BESTE BAT! ekimenaren bidez zuzeneko 250 kontzertu eta ikuskizun baino gehiago eskainiko dira datozen lau hilabeteetan Euskadin.

Partekatu

Euskal Herriko Musika Bulego elkarteak (Musika Bulegoak), Euskadiko Antzoki Sarearen (Sarearen) lankidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, BESTE BAT! Zuzeneko Arteen Zirkuitua ekimena jarri du abian, kultura sustatzeko, agertokietara itzultzeko , erritmoa berreskuratzeko, sormena bultzatzeko eta zuzeneko arteekiko ilusioa partekatzeko.

Hala, 2020ko azaroan eta abenduan eta 2021eko urtarrilean eta otsailean, hainbat arte-diziplinatako 250 emanaldi baino gehiago eskainiko dira BESTE BAT! zirkuituan. Gehienak musika-kontzertuak izango dira (% 80), baina antzezlanak, dantza-ikuskizunak eta zirku-funtzioak era badira egitarauan. Bizkaiko, Arabako eta, batez ere, Gipuzkoako areto eta antzokietan eskainiko dituzte.

Musika-emanaldietan artista ospetsuak ikusiko ditugu oholtzan, hala nola Izaro, Belako eta Ruper Ordorika, baita musikari hasiberriak ere, Hakima Flissi, Maren, Idoia Asurmendi, Verde Prato eta Sara Zozaya, esaterako. Antzerkiaren atalean, izen handiko konpainiak daude egitarauan, besteak beste, Tanttaka Teatroa, Markeliñe eta Pirritx Porrotx eta Mari Motots. Dantzari dagokionez, erreferente diren euskal konpainiak ere zirkuituko partaide dira: Dantzaz eta Kukai. Oliver Magoak eta The Funest Troup taldeak zirku-ikuskizunak eskainiko dituzte.

Askotariko diziplinak biltzeaz eta emanaldi ugari eskaintzeaz gain, BESTE BAT! Zuzeneko Arteen Zirkuituak badu beste ezaugarri nabarmen bat euskal arte eszenikoen egungo panoraman: emanaldi guztiak zuzenekoak izango dira, artistak eta publikoa Euskadiko areto eta agertokietan berriro elkartzea baita egitarauaren xedea.

Bestalde, aipagarria da emanaldien % 70 baino gehiago euskaraz izango direla.

Zirkuituari buruzko informazio ofiziala eta agenda eguneratua www.beste-bat.eus webgunean daude ikusgai. Ikuskizunetarako sarrerak BESTE BAT! ekimenean parte hartzen duten aretoetan erosi behar dira.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU