Anari eta Vulk musikariak Monkey Weeken arituko dira Basque Musicen eskutik

Euskal musika entzungai egongo da berriro Monkey Week jaialdian (Sevillan, azaroaren 22tik 24ra bitartean). Izan ere, jaialdi horrek lotura zuzena du Basque Music ekimenarekin, euskal musika kanpora zabaltzeko plataformarekin. Lotura horri esker, Anari eta Vulk showcase banatan arituko dira jaialdiaren hamargarren edizioan, Basque Musicen eskutik.

Monkey Week musika independentearen erakusleihorik onenetakotzat jotzen dute, artisten, publikoaren eta sektoreko profesionalen arteko elkargunetzat. Horregatik, showcase horiek sustatzeaz gain, Basque Musicek stand bat izango du Sevillako ekitaldian, aurreko urreetan bezala, Euskal Herriko musikarekin lotura duten sektoreei buruzko informazioa emateko.

Baina Anari eta Vulk ez dira euskal musikaren enbaxadore bakarrak izango Sevillan. Horiez gain, Pet Fennec, Mazmorra, Melenas eta Ex-Novios taldeek ere parte hartuko dute aurtengo edizioan. Showcaseen eguna, ordua eta lekua ez daude zehaztuta oraindik. Geroago emango dizuegu horien berri.