WOMEX – World Music Expo jaialdiaren 31. edizioa, munduko musika-profesionalen topaketarik garrantzitsuena, urriaren 22tik 26ra egingo da Tamperen (Finlandia). Mundu osoko 2.800 profesionalek baino gehiagok hartuko dute parte topaketa honetan, eta 40 kontzertu, hitzaldi, pelikula, inaugurazio-ekitaldi eta sari banaketa gala izango dira, Baltikoko eta Eskandinaviako herrialdeetako musika-sektoreari arreta berezia eskainiz.
Edizio honetan, Maite Larburuk kontzertua eskainiko du offWOMEX Stage (Olympia) agertokian urriaren 23an 00:45ean.
Gainera, BASQUE.MUSIC.ek beste sustapen-ekimen batzuk egingo ditu azokan:
- Stand propioa, profesionalentzako topagunea.
- Nazioarteko eragileen artean zabaltzeko katalogo espezializatua. Katalogoan agertzen diren taldeak estilo, gaurkotasun eta garrantziaren irizpideetatik abiatuta aukeratu dira, Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboarekin eta KultuKlik plataformarekin, euskal kulturaren gune interaktiboa, lankidetzan.
WOMEXen presentzia nazioartekotzeko plataforma estrategikoa izan da azken urteotan euskal artista askorentzat. Neomak (2023), Amak (2021), Xabi Aburruzaga (2020), Topa-K (2019), Kalakan (2018) eta Juan Mari Beltran (2017) bezalako taldeak aurreko edizioetako parte izan dira, euskal musikaren ikusgarritasuna sektoreko erakusleiho garrantzitsuenetako batean sendotuz.