Musika Bulegoaren jarduera profesionalak, BIME PRO azokan

Partekatu

Badator BIME Pro, musikaren alorreko profesionalen nazioarteko topaketarik handiena, eta Musika Bulegoak hainbat jarduera prestatu ditu sektoreko eragileen arteko elkarrizketa errazteko, ezagutzak partekatzeko eta Euskal Herrian sortutako eta ekoitzitako musika bultzatzeko.

Egitarau orokorraren barruan, Musika Bulegoak hainbat hitzaldi eta mahai-inguru eskainiko ditu. Lehenengoa asteazkenean izango da, 10:30tan, eta bertan “Kontzertu-areto txiki eta ertainek aurre egin beharreko erronkei” helduko zaie. Aisialdiko ohituretan izandako aldaketak, musika jaialdien kopurua handitzea eta kultur eskaintza gero eta zabalagoa izatea dira, hirien errealitate juridikoarekin batera, kontzertu areto txiki eta ertainek aurrez aurre dituzten erronketako batzuk.

Ordubete geroago, “Live Style Europe: Lagundu totiko musika-agertokiei!” panelari ekingo diogu. Live DMA elkartearen proiektu honek jaialdien eta kontzertu-aretoen eszena europarra indartzea du helburu.

Goizari amaiera emateko, Arne Dee izango dugu, The Survey proiektuaren koordinatzailea, Live DMA-ren proiektu estrategiko hau aurkezteko, Europa osoko kontzertu-aretoen datuak biltzea eta datu horiek sektoreari ikusgarritasuna emateko erabiltzea dira proiektu honen oinarri. Aretoetako ekitaldiei, bertaratzeari, langileei, diru-sarrerei eta gastuei buruzko datuek eta zifrek haien balio kulturala, soziala eta ekonomikoa erakuts dezakete. Gainera, areto motei eta horien negozio-ereduei buruzko perspektiba eskaintzen digute, bai eta eskualde bakoitzean estatuaren laguntza-maila desberdinei buruzkoa ere.

Hiru panel hauek Kultura Live, Live DMA eta BIME elkarteekin elkarlanean antolatu dira.

Urriaren 31n, ostegunean, musikariak eta management agentziak izango dira protagonistak 10:45etik aurrera egingo den “Euskal talde eta agentzien nazioartekotzearen erronkak” eztabaidan. Musika Industriaren Elkartearen (MIE) laguntzarekin antolatu den mahai-inguru honetan hainbat profesionalek sektoreko talde eta enpresak nazioartekotzeko estrategiak partekatuko dituzte, eta hainbat gogoeta egingo dituzte: hemen nola sortu eta kanpoan nola saldu, kanpora iristeko dauden bideak eta nazioarteko audientzia handitzeko modurik onena zein den, besteak beste.

Arratsaldean, Basque Music ekimenak, Euskadiko Soinuak (Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila), Etxepare Euskal Institutuak eta Musika Bulegoak bultzatuta, speedmeeting saio bat antolatu du management -aren arloko euskal profesionalentzat zuzenduta. Nazioarteko jaialdi, areto eta bestelako eragileen presentzia aprobetxatuz, aukera ona izango da gure artistak promozionatzeko.

BIME Cityren programazioaren barruan, eta Basque Music-en ekimenez, Liher, Grande Days eta Joseba Irazoki eta Lagunak taldeen showcase bat egongo da baita ere. 20: 30tan izango da Stage Live aretoan eta aurretik koktel bat egongo da bertaratzen diren profesionalentzat.

BIME PRO jaialdiak irauten duen hiru egunetan zehar, Basque Music-ek stand propioa izango du, azokara hurbiltzen diren euskal profesionalen eskura egongo dena.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU