100 proposamen baino gehiago Musika Bulegoa Sarien seigarren ediziorako

Ehun lan baino gehiago, erdiak emakumeak buru direla, lehiatuko dira Euskal Herriko Musika Bulegoak antolatutako euskal musika panoramako sari garrantzitsuenak diren Musika Bulegoa Sariak 2022 izenekoetarako. Orain epaimahaiak saridunak aukeratu beharko ditu, eta ez da erraza izango. Euskal sortzaile, artista eta musika taldeen azken lanak baloratu beharko ditu, maiatzaren 17an Bilbao Exhibition Centren egingo den entrega-galan behin betiko zerrenda aurkeztu ahal izateko.

Deialdi berri honetara estilo askotako musika lanak aurkeztu dira, pop-rock-urban, musika klasiko garaikidea, folka, jazza edo musika elektronikoa, besteak beste. Euskara da proposamen gehienen hizkuntza nagusia (% 59), lan instrumentalek pisua irabazi duten arren (% 22). Gainerako lanak gaztelaniazkoak dira (% 11) eta hamar proiektutik ia bat beste hizkuntza batzuetan egin da.

Musika Bulegoa Sarien sei edizioetan lehen aldiz, proposamenen erdietan emakumeak dira buru.

Sektoreak ez du lan erraza izan aurten. COVID-19ak sortutako pandemiak ezarritako mugek pertsona horien guztien lana zaildu baino ez dute egin, eta, lan kulturalak ekoizteko garaian dauden ohiko zailtasunez gain, bi urte luzez arazo erantsi horri aurre egin behar izan diote. Hala ere, euren burua berrasmatzen eta euren azken lanak munduari eskaintzen jakin dute, euskal musikaren sektorea oso bizirik dagoela erakutsiz.

Pilota musikariz, kazetariz, eta musika-programatzailez, eta hezkuntzaren eta kulturaren mundutik datozen pertsonez osatutako adituen epaimahaiaren teilatuan dago orain. Horrela, epaimahaiak 10 sarituetatik 8 aukeratu beharko ditu. Aurrekoetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezia emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntzan, sentsibilizazioan edo zabalkundean proiektu aipagarria gauzatzeagatik. Gainera, Etxepare Euskal Institutuak beste sari bat banatuko du. Oraingo honetan, euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko artista edo talde baten lana aintzatetsi gura da. Horrela, balio bera izango duten 10 sari emango dira guztira, ez baitago inolako kategorizaziorik.

Epaimahaiaren deliberazioak amaitu ostean, saritutako lanen berri emango da Bilbao Exhibition Centren egingo den eta zuzeneko emanaldiak izango dituen festan. Horrela, sariak Bizkaira itzuliko dira, ekimenaren abiapuntura. Ekimenaren helburuak euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutaraztea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea dira, besteak beste.

Seigarren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren, LABORAL Kutxaren eta Etxepare Euskal Institutuaren babesa jaso du lehiaketak.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU