JABETZA INTELEKTUALAREN INGURUKO ERRONKAK

Aro digitalak izugarrizko aldaketa  suposatu zuen eduki artistikoak sortzeko, zabaltzeko eta kontsumitzeko (gozatzeko) moduan. Musikaren sektoreak hainbat hamarkada daramatza esparru analogiko eta digitalarekin batera bizitzen; ez dira gutxi errealitate honek ezarri dizkigun erronkak eta joera aldaketak, bereziki musika-edukien erosketarekin lotuta. Hala ere, mundu digitalak planteatzen digun erronkarik handiena Internet bidez sortzen diren egile-eskubideak babesteko araudiak eta erregulazioak eguneratzearekin lotuta dago.

Bernako Hitzarmena Jabetza Intelektualaren inguruko esparru juridikoak harmonizatzen saiatzen da. Hitzarmen honen lehen testua 1886ean sinatua izan zen eta gaur egun munduko 200 herrialde atxikita daude. Tratatuak gutxiengo araudi batzuk ematen ditu eta herrialde bakoitzak interpretatu eta bere legeriari egokitu behar ditu. Jabetza Intelektualaren inguruan bi sistema nagusi daude: europar kontinentala eta sistema anglosaxoia (Copyright); azken hau sistema merkantilistagoa da, ekoizpenak sortzaileak baino gehiago babesten baititu. Sistema europarrak, ordea, sortzaileak eta, haien lanak eta interesak, gehiago zaintzen ditu; ildo horretan beste urrats bat eman zen 2019.urtean 2019/790 Zuzentaraua onartu zenean.

Orain arte Google edo You Tube bezalako erraldoiek Safe Harbour deritzon doktrinari heltzen zioten. Doktrina honen arabera, plataforma horietan, edo oro har Interneten, edukiak partekatzen dituzten erabiltzaleek aldez aurretik horretarako beharrezkoak diren lizentziak dituztela ulertzen zen. Onartutako aldaketekin, plataformek arduratsuagoak izan beharko dute bertan zabaltzea ahalbidetzen dituzten edukien inguruan; izan ere, beharrezkoa izanez gero, lan horiek erabiltzeko baimenak eskatu beharko dizkiete erabiltzaileei, edo bestela, material babestua erabiltzen duten lanak partekatzea eragotzi beharko dute.

Aldaketa hauek eztabaida handia sortu dute, batzuen ustez Interneten aro berri bat izango delako: askoz zentsuratuagoa eta askatasunik gabea. Zuzentarau hori duela bi urte onartu bazen ere, Europako hainbat herrialdek, Espainak barne, ez dute oraindik beraien araudietara egokitu.

Jabetza Intelektualaren inguruan jorratu beharko liratekeen erronkak ez dira soilik obra babestuen erabilera zuzenerako arauak aldatzeari buruzkoak, baizik eta, streming plataforma handietan sortzen diren egile-eskubideen ordainketari buruzkoak.

Spotify-ena (munduan erabiltzaile gehien dituen musika streaming-eko plataforma) erronka bat baino gehiago misteriotzat har daiteke: nola ordaintzen du Spotify-k? Zenbat irabazten du hedabide honetan musika partekatzen duen artista batek? Plataforma honek 0,0032€ [1] ordaintzen dizkio egile-eskubideen jabeari erreprodukzio bakoitzagatik; argitaletxe bat, diskoetxe bat edota banatzaile bat izan daiteke. Egileak bitartekari horiekin sinatuta dituen akordioen arabera, halakorik balu, dagokion portzentaiaren zenbatekoa kobratuko du. Kontuan hartuta 1€ sortzeko 250 erreprodukzio behar direla, batazbeste, eta kontratu diskografikoak, historikoki,  bortitzak eta bidegabeak izan direla musikarientzat, zalantza handiak ditut musikari “ezagun” batek, “nolabaiteko arrakasta duenak” alegia, horrelako plataformetatik jasotzen dituen diru sarrerekin soldatu duinik izango ote duen.

Negozio-eredu hauek gorabidean daude; gero eta plataforma gehiagok eskaintzen dituzte antzeko zerbitzuak, nahiz eta tarifak eta ordaintzen dituzten royalti-ak zertxobait aldatzen diren kasu batzutan. Adibidez: Apple Music: 0,0063 [2] €; Deezer: 0,0052€, edo Amazon Music: 0,0039€.

Plataforma horiek sortutako royalti-en gardentasunaren eta banaketa bidezkoagoaren alde egitea lehentasun bihurtu beharko litzateke sektorearentzat. Hain zuzen ere, IMPALAK [3], Europako Musika Konpainia Independenteen elkarteak, streaming-a erreformatzeko proposamen plan bat aurkeztu berri du.

Bestalde, nahitaezkoa da sortzaileek jabetzea zein baldintzatan (babestuta edo babestu gabe) ari diren beraien lana publikoaren eskura jartzen Internet-en partekatzen duten unetik. Sare sozialak munduko sustapen-erakuslehiorik handienean bihurtu dira, eta egile-eskubideei dagokienez kudeaketa gardena duten plataformak izan beharko lukete; hala ere, eskubideak kudeatzen dituzten erakundekin akordio ilunak dituzte. Gainera profil edota orri bat sortzean, beraien “baldintza eta terminoak” onartu behar direnez hor ohartarazten dute, erabiltzailea mundu mailako lizentzia bat ematen ari dela, royalti-rik gabe eta partekatzen dituen lanak eraldatzeko, kopiatzeko, edota aldatzeko ahalmenarekin. Laburbilduz: sortzaileek kontrol izugarria galtzen dute beren lanekiko.

Baina jabetzen al dira sortzaileak zein baldintzatan partekatzen dituzten beraien lanak? Bere bazkideen interesak defendatzea, besteak beste, helburuen artean duen elkarte bat bezala gure betebeharra da prestakuntzaren eta aholkularitzaren alde egiten jarraitzea. 2015.urtean Musika Bulegoa sortu zenetik, Jabetza Intelektuala lantzeko lan-ildo espezifiko bat txertatu genuen proiektuan. Hitzaldien, mahai-inguruen, ikastaroen, prestakuntza espezifikoen eta etengabeko aholkularitzaren bitartez, Musika Bulegoko bazkideak,  eta sektoreko gainerako eragileak, prestatu, informatu eta sentsibilizatzen ditugu, beren lanak babesteak duen garrantziaren inguruan; beraien eskubideak eta betebeharrak. Urte hauetan 200 pertsona baino gehiagori eman diegu aholkua eta prestakuntza; Jabetza Intelektualari buruzko edozeinn kontsulta mota kudeatzen lagundu diegu. Azken finean, 200 pertsona baino gehiago ahaldundu ditugu.

 

Myriam Miranda

Euskal Herriko Musika Bulego Elkartea

 

[1] Iturria: Digital Surfers

[2] Iturria: Digital Surfers

[3] Iturria: Industria Musical

 

 

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU