MUSIKA INDUSTRIAREN NAZIOARTEKO BIME TOPAKETAK 10. URTEURRENA OSPATUKO DU BILBON

Partekatu

Urriaren 26tik 29ra bitartean Bilbo nazioarteko musikaren industriaren hiriburua izango da BIMEren hamargarren edizioari esker. Musikaren profesionalei zuzendutako sarreren salmenta abian da jadanik eta Euskalduna Jauregian antolatuko diren topaketetan parte hartuko duten lehendabiziko nazioarteko profesionalak iragarri dituzte.

Hollywood-eko editore eta gainbegirale musikal ezaguna den Adam Smalley; Alejandro Marín eta Álvaro “El Profe” González Villamarín, Kolonbiako musika kazetari ospetsuak, Mediaset España enpresako ikus-entzunezko eta zinemako edukien eta eduki digitalen ekoiztetxe taldearen zuzendari Ana Bustamante; Pegasus Tech Ventures etxearen sortzaile Bill Reichert; New Orleans Jazz & Heritage Festival jaialdiko programatzaile Christine White; Billboard Latin ekitaldiko zuzendari Leila Cobo eta Rafa Sardina, 18 Latin Grammyrekin saritutako musika ekoizlea, elkartuko dira Euskalduna jauregian, sektoreko beste erreferente askorekin batera.

BASQUE.MUSIC.-ekin elkarlanean, BIMEren baitan European Music Export Exchange elkartearen misio bat txertatuko da lehen aldiz; musika-esportazioko bulego europarren elkarteak musikaren nazioartekotzean adituak diren naziorteko 20 lagun ekarriko ditu .

2022a ospakizunen urtea izango da: kontzertu-aretoen elkarte europarrak, LIVE DMAk, BIMEn ospatuko du bere hamargarren urteurrena eta, horretarako, Europa osoko areto garrantzitsuenak bilduko ditu.

Basque. Music. showcase kontzertuari dagokionez Idoia, MICE eta Merina Gris taldeak urriaren 27an Bilboko Stage Live aretoan arituko dira.

Gainontzeko programazioan ekitatearen aldeko konpromisoa indartzen jarraitze aldera, BIMEko MUSIC EQUALITY FORUM programaren zati bat industria parekideagoa eta inklusiboagoa lortzeko aukerak bilatzera, eztabaidatzera eta aukera horiei ikusgaitasuna ematera bideratuko da. Elkarte laguntzaileak dira, besteak beste, MIM, Keychange, SHESAID.SO, Femnoise, Ruidosa, MUSAP, Descubreas, baita berri hauek ere: WIM Colombia eta MIM LATAM.

10 URTEZ MUSIKAREN INDUSTRIA BULTZATUZ

Maiatzean Bogotán egin zen lehen edizioaren arrakastaren ondoren, musika-industriaren nazioarteko topaketa handiak, BIMEk, 10. urteurrena ospatuko du Bilbon, urriaren 26tik 29ra bitarte. 2013. urtean sortu zenetik, munduko bazter guztietako profesionalak biltzen dira biltzar honetarako Bilbon, hiriburu hori musikaren industriako berrikuntzaren, teknologiaren, networking-aren eta etorkizunaren epizentro bihurtuz. Gune ezin hobea etengabe aldatzen ari den sektore baten etorkizunari indarra ematen dioten erronken gainean gogoeta egiteko. Urtetik urtera garrantzi handiagoa izan du ekimenak, eta nazioartean musikaren erreferentziako ekitaldi izatera iritsi da; Bilbon duela hamarkada bat izandako lehen ediziotik hasita, BIMEk etengabeko bilakaera izan du, eta nabarmen hazi da arlo guztietan; etortzen diren profesionalen kopurua hirukoiztu egin da: azken edizioan 35 herrialdetako 3.500 lagunetik gora bildu ziren. Era berean, gero eta erakunde gehiagok parte hartzen du ekimenaren garapenean, mundu osoko 30 erakunde baino gehiago izanik gaur egun. Bilbo hiriaren inplikazioa ere nabaria da; izan ere, hasieran 3 aretotan izaten baitziren showcase-ak, eta orain 11 dira. Hasieran 4 ikastetxek parte hartzen zuten, eta orain 28 dira, eta BIME Campus ekimenean 32 ikaslek parte hartzen zuten hasieran, eta orain 150etik gora dira, nazioarteko 18 beka eta guzti. Eta hazkundearen adierazgarri garrantzitsuena Amerikan bigarren egoitza sortu izana da; horren ondorioz, urtean behin egiten zen ekitaldia izatetik urtero 2 hitzordu nagusi izatera igaro da, kontinenteen arteko lankidetzaren eta garapenaren zubia sendotuz.

 

 

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU