Musikaren eguna: Musika Bulegoaren Manifestua

2021eko Europako Musikaren Eguna ospatzeko Musika Bulegoak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Horretaz gain ondoren irakurri dezakezun Manifestua argitaratu du:

Musika Bulegoak ekainaren 21ean ospatzen den Europako Musika Egunarekin bat egiten du. 2020an bertan behera uztera behartu ostean, kontinentean zehar ospatuko da berriro ere. Gainera, gure artearen funts nagusia aldarrikatu nahi dugu: zuzenekoa. Pandemian zehar, teknologia berriek musikak gizartearekin harremanetan jarrai zezan lagundu egin dute streaming-aren, disko argitalpenen eta online kontzertuen bidez, baina Musika Bulegoan ziur gaude ezerk ez duela ordezkatzen zuzenekoaren esperientzia, eta aldarrikatu egin behar dugula, hain zuzen ere, kontzertuen jarduerak oso mugatuta jarraitzen duen unean, eta musikari, profesional eta kontzertu-areto askoren biziraupena arriskuan dagoen honetan.

Musika Bulegoa elkarteak musikaren sektore osoko ordezkariak biltzen ditu, eta, beraz, askotariko sentsibilitate artistikoak. Bere izateko arrazoia, hain zuzen ere, elkarguneak sortzea eta hainbat arlotako eragileen arteko lankidetza erraztea denez, Europako Musikaren Egun hau ospatu nahi dugu eszenatoki berean bere bideak gutxitan zeharkatzen dituzten bi espezialitate bilduz: musika klasiko garaikidea eta musika elektronikoa. IKKO Percussion Groupek errepertorio minimalistako obra handi bat aurkeztuko du, Steve Reichen Sextet, adierazpen erritmiko indartsukoa; Makala eta Bihotza DJen nahaste mahaietan bere oihartzun naturala aurkituko duena, Txo!-ren irudiekin batera. Amaieran artista guztiek indarrak batuko dituzte musika elektronikoaren eta zuzeneko instrumentuen fusio bati forma emateko, eta gogoangarria izatea espero dugu.

Musika Bulegoan uste dugu zuzeneko musika Euskal Herriko ekosistema kulturalaren funtsezko zatia dela. Musikak hein batean gure nortasuna definitzen du eta, jarduera sozial gisa, besteekin konektatzen eta elkarrekin hazten ere laguntzen digu. Astelehenean balio horiek ospatu nahi ditugu, baina gure aldarrikapenak ahaztu gabe. Ezin ditugu ahaztu azken urtean aurrez aurre izan ditugun hondamendiak: kontzerturik eman gabeko musikariak, programatu ezin dituzten aretoak, bigarren urtez jarraian bertan behera utzi behar izan diren jaialdiak, lanik egin ezin duten teknikariak… Gure sektoreak ziurgabetasunean murgilduta jarraitzen du, eta duen potentziala ahultzen ari da. Horregatik, musika ospatzea bera defendatzea ere bada. Musika guztiona da, babestu! Bizi musika zuzenean!

 

Azaleko argazkia: Dupla BIME City 2020-en, BIME PRO 2020 (Olga Ruiz)