Euskal Rock & Film Jaialdiaren lehen edizioa hartuko du Errenteriak

Partekatu

“Adi Gure Musikari, adi” neguko kanpainak hitzordu garrantzitsua izango du datorren ostegunetik, urtarrilaren 21etik, aurrera, Euskal Rock & Film Jaialdiaren I. edizioaren eskutik. Eresbilek antolatu du ekimena eta Errenteriako Niessen zineman egongo da ikusteko aukera.

Euskal Herrian egindako musikari eskainitako ziklo horrek hiru dokumental aurkeztuko ditu. Hiru dokumentalotan gai bana jorratu da, baina betiere musikaren esparruan: Kampsa, 20 urteko ametsak eta obra-hondakinak, EMAROCK eta Vinyland. Proiekzioetako batzuetan, hala nola Vinylanden, dokumentalaren protagonistak eta zuzendariak egongo dira bertan.

Aurretiaz, asteazkenean, urtarrilaren 20an, Irungo Txingudi ikastolako ikasleek aurrez aurre ezagutuko dute “Practice your music live Txalaparta” proiektua, euskal musika teknologia berrien bidez hurbilarazteko modu berritzailea. Prestakuntza- eta jolas-jarduera bat da, Practice Your Music (PYM), musika-tresnekin praktikatzeko softwarea, oinarritzat duena. Jarduera dinamizatzeko, software horri bozgorailuak, telebista pantaila bat, nahasketa-mahai txiki bat, txalaparta bat praktikatzeko eta musikari profesionalak gehituko dizkiote.

Urtarrilaren 21ean, ostegunean, Sopelako Kurtzio Kultur Etxera iritsiko da ‘Euskal herri musika eta soinu tresnak’  emanaldia. Juan Mari Beltran etnomusikologoak kontzertu didaktikoa eskainiko du, herri-musikak berezkoak dituen soinu, kanta, melodia, dantza eta tresna akustikoen bidez euskal musika ezagutarazteko asmoz.

‘Baga, biga, higa’ proiektua, berriz, Iparraldean izango da Mikel Markezen eta Eñaut Elorrietaren eskutik. Kontzertu multimedia eta interaktibo horrek euskaraz kantatutako musikaren historiaren ibilbidea egiten du, hirurogeiko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte, euskal kultura nabarmendu eta haren transmisioa sustatzeko asmoz. Hitzordu bikoitza izango da: bata Lekorneko Baigura Ikastolan eta bestea Urruñako Itsasmendi zineman.

Azkenik, Pello Reparazek (Vendetta) eta Ritxi Aizpuruk hitzaldi musikatua eskainiko dute Lapuebla de Labarcako Assa Ikastolan, Euskal Herriko rock musikaren historiaren zati bat ezagutzera emateko. Hitzaldi horiek 1960tik aurrera ekoizturiko musika izango dute ardatz, nahiz eta gure herriaren kultura musikala ere aztertuko den, altxor paregabea baita hori.

Kanpainak Euskal Herriko musikaren kalitatea eta dibertsitatea ezagutzera eman nahi du, hainbat formaturen bitartez. Kontzertu didaktikoak, solasaldi musikatuak, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak, hezteko eta jolasteko musika-jarduerak. Eta hori guztia, mota guztietako publikoentzat. Orotariko sentsibilitateak eta estiloak lantzen dituzten musikari eta konpositoreak bildu dira urtebetez euskal musikari buruz duten ikuspegia eta euren lanak erakusteko asmoz, 2015eko “Adi Gure Musikari, adi” Neguko Kanpainan. Aurten ere, Euskal Herriko Musika Bulegoak sustatutako jarduerez gozatu ahal izango dugu Euskal Herriko zenbait kultura-eremutan, abenduan eta urtarrilean zehar.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU