MUSIKA BULEGOA SARIAK 2016ko SARIDUNAK

Juanjo Mena zuzendariaren ardurapean dagoen Berliner Philarmonikerren Zuzendaritzak, Angel Unzu (Duos) eta Amorante (Amorante) kantarien eta Rural Zombies taldearen (Bat) azken lanek eta Audiolab Kultur Elkartearen jardunak irabazi dituzte MUSIKA BULEGOA SARIAK.

EUSKAL HERRIKO MUSIKA BULEGOA (EHMBE) elkarteak gaur eman ditu ezagutzera, epaimahaiaren ordezkaritza batekin eta saritutako musikari batzuekin batera, Musika Bulegoa Sarien lehen edizioan aurkeztutako 65 proposamenen artean nabarmendu diren musikari, sortzaile eta interpreteen izenak. Sariak Bilboko Kafe Antzokian emango dira, azaroaren 24an, 19:00etan.

Berariaz eratutako epaimahai independente batek aztertu eta aukeratu ditu aipaturiko musikarien eta artisten lanak, 2015eko uztailaren 1etik 2016ko abuztuaren 31 bitartean kaleratutako musika-proiektuen artean. Hainbat musikarik eta EHMBEren elkarte bazkideek parte hartu duten barne-prozesu batean proposatu dira nabarmendutako lan horiek.

Honako hauek izan dira epaimahaikideak: Iñigo Argomaniz, Donostiako Get In-en sortzailea eta zuzendari nagusia; Jon Bagüés, Musikaren Euskal Artxiboaren zuzendaria eta Musika Liburutegien, Artxibategien eta Zentroen Nazioarteko Elkarteko (IAML) zuzendariordea; Joseba Cabezas musikaria, kazetaria eta kultur agentea, Gasteizko «Jazz Uhinak» programako arduraduna; Aintzane Camara, EHUko Musikako Didaktikako irakaslea, Eusko Ikaskuntzako Musika Saileko zuzendari ohia eta musika eta sorkuntza garaikidearen ikerketan aditua; Yahvé M. de la Cavada musika-kritikaria eta zenbait jazz-taldetan eta Americana taldean musikaria; Mikel F. Kruzaga soinu-ingeniaria, nahaslea eta ekoizlea; Ainara LeGardon bost lan kaleratu dituen musikaria, jabetza intelektualaren alorreko lan handia egin duena; eta Edurne Ormazabal, musikaren eta kulturaren esparruan eskarmentu handiko komunikatzailea, eta gaur egun EITBko merkataritza-alorreko zuzendaria.

Epaimahaiak lana sortu, interpretatu eta ekoizteko jardunari (ikerketa, interpretatzeko teknika, lana konposatzeko teknika, grabazioa eta abar) erreparatu dio nagusiki eta baita, jakina, azken emaitzari ere. Horretarako, hainbat balorazio-erreferentzia erabili ditu: berrikuntza, originaltasuna, indarra, potentzialtasuna, sotiltasuna, sentsibilitatea, esperimentazioa, sonoritatea, estilo-estetikak eta artworka, besteak beste.

«Ez da lan erraza izan, aurkeztutako proposamen guztien kalitate handia dela eta», azaldu dute. Azkenik, honako hau izan da Epaimahaiaren erabakia eta, beraz, Musika Bulegoa Sarien lehen edizio honetako lan saridunak:

Juanjo Mena, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendaritzagatik

Angel Unzu, «Duos» diskoagatik

Rural Zombies, «Bat» diskoagatik

Amorante, «Amorante» diskoagatik.

Juanjo Menari dagokionez, Epaimahaiaren esanetan «Berlingo Orkestra Filarmonikoak (Berliner Philharmoniker) Juanjo Mena euskal zuzendariaren batutapean emandako kontzertua zalantzagabeko arrakasta izan zen, entzuleek nahiz kritika espezializatuak aitortua. Hartara, euskal musikako urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakotzat jo daiteke».

Epaimahaiak Angel Unzuri aitortu dizkion merituen artean, nabarmentzekoak dira «Euskal Herriko jazzean itzalik handienetakoa duen musikari baten eskutik sortutako elkarrizketa ederrak, musikari bikainez inguratuta eta entzule guztiok barneratzeko moduan».

Rural Zombiesi buruz, berriz, hauxe azpimarratu dute «debut harrigarria da, proposamenean freskotasuna eta heldutasuna bildu baititu. Erakarpen-indar handiko ahotsa, talde sendo batek inguratuta». Eta Amoranteri dagokionez, «proiektu irekitzaile originala eta ausarta da, herri musika tradizionaletik abiatu eta esperimentazioari eta inprobisaziori ateak irekitzeko, hala diskoaren ekoizpenean (Xabier Erkiziarentzako aipamen berezia) nola konposizioan eta eszenaratzean».

Bestalde, Musika Bulegoa Sariek beste aitorpen bat ere aurreikusten dute, EHMBE Elkarteak berak zuzenean emana, beste musika-esparru batzuekin (prestakuntzarekin, sentsibilizazioarekin, ikerketarekin, dibulgazioarekin…) lotutako ekimen bat nabarmentzeko. 

Kasu honetan, sari paraleloa Audiolab Kultur Elkarteari ematea erabaki du EHMBE-Musika Bulegoko zuzendaritza-batzordeak, «soinu-ikerketaren esparruan egiten duen lan etengabeagatik eta garatutako egitasmo ugariengatik, hala nola ‘ERTZ Beste Musika Batzuk’ jaialdia, SoinuMapa, Arteleku arte garaikidearen zentroko soinu-laborategia, egitasmo editorialak (‘Series negras’, ‘Noise&Capitalism’), zabalpen-egitasmoak (‘Hots Radio’), erakusketak (‘Tabakalera Suena’, ‘Entzungor’) nahiz ikerketa-proiektuak (‘UnCommon Sounds’, ‘Rona Maubere’ eta ‘Open Sound’)».

Bost sari horien irabazleetako bakoitzak 3.000 € jasoko ditu, baita Fernando Mikelarena eskultoreak egindako merezimenduzko sari bat ere; eskultura hori sariaren irudi bihurtu da dagoeneko.

Musika Bulegoa Sarien sustatzailea Musika Bulegoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskadiko Soinuak programaren eta Bilboko Udalaren lankidetza du.

Hemen dago dossier osoa, non epaimahaiaren aktak irakur daitezkeen.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU