Musika elektronikoari buruzko Dantz Network Congress nazioarteko kongresuaren bigarren edizioan, Goxoa Grooves, Landeramez eta Puñales izango dira Dantz erakundeak BASQUE.MUSIC.-i esker hautatutako Euskal Herriko hiru artistak, haien proposamena sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko eta Donostian showcase bat eskaintzeko.
Musika elektronikoari buruzko Dantz Network Congress nazioarteko kongresuaren bigarren edizioan Goxoa Grooves, Landeramez eta Puñales Euskal Herriko hiru artistak hartuko dute parte.
BASQUE.MUSIC. eta Dantz-en arteko lankidetza hitzarmen bati esker, kongresuan parte hartzeko aukera izango dute (martxoaren 4tik 7ra). Bertan, programazio profesionala zabala izango da: hitzaldiak, mahai-inguruak, masterclass eta showcase-ak, besteak beste. Topaketak mundu osoko artistak, sektoreko profesionalak, jaialdiak, erakundeak, ekintzaileak eta kultur eragileak bilduko ditu, eta esperientzia-trukea, berrikuntza teknologikoa, lankidetza, sektorearen profesionalizazioa eta talentu berria bultzatzea izango ditu ardatz.
Aukeratutako artistek speedmeting saio batean parte hartuko dute musikaren industriako nazioarteko profesionalekin, martxoaren 5ean, 11:00tan, Kursaalen. Gauean, artista bakoitzak showcase bat eskainiko du Cripta Cluben (23:00 – 04:00). Hurrengo egunean, pitching batean parte hartuko dute 16:30etan (Kursaal).
Hauxe da showcase-en ordutegia:
- Goxoa Grooves (23:00-00:30)
- Puñales (00:30-02:00)
- Landeramez (02:00-04:00)
BASQUE. MUSIC. Euskal Herriko musika sorkuntza eta industria nazioartekotzeko plataforma da; Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Musika Bulegoak lankidetzan garatutako ekimen publiko-pribatua.