MUSIKA BULEGOA SARIAK 2016: Euskal Herriko musikaren festa

Astebet igaro da 2016ko Musika Bulegoaren Sarien banaketa-ekitalditik; astebete izan dugu ostegun gauean Bilboko Kafe Antzokian bizi izan genuena barneratu eta egun horretan ondoan izan genituen lagunen iritziak jasotzeko.

IMG_2619
Georgina Williamsoek jaso zuen Juanjo Menaren saria

Estreinakoz, eta Euskal Herriko Musika Bulegoa -EHMBE elkartearen eskutik, musikaren sektoreak berak antolatu ditu sektorearentzako sariak, batez ere gure musika nabarmentzeko eta kalitatea berresteko helburuekin. Hasieratik argi izan genuen xedea ez dela ‘pole position’ bat sortzea, lehen, bigarren eta hirugarren postuekin. Aintzatespena merezi duten pertsonak eta lanak nabarmentzea da asmoa, musikaren sektoreko balio-kateko edozein arlotakoak, haien musika-estiloa edozein dela.

Oinarrizko printzipio horiei jarraikiz eta, besteak beste, musikariek, kazetariek, irakasleek, kritikariek eta soinu-ingeniariek osatutako epaimahai bikainaren funtsezko lankidetzari esker, hor ditugu lehen edizio honetako irabazleak.

Juanjo Mena, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendaritzagatik

Angel Unzu, “Dúos” diskoagatik

Amorante, “Amorante” diskoagatik

Rural Zombies, “Bat” diskoagatik

IMG_2725
Xabier Erkizia eskerrak ematen Amoranteren izenean

Halaber, EHMBE elkarteak sariotan ekimen bat zuzenean saritzeko aukera izango duenez, aurtengoan Audiolab Kultur Elkartearen musika-ikerketaren inguruko jarduna goraipatu du.

Ekitaldi apala egin nahi izan genuen, gaur egun Musika Bulegoa denaren erakusgarri, eta lortu genuen. Festarako eguna izan zen, ospakizuna. Sektoreko askotariko eragileak Kafe Antzokian elkartu eta lasai hitz egiteko eguna, eguneroko laneko presarik gabe. Euskal Herriko profesionalen eta musikaren kalitate bikaina aitortzeko eguna. Jakin badakigu sari hauek bilakaera izango dutela, hazi egingo direla, ekarpenak hartuko dituztela, sorrerako balioak bermatze aldera.

IMG_2650
Angel Unzu eta Arkaitz Villar, Musika Bulegoko batordekidea

Kafe Antzokia lepo bete zen, egun berean ekitaldi ugari antolatuta bazeuden ere, horietako batzuk oso entzutetsuak. EHMBEko bazkideak, epaimahaikideak, erakundeetako ordezkariak, musikazaleak eta eguneko protagonista izan ziren saridunak bildu ginen bertan, eta atseginez bizi izan genuen Xabier Euzkitzek profesionaltasun handiz gidatu zuen ekitaldia.

Arrazoi profesionalak medio, Juanjo Mena eta Amorante ezin izan ziren bertaratu. Gainerako saridunek beren musika-proiektuetan lagun izan dituztenak ekarri zituzten gogora, eta gaur egun dauden tokira iristeko talde-lanak izan duen garrantzia azpimarratu zuten.

IMG_2752
Rural Zombies taldea Iñaki Lopez de Agiletarekin

Mezu polita. Talde-lanari esker indartsuagoak eta hobeak gara. Euskal Herriko egungo musika-eszenatokiak profesional guztien beharra du lan berriak eta interesgarriak sortzen jarraitzeko, hemen kalitatea bai baitago, kalitate handia. Eta ildo horretan sakontzea da Euskal Herriko Musika Bulegoaren asmoa, hain zuzen. Kultura-proiektu estrategikoa da, musika sektoretik sortua eta musika sektorea bera xede duena.

Eta ospatzeko, zer hobeto musika baino. Angel Unzuk eta Rural Zombies zestoarrek zuzeneko emanaldia eskaini zuten Musika Bulegoa Sariak 2016 lehen edizio honetako ekitaldian, bertaratutako guztiekin batera ospatzeko musika nigan, zugan dagoela, 2016ko Musika Eguneko manifestuak dioen moduan.

IMG_2804
Audiolabeko kideak, Musika Bulegoko bozeramailea den Myriam Mirandarekin

Galaren ostean, zoriontzeak, besarkadak eta giro ederra. Orain, aurreko hilabeteetan egindako lana eta azken emaitza lasai-lasai aztertzeko ordua da, betiere, hobetu daitekeenaren bila.

Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiegu epaimahaiko kideei, sarituei, erakundeei eta hitzordura etorri ziren sektoreko eragileei, eta noski, baita kontzertuan izan ziren guztiei ere.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU