Hamaika musika-talde eta artistaren lana aitortu dute 8. Musika Bulegoa Sariek

Partekatu

Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rüdiger, Zetak, “Irati” filmaren soinu banda, Euskal Barrokensemble (Etxepare Musika Saria), Gor Diskak (EHMBE Ohorezko Saria) eta ESAS (Publikoaren Saria) jaso dituzte sariak. Sari banaketa Iruñeako Zentral Aretoan egin da maiatzaren 15ean.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika-proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek: Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rüdiger, Zetak eta Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Callejala “Irati” filmaren soinu bandagatik.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Fernando Garayoa, kultur kazetaria eta Navarra Music Commission-eko koordinatzailea; Idoia Hernández, pianista eta konpositorea; Iñaki Lazkano, Lazarraga elkarteko kultur programazioaren arduraduna; Irene Prieto, Forbbiden Colours proiektu eta ekoizpen berrien arduraduna; Koldo Sagastume, soinu ingeniaria; Marina Hervás, filosofo eta musikologoa; Olatz Salvador, musikaria; eta Patxi Villén, Aitzina Folk jaialdiko zuzendaria eta musikaria.

Etxepare Insitutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero. Bada, aurten, Euskal Barrokensemble taldeak jaso du errekonozimendu hori, antzinako musikaren esparruan estilo propioa lantzeaz gain, hura euskara eta euskal kulturarekin sustraitu eta munduko bestelako hizkuntza eta kulturekin uztartzeagatik, beste arrazoien artean.

Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak, halaber, ohorezko sari berezia ere eman ohi du urtero.  Aurten Gor Diskak  disko-zigilua aitortu du euskal musikan egindako ibilbide eta ekarpenarenagatik.  2023an ateak itxi zituen disketxe nafarrak historia egin du 300 disko baino gehiagorekin eta Berri Txarrak, Manolo Cabezabolo, Exkixu edo Ken Zazpi bezalako taldeak gidatzen.

Aurtengo nobedade nagusia Publikoaren saria izan da. Musikazaleek 50 proiektu finalisten artean eta aplikazio baten bidez bozkatu ahal izan dute bere artista gogokoena. Kategoria honetako saria ESAS-ek (Emakume sortzaile eta artisten sarea) jaso du.

8. edizio honetarako, Musika Bulegoak LABORAL Kutxa eta Bizkaiko Foru Aldundia izan ditu babesle nagusi, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Etxepare Euskal Institutua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Iruñeko Udala eta Sympathy for the Lawyer babesle eta SGAE Fundazioaren eta Zentral aretoaren lankidetza.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU