107 proposamen lehiatuko dira 2021eko Musika Bulegoa Sarietan
Partekatu
Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa abian da. Oso urte zaila izan da euskal musikaren sektorearentzat, COVID-19ak sortutako pandemiak gogor jo baitu. Hala ere, edizio berri honek baikortasuna zabaldu, eta gauzak erraz jarri ez dizkien 2020an artista, talde edo musika proiektuek egindako lana baloratu nahi du. Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) 107 proposamen jaso ditu maiatzaren 19an Biarritzeko Egungo Musiken Zentroko Atabal aretoan banatuko diren 10 sarietarako.
Zalantzarik gabe, denak oso desberdinak dira elkarren artean, kalitate handikoak, eta musika-eremu zabala hartzen dute. % 43 inguruk pop-rock estiloa jarraitzen dute, % 27k musika klasiko garaikidea, % 23k folka eta % 7k jazza. Azpimarratu behar da gehienek disko osoak aurkeztu dituztela, baina beste profesional batzuek lan bakar bat proposatu dute, kasu askotan konfinamendu betean gauzatutako lana, hain zuzen ere.
Baina proposamen guztiak ez dira diskoak edo abestiak izan. Zenbaitek, idatzizko lanak, partiturak, ikus-entzunezko proiektuak, musika-ekoizpen interaktiboak… aurkeztea erabaki dute. Azken batean, euskal musikaren sektoreak gaur egun egiten duen lan handiaren erakusgarri zabala da. Hizkuntzari dagokionez, aurreko edizioetan bezala, euskaraz egindako lanak dira nagusi, baina gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez egindako proiektuak ere jaso dira.
Hori bai, kategoriarik eta hierarkizaziorik ez duten sariak dira hauek. Hau da, guztiek balio bera izango dute. Izan ere, egindako lana aitortzea da helburua. Helburu horrekin sortu ziren sari hauek duela bost urte. Aurtengo edizioan, epaimahaiak ez du lan erraza izango. Adituek 107 proposamenak baloratu beharko dituzte, eta Euskal Herriko (7 lurraldeetako edozeinetan jaio edo bizi direnak) sortzaile, interprete, konpositore, bakarlari edo/eta musika taldeen artean 8 sari eman beharko dituzte. Saritutako 8 artista edo musika taldeek 2.000 euro jasoko dituzte eskudirutan, eta baita Fernando Mikelarena “Baserri” eskultoreak egindako eskultura ere.
Bederatzigarren saria Etxepare Euskal Musika Institutuaren Saria izango da (irabazleak ere diru-sari bera eta eskultura jasoko ditu), eta laugarren urtez jarraian banatuko da. Sari horrek azken hiru urteetan Euskal Herriko sortzaile, interprete (bakarlari zein talde) edo konpositore batek euskal musika nazioartean hedatzeko arloan egindako lana aintzatetsi nahi du.
Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza batzordeak ohorezko saria emango dio Euskal Herriko musika jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edo ekoizpenean proiektu aipagarri bat gauzatzeagatik. Sari horrek ez du diru ordainsaririk izango.
Musika Bulegoa Sariak Euskal Herriko Musika Bulego Elkartetik sortutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du.
Partekatu
Hauek ere interesatuko zaizkizu
2024/04/10Berriak,Musika Bulegoa SariakDeialdia amaitu da
EMAN BOTOA MUSIKA BULEGOA 2024 SARIETARAKO ZURE ARTISTA GOGOKOENARI!
Musika Bulegoa Sarien zortzigarren edizioak berrikuntza garrantzitsu bat dakar: Publikoaren Saria. Epaimahai profesionalak emandako zortzi sariez gain, hemendik aurrera publiko orokorrak 2023ko bere…
2022/05/18Musika Bulegoa Sariak
Musika Bulegoa Sariek 10 euskal artista eta talderen lana aitortu dute bere 6. edizioan
Musika Bulegoa Sariek bere seigarren edizioa ospatu dute gaur arratsaldean Barakaldoko BEC-en. Azkeneko bi urteetako garai ilunak alde batera utzita, euskal musika panoramako sari garrantzitsuenek…
2022/02/24Musika Bulegoa Sariak
100 proposamen baino gehiago Musika Bulegoa Sarien seigarren ediziorako
Ehun lan baino gehiago, erdiak emakumeak buru direla, lehiatuko dira Euskal Herriko Musika Bulegoak antolatutako euskal musika panoramako sari garrantzitsuenak diren Musika Bulegoa Sariak 2022…
2021/05/19Musika Bulegoa Sariak
Musika Bulegoa Sariak 2021
Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa burutu berri da. Aurrekoetan bezala, edizio honetan ere, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako…
2020/03/09Musika Bulegoa Sariak
Musika Bulegoa Sariak 2020 sari-banaketa atzeratu egin da
Martxoaren 10ean Gasteizen banatu behar ziren Musika Bulegoa Sariak 2020 sarien antolakuntzak sari-banaketaren data atzeratzea erabaki du Koronabirusaren hedapena gelditzeko Arabako hiriburuan hartu…