Musika Bulego elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, kulturaren arloan prestakuntza eta ikerketa bultzatzeko. Akordioa Aretxabaletako campusean sinatu dute Iker Duranak eta Amaia Ispizuak —Musika Bulegoko zuzendari kudeatzailea eta zuzendaritzako kidea, hurrenez hurren—, eta, Mondragon Unibertsitatearen aldetik, Nagore Ipiñak eta Xabi Igoak —Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa eta fakultateko komunikazio-arloko zuzendaria, hurrenez hurren—.
Sinatutako hitzarmenaren helburua da bi erakundeen arteko lanaren oinarria finkatzea, besteak beste kulturaren sektorearen prestakuntzan eta ikerketan, eta bi erakundeek musikaren sektorean eragina izatea.
Hitzarmenak aurreikusten duenez, bi erakundeek elkarlanean jardungo dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea ikasturte honetan ematen hasi den Kultur eta Sormen Industrietako Gradu berrian. Horren ondorioz, musikaren sektoreko profesionalek parte hartuko dute graduan. Gainera, ikasleek elkartean egin ahal izango dituzte praktikak eta gradu-amaierako lana. Azkenik, bi erakundeek adostu dute kulturaren arloko ikerketa eta prestakuntza sustatzea, baita sor daitezkeen beste proiektu batzuetan lankidetzan aritzea ere.
Dokumentua sinatu ondoren, Iker Durana Musika Bulegoko zuzendari kudeatzaileak adierazi duenez, «hitzarmen honek aukera ematen digu musikaren sektorearen errealitatea unibertsitatera hurbiltzeko, eta elkarrekin lan egiteko, ikasleek jardunean dauden profesionalekin ikasi ahal dezaten. Ziur gaude lankidetza horrek berrikuntza sustatu eta gure inguruko kultura-sarea indartuko duela».
Bestalde, Nagore Ipiñak, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoaren iritzian, «kulturaren eta sormenaren alorretako industriaren funtsezko eragilea» da Musika Bulegoa, eta, azpimarratu duenez, «harreman horrek bi zentzuetan izango du eragina: alde batetik, ikasleek sektore profesionala ezagutu ahal izango dute eta, bestetik, sektore profesionalaren beharrei erantzuteko aukera bat da».
Ekitaldiaren amaieran, erakundeetako ordezkariek esan dutenez, espero dute lankidetza emankorra izatea eta etorkizunean bien artean kultura- eta hezkuntza-arloko proiektuak sortzea.