Musika Bulegoak eta Fabra i Coats – Fàbrica de Creació-k (Bartzelona) Ozen i Fort-en bigarren edizioan, Euskadi eta Kataluniaren arteko sorkuntza bateratuko egoitza artistikoan, parte hartuko duen Euskal Herriko artista bat hautatzeko deialdia egin dute.
2026an hautatutako pertsonak pieza musikal berri bat garatuko du artista katalan batekin lankidetzan, Bartzelonako bi egoitzatan, eta, amaitzeko, lana showcase formatuan aurkeztuko du Kataluniako nazioarteko merkatu profesional batean.
Lehen edizioan, aukeratutako artistak Verde Prato eta CLARAGUILAR izan ziren, eta bi fasetan garatu zuten beren sormen prozesua. Emaitza Mercat de Música Viva de Vic nazioarteko topaketan aurkeztu zuten. Martxoan beste kontzertu bat eskainiko dute Bartzelonan, Fabra i Coats-ek antolatutako FIL_IN zikloaren barruan.
Ozen i Fort-ek Laboral Kutxaren babes nagusia, Eusko Jaurlaritzaren babesa eta Bartzelonako Euskal Etxearen laguntza ditu.
Norentzat da?
- Musikariak, sortzaileak edo musikagile profesionalak edo erdi-profesionalak.
- Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bertan bizi diren pertsonak, edo beren jarduera profesionala bertan garatzen dutenak.
- Bakarlariak edo taldeak.
Egoitzak eta aurkezpena
- Lehen egoitza: 2026ko maiatza, Fabra i Coats – Fábrica de Creació (Bartzelona), sormen prozesua garatzeko.
- Bigarren egoitza: 2026ko iraila, lana amaitzeko eta aurkezpen publikoa prestatzeko.
Emaitza irailean aurkeztuko da Kataluniako merkatu profesional batean.
Baldintzak
- Antolatzaileek bidaia, ostatu eta dieta gastuak ordainduko dituzte.
- 150€-ko ordainsaria egoitza-egun eta musikari bakoitzeko, gehienez 2.500€ proposamen bakoitzeko.
- Bi egoitzetan eta aurkezpen publikoan parte hartzeko konpromisoa.
Izen-emateko epea
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 10era arte egongo da zabalik.
Parte hartzeko, izena emateko inprimakia bete behar da, eta oinarrietan jasotako baldintzak onartu.