107 proposamen lehiatuko dira 2021eko Musika Bulegoa Sarietan

Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa abian da. Oso urte zaila izan da euskal musikaren sektorearentzat, COVID-19ak sortutako pandemiak gogor jo baitu. Hala ere, edizio berri honek baikortasuna zabaldu, eta gauzak erraz jarri ez dizkien 2020an artista, talde edo musika proiektuek egindako lana baloratu nahi du. Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) 107 proposamen jaso ditu maiatzaren 19an Biarritzeko Egungo Musiken Zentroko Atabal aretoan banatuko diren 10 sarietarako.

Zalantzarik gabe, denak oso desberdinak dira elkarren artean, kalitate handikoak, eta musika-eremu zabala hartzen dute. % 43 inguruk pop-rock estiloa jarraitzen dute, % 27k musika klasiko garaikidea, % 23k folka eta % 7k jazza. Azpimarratu behar da gehienek disko osoak aurkeztu dituztela, baina beste profesional batzuek lan bakar bat proposatu dute, kasu askotan konfinamendu betean gauzatutako lana, hain zuzen ere.

Baina proposamen guztiak ez dira diskoak edo abestiak izan. Zenbaitek, idatzizko lanak, partiturak, ikus-entzunezko proiektuak, musika-ekoizpen interaktiboak… aurkeztea erabaki dute. Azken batean, euskal musikaren sektoreak gaur egun egiten duen lan handiaren erakusgarri zabala da. Hizkuntzari dagokionez, aurreko edizioetan bezala, euskaraz egindako lanak dira nagusi, baina gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez egindako proiektuak ere jaso dira.

Hori bai, kategoriarik eta hierarkizaziorik ez duten sariak dira hauek. Hau da, guztiek balio bera izango dute. Izan ere, egindako lana aitortzea da helburua. Helburu horrekin sortu ziren sari hauek duela bost urte. Aurtengo edizioan, epaimahaiak ez du lan erraza izango. Adituek 107 proposamenak baloratu beharko dituzte, eta Euskal Herriko (7 lurraldeetako edozeinetan jaio edo bizi direnak) sortzaile, interprete, konpositore, bakarlari edo/eta musika taldeen artean 8 sari eman beharko dituzte. Saritutako 8 artista edo musika taldeek 2.000 euro jasoko dituzte eskudirutan, eta baita Fernando Mikelarena “Baserri” eskultoreak egindako eskultura ere.

Bederatzigarren saria Etxepare Euskal Musika Institutuaren Saria izango da (irabazleak ere diru-sari bera eta eskultura jasoko ditu), eta laugarren urtez jarraian banatuko da. Sari horrek azken hiru urteetan Euskal Herriko sortzaile, interprete (bakarlari zein talde) edo konpositore batek euskal musika nazioartean hedatzeko arloan egindako lana aintzatetsi nahi du.

Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza batzordeak ohorezko saria emango dio Euskal Herriko musika jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edo ekoizpenean proiektu aipagarri bat gauzatzeagatik. Sari horrek ez du diru ordainsaririk izango.

Musika Bulegoa Sariak Euskal Herriko Musika Bulego Elkartetik sortutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU