzaigun pisua sormenerako “zapalgailu” moduko zerbait izan ziren niretzat. Argia itzali zitzaidan, sormenean geldialdia izan nuen. Pixkanaka-pixkanaka, berriro ekin nion, eta “Unfamiliar Minds” diskoa atera berri dut. Lehenengo kantuaren izenburua 2020 da, eta disko osoa bizi genuen/dugun egoera horri ematen diodan nolabaiteko erantzun artistikoa da.

Nola definituko zenuke zure burua artista gisa?

Erantzunei buruz ari garela, niretzat sortzea ni nagoen uneari erantzutea da. Horregatik, zaila egiten zait nire burua artista gisa definitzea edo estilo etiketa espezifiko bat jartzea. Aldaketak eta bultzadak nahiko ondo definitzen nautela uste dut.

Nazioartean aritu zara lanean. Kanpoan lan egiteak artista bat aberasten duela uste al duzu? Zer ikasi duzu egon zaren lekuetan?

Bai, uste dut aberasgarria dela. Ez bakarrik maila artistikoan, baita garapen pertsonalean ere, bizitza ikusteko edo sentitzeko beste modu batzuk ulertzeari dagokionez. Liluragarria da leku desberdinetako eszena artistikoak arautzen dituzten mekanismoak ulertzea, bakoitza ezberdina, baina aldi berean ezaguna. “Arrakastaren” ideia erlatibizatzen ere laguntzen du. Azkenean, arrakasta, gure buruari ondo sentiarazten gaituena egiten uztea da, gustatzen zaigun horretan orduak ematea, gure lana nola edo zenbat estimatzen den alde batera utzita.

Zer duzu esku artean 2022rako?

Nire lan berria orain gutxi kaleratu da eta Euskal Herrian eta Espainian aurkeztuko dut. Bitartean, konposatzen eta sormenerako energia zaintzen jarraitzen dut. Sasoian jarraitu behar da!

 

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU