LGTBIQ+ musika-ekoizpenaren panorama Euskal Herrian. (Hausnarketarako gai batzuk)

Hausnarketarako, euskal musika sorkuntzaren nolakotasuna atzerabegirako batean ardatz biren arabera antola daitekeela otu zait, bi ardatz hauek sorkuntza musikalaren nolakotasunaren mapa bat irudikatzeko aukera eskaintzen digutelarik.

 

X ardatzean bitartekoak hartuko dira kontutan, disketxea, eta musika eta musika talde edo abeslariaren kokapena. Mutur batean mainstream deritzon musika mota topatuko genuke, bestean aldiz, autokudeaketa, zigilu txikiak eta medio xumeekin editatzen den musika.

 

Y ardatza sortzaileen nolakotasun politikoaren bitartez egituratuko da: identitate politiko eta aldarrikapen-mezua definitua dutenak izango dira mutur batean, identitate politikoa espektro handi batez ulertuta; beste muturrean, politikoki definitu gabeko mezuak eta identitateak leudeke, entitate edo nortasun politikoa duen kolektibo konkretu baten parte ez izateak alegia. Kontutan hartzekoa da ere, historikoki orokorrean mezu edo diskurtso politikoa duten sortzaile gehienak ezker, edo iraultzaile-erreibindikazioan kokatu direla, mezu politiko argi ezak statu quo-arekin nolabaiteko adostasuna adieraziz.

 

Ardatz hauen araberako mapan talde mota desberdinak koka daitezke. Adibide gisa eta hobe uler dadin, adibide muturrekoak azalduko ditut: Mocedades (mainstream taldea bitarteko ekonomikoez hornitua eta mezu politiko definitu gabekoa oro har) Vs Eskorbuto (autokudeaketa-zigilu txikia eta medio xumeekin egindako musika eta mezu politiko definitua duen taldea).

 

Negu Gorriak (euskal musika munduan mezu politiko definitu eta iraultzailea duen taldea, hasiera batean medio xumeekin eta zigilu txikiarekin sortua baina denborarekin euskal mainstream-aren esferan sartu dena, talde ikonikoa bilakatuz) Vs La Buena Vida (mezu politiko ez definitua eta baliabide xumeekin eta eszena murritz batetan sortua).

 

Bi adibide hauetan ikus daitekeen bezala, mapak nolakotasun anitzak erakuts ditzake; bestaldetik euskararen balio erantsia ere agerian utziko du. «Rock Radical Vasco» delakoaren baitan badagoelako gazteleraz sortu duten musika talde ugari: mezu politikoaren izaera dela eta, euskararen erabilera elementu gehigarri gisa aitortu zaie talde hauetako askori, haien partaidetza politikoa ukatu gabe euskararen erabilerarik egin ez denean. Euskaraz abesten ez duen RRVko edozein taldek, batez ere, kosmos berdineko partaide gisa (euskal esfera iraultzaileko partaide) izatearen arabera egituratuko da.

 

Identifikatutako ardatz hauen arabera ondorengo kasuistikak suertatu daitezke:

 

  1. Kontrakultural-underground bektorea. Queer-ari historikoki egokitu zaion nitxoan, berak, queer ahotsak, lehiatu behar izan du lehentasunezkotzat jo diren edo premiazkoagotzat eta garrantzitsuagotzat jo diren beste ahots eta aldarrikapen batzuekin. Iraultzailea eta erreibindikatzailea izaterako garaian hautaketa eta bazterketa prozesua ematen baita. Zeren alde egin aldarri? Aukeraketa honek ondorioak ditu. Topikoan oinarrituz, ohikoena letragintza erreibindikatzailean letra miszelaneoak izan dira, hau da, gai guztiak lantzea, definizio konkreturik eman gabe: feminismoa, ekologismoa, euskara, estatuarekiko botere harremanak, tematika LGTBIQ-a eta abar.

 

  1. Bektore politiko erreibindikatzailea (queer ahotsa kontutan hartu gabe). Gutxiengoa izaterakoan, esparru erreibindikatzailean merkatu mainstream-arekin alderatuta, parekideen artean lehiatu behar izateak, elkarren artean aldarrikatzen duen eszena kontrakultural guztiak zaildu egiten du berezko ahotsa garatzea, zilegiztatuta ez dagoelako. Agendak, garrantzizkoak eta urgentetzat ulertzen denaren zerrendak eta ordenak agintzen baitute. Sortzaile gutxituen artean elkarren borroka ematen da hedapena eskuratzeko asmoz, espazio eta ekosistema mugatuan: merkatuan.

 

  1. Bektore erreibindikatzailea, identitatea nabarmenduz (euskara nabarmenduz). Nortasun konplexuak bereganatu ezin izatearen kontzeptu okerra eman da askotan, mezu zuzenen eta ulerterrazen beharra gailendu da. Honek, aldarri bat lehenestea eta gainerakoak ikusezin bilakatzea bideratu izan du, aldarria beti dimentsio bakarra izan beharko balu bezala, sortzaileen dimentsio aniztasuna isilarazten, eta ondorioz, aldarrien agenda bat osatzera behartuz. Mezu bakarra + euskara. Ez balego bezala gai eta errealitate konplexuagoen inguruan abesteko parada.

 

Bektore desberdinek dinamika konplexua ematen dute igortzen den mezuaren, mezu hori jasotzen duen publikoaren eta publiko horrek egindako harreraren (pertzepzioaren) artean. Dinamika konplexu horien ondorioetako batzuk, queer ahotsari dagokionean, ondorengoak izan daitezke: queer pertsonek intentsitate baxuko erreibindikazio-maila batera baztertutako gutxiengo bateko kide izatera mugatzea, apetatsua, garrantzi gutxikoa edo denboran atzeragarria dela ulertuta, beren erreibindikaziorako garrantzia kanpotik osatzen den agenda batera lotuz.

 

Underground-kontrakulturaletik ezinbestean abiatu da queer kulturaren eta LGTBI musikaren irudikapen oro. Merkatu garaikideak ordea, LGTBIQ+ komunitatearengan kontsumitaile nitxo bat identifikatu eta mainstream-ean barneratzea bideratuko du. Queer komunitatea oro har mainstream-an onartu eta baimenduko da, merkatuaren esparru konkretua horretarako egokituz. Queer komunitateari kontsumitzea baimenduko zaio, sormen lanak espreski baimenduko dira, irudiak identifikatuz eta ikono gisa aldarrikatuz, baina komunitatea berari bere ahots propioak sortzeari mugak jarriko zaizkio. Mainstream izatera pasatzearekin batera merkatuaren mesedera egokitu beharko da, hortaz zuzentasun eta neutraltasuna inposatuko da, jatorri kontrakulturalaren ezabatze prozesua bideratuz.

 

Queertasuna pertzepzioari lotua dago, hortaz, norberak nola hautematen duen bere burua eta kanpotik nola izango den hautemana daude jokoan. Bai eta jarrera, mezua, hau da, ekintza eta hitza: performatibitatea. Judith Butler datorkit burura, eta nola ekintzaren bitartez eraikitzen den nortasuna, denboran zehar bizirik dagoen eraikitze prozesua bezala.

 

Musikariek beste sortzaileen artean berezitasun konkretua izango dute, ezaugarri berezia. Nolakotasun hori performatibitatea izango da, hau da, oholtzara igo behar izateak, non sorkuntza eta sortzaile bat egingo diren eta biak bereiztea zaila izango den. Aktore, idazle, margolari, zinegileetatik desberdinduko dituen ezaugarria izango da. Pertsonala, pribatu izatetik publiko izaterako bidea ezinbestean eman beharko balitz bezala. Musikariak performatu behar duelako sormen lana gauzatzeko, eta ez duelako paper bat antzezten, batzuetan hala izan badaiteke ere. Aktoretik desberdina den toki batetik emango da oholtzaratze lana, sortzailearen lana eta sortzailea bera nolabait batuko dituena.

 

Feminismoari esker eta mugimendu feministari esker LGTBIQ+ kolektiboak babes berezia eskuratu du. Feminismoaren haria genero gatazkaren nolakotasunen auzia mahaigaineratzeaz gain, agendan lehen mailako gai bezala onartu delako queer mugimendua, feminismoaren aterkiaz lagunduta. Zinema eta literaturaren aldea, musikarekin alderatuta agerikoa izango da. Badago queer literatura, queer zinema; jaialdiak, sortzaileak, apalategi eta zutabeak bideoklub, liburutegi eta euskarrietan. Alde horretatik oraindik lan egiteko asko dagoela esango nuke.

 

Mikel Zumeta

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU