BASQUE MUSIC MONKEY WEEK JAIALDIAN

Partekatu

Euskal musika atzerrian zabaltzeko Basque Music plataformak aurten ere hartuko du parte Monkey Week jaialdian. Sevillan izango da hori, urriaren 12tik 14ra bitartean. Jaialdiaren bederatzigarren urtea izango da, eta egoitza aldatu ondoren Andaluziako hiriburuan egingo duten bigarrena. Bertan, Basque Musicek sustatutako showcasea eskainiko dute Euskal Herritik joandako Willis Drummond, Tooth, eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek.

Izan ere, Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Soinuak erakundeak (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailekoak) bultzatzen duten ekimenak hitzarmenak egin ditu hainbat azoka eta jaialdirekin, aurten ere Euskal Herriko musika sar dezaten euren programazioetan. Hain zuzen ere, hitzarmen horietako baten ondorioz dator Sevillako parte-hartzea.

Monkey Week musika independentearen erakusleihorik onenetakotzat jotzen dute. Kontzertu eta jardunaldi profesionalekin batera, Monkey Market izeneko espazioa eskaintzen du, enpresen arteko komunikazioa bultzatzeko, negozio-lerroak sustatzeko eta musika independentearen sektoreko eragileen arteko sinergia ahalbidetzeko. Eremu horrexetan jarriko du Basque Musicek bere standa, Euskal Herriko musikarekin lotura duten sektoreei buruzko informazioa emateko.

SHOWCASEA

Willis Drummond, Tooth, eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen emanaldia urriaren 13an, ostiralean, izango da Santa Clara espazioan (Arnette agertokian), 18:15etik aurrera. Iparraldeko taldea arduratuko da showcaseari hasiera emateaz, eta Gernikako taldea taularatuko da gero, 19:30ean. Azkenik, Gipuzkoako bikoteak emango dio amaiera, 20:45ean. Showcase bateratu hori eskaintzeaz gain, hiru taldeok Monkey Weekeko beste agertoki banatan ere joko dute. Niña Coyote eta Chico Tornado taldea ostegunean, urriaren 12an, agertuko da Hercules zumardiko The Happy Place Xn (22:15ean); larunbatean, hilaren 14an, Willis Drummonden txanda izango da, Holiday aretoan (21:00etan); eta egun horretan bertan emango du Tooth taldeak bere emanaldia Fun Club-AIE agertokian, 23:15ean.

Willis Drummondek bere estudioko bosgarren albuma, Tabula Rasa izenekoa, kaleratu zuen 2016an. Iparraldeko taldeak ez dio inoiz iraganari begiratu, garai hobea izan zitekeelakoan. Jakina, iraganeko musikaren eragina nabaritu egiten zaio: 90eko urteetako agertoki independente eta alternatiboena —Seattle, Washington, Boston eta Irun—, 80ko urteetako post punkarena eta baita punk rockaren hasierako taldeena ere (Dead Boysena, besteak beste). Alabaina, hori guztia barneratu eta bere egina dute, eta gaur egun taldea Australiako ekoizpen berrienetara hurbiltzen da: New Christs, Beast of Bourbon eta The Drones taldeak dituzte jomugan, adibidez. Izan ere, The Drones taldearen Havila album mitikoaren ekoizlearengana jo du tadeak Tabula Rasa ekoizteko: Burke Reidengana, alegia (The Drones, Courtney Barnett…).

Tooth 2009an sortu zen eta urte horretan bertan kaleratu zuen lehen demoa. Hari esker, bigarren lekua eskuratu zuten Busturialde Rock lehiaketan. Lehen EPa 2012an ekoitzi zuten Arratzuko KORTUREC estudioan, Jon Urriolabeitia Urriren zuzendaritzapean. Disko horri esker, finalerdietara iritsi ziren Bilbo Hiria pop-rock lehiaketan. 2015ean, berriz, Bi izeneko lehenengo lan luzea kaleratu zuten; Mungiako Muxikon Estudiosen grabatu zuten, Iñigo Etxebarrieta Pituren zuzendaritzapean. Taldeak post-hardcorea egiten du, noise rockarekin nahastuta. Tootheko kideen esanetan, talde ugariren eragina jaso dute; besteak beste, Sonidos del Bidasoa, Dut, Izaera eta Lisabö aipatzen dituzte, baina baita nazioarteko zenbait talde ere, hala nola Unsane eta Helmet.

EATE da Niña Coyote eta Chico Tornadoren azken lana. Bikoteak berak editatu zuen, Pozoi Record zigiluaren bidez. Taldearen arima gitarraren soinuen artean ezkutatzen da, eta EATEn ere esperimentazio-bideari eutsi diote, soinuaren bilaketan urrats berria eginda. Ahotsean ere jauzi handia egin dute. Distortsioarekin, interpretazioekin jokatu dute, emaitza erakargarria lortu arte. Aireak aurreko lanetan baino sendoagoak dira, eta, beste diskoetan bezala, soinu instrumentalek leku handia hartzen dute.

Dena dela, Willis Drummond, Tooth, eta Niña Coyote eta Chico Tornado ez dira euskal musikaren enbaxadore bakarrak izango Sevillan. Izan ere, datorren ostegunean hastekoa den edizioan, beste talde batzuen partaidetza baieztatu dute. Hor izango dira, adibidez, Iseo & Dodosound, Rrucculla, Albert Cavalier, Vulk, Luma, Shinova eta Cabezafuego.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU