54. DURANGOKO AZOKAREN BALORAZIOA

Partekatu
Aitor Bengoetxea

DA! Pro topaketa, Euskal Herriko musikaren sektorearen erakusleiho berria

Musikaren sektorearentzat Durangoko Azokaren eta Musika Bulegoaren artean antolatu den topaketa izan da DA! 54 azokaren berrikuntza nagusia. Lehenengo aldiz egin den topaketa honetan programatzaileen eta sortzaileen, edo hauen ordezkarien, arteko aurkezpenak antolatu dira.

Azokaren lehen egunean Bartolome Ertzila Musika Eskolan burutu zen ekimenak goiz osoko iraupena izan zuen eta formatu ezberdinetan aurkeztu ziren proiektuak: ikus-entzunezkoak, zuzenekoak eta aurkezpen bilerak. 10 minutuko iraupena izan zuten aurkezpen hauek DA! Azokan eskuragai zeuden nobedade ugari programatzaileei zuzenean iristeko aukera eskaini zuten.

Askotariko proposamenak aurkeztu ziren lehendabiziko edizio honetan: gazteei nahiz helduei zuzendutakoak, estilo ezberdinetakoak (folk, rock, elektronika, rap, etab.), talde berri nahiz ibilibide luzekoak eta proiektu didaktikoak, besteak beste.

Programatzaileei dagokienez, areto pribatuetako ordezkariek, ziklo nahiz jaialdietako ordezkariek, Euskal Herriko antzokietako ordezkariek eta udal teknikariek parte hartu zuten.

Ekimen berri honi esker Musika Bulegoak bat egiten du azkeneko urteetan DA! Azokaren arrakastaren sekretuarekin: gertutasuna.

 

Erronka berriak: formatu fisikoa eta gero zer?

Aro digitalak eta kontsumo-bide berriek formatu fisikoaren azken txanpan kokatu gaituzte. DA! Azokan musikak orain arte izan duen arrakasta mantentzeko garrantzitsua da formatu berriak bilatzea. 54. edizio honetan aipagarria izan da ‘Dupla Chups’ eskaintza berritzailea. Horrekin batera hainbat standetan egin diren pack eskaintzak ere oso erakargarriak izan dira. Azkenik, musikariak bere diskoak aurrez aurre saltzen egotea oso garrantzitsua da zaleak Durangora etortzen jarraitzeko.

Euskal diskogintzaren katalogo aberatsa ere aipagarria da. Zale eta erosle ugari erakartzen ditu eta bildumazaleen nahiak betetzeko balio du.

Aipagarria da belaunaldi berriek euskal musikagintzan duten eragina: etxeko txikienei zuzendutako eskaintzak ugaritu egin dira.

Aitor Bengoetxea
Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU