Kontzertu didaktikoa eta muturreko metala “Adi Gure Musikari, adi” Kanpainaren agendan

Partekatu

“Adi Gure Musikari, adi” Neguko Kanpainak hainbat jarduera aurkeztuko ditu datozen egunotan. Lehenengoa bihar, osteguna, urtarrilak 14, Donostiako Casares Kultur Etxean (19:00etan) izango da, “Euskal herri musika eta soinu tresnak” izenburupean. Juan Mari Beltran etnomusikologoaren eskutik, kontzertu didaktiko horren helburua euskal musika ezagutaraztea da, herri-musikak berezkoak dituen soinu, kanta, melodia, dantza eta tresna akustikoen bidez.

Bigarren hitzordua Gasteizen izango da, ostegun horretan bertan, Muturreko Metalaren II. Jardunaldiekin. Aurtengo edizioan, generoa inguratzen eta bultzatzen duten esparru estetiko, filosofiko eta etikoetan sakondu nahi dute antolatzaileek:  existentzialismoarekiko eta nihilismoarekiko atxikimendutik hasita, musika-industriaren konbentzionalismoarekiko gaitzespeneraino, baita, azkenik, beste arte-adierazpide batzuekiko loturak ere, hain zuzen ere historian zehar gizakiaren eta gizartearen alderdirik ilunena erakutsi dutenekiko.

Ostegunean, hilak 14; 20:00etan: Evil Ways argazki-erakusketaren inaugurazioa, Sergio Martínen eskutik, Herre 74 tabernan.

Ostiralean, hilak 15, 20:00etan: Mikel Gonzálezen (Cosmic Tentacles) lantegia: “Autoedición y marcos alternativos de difusión musical”, Baratza aretoan.

Ostiralean, hilak 15, 20:00etan: Childrain eta Teething taldeen kontzertua, Helldoradon.

Larunbatean, hilak 16, 12:00etatik aurrera: Hitzaldiak. Salva Rubio: “Música de carne y música de sangre” (17.00etan); Servando Rocha: “Nosotros los caníbales” (19.00etan) eta Francisco Jota Pérez: “Ocultimos noumenal: propuesta para una metafísica extrema” (12.00etan.), Zuloa Irudian (Hedegile, 21). Sarrera doan.

Kanpainak Euskal Herriko musikaren kalitatea eta dibertsitatea ezagutzera eman nahi du, hainbat formaturen bitartez. Kontzertu didaktikoak, solasaldi musikatuak, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak, hezteko eta jolasteko musika-jarduerak. Eta hori guztia, mota guztietako publikoentzat.

Orotariko sentsibilitateak eta estiloak lantzen dituzten musikari eta konpositoreak bildu dira urtebetez euskal musikari buruz duten ikuspegia eta euren lanak erakusteko asmoz, 2015eko “Adi Gure Musikari, adi” Neguko Kanpainan. Aurten ere, Euskal Herriko Musika Bulegoak sustatutako jarduerez gozatu ahal izango dugu Euskal Herriko zenbait kultura-eremutan, abenduan eta urtarrilean zehar.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU