Carlotta Ferrari eta Luis Serrapio, ISCM-Musika Bulegoa Abesbatzetarako Konposizio Lehiaketaren irabazleak

Partekatu

Musika Garaikidearen Nazioarteko Elkarteak (ISCM) bere mendeurrena ospatzen ari da 2022an. «ISCM Collaborative Series» ekimenaren barruan, Musika Bulegoak eta Musikagileak, ISCMko euskal bazkideek, abesbatza amateurrentzako obrak sortzeko Konposizio Lehiaketa baten deialdia egin zuten apirilean, koruen eszena garaikideari bultzada berria emateko asmoz.

Mundu osoko berrogei obra baino gehiago jaso ondoren, epaimahaiak, Mikel Urquiza (konpositorea), David Azurza (konpositorea, abeslaria eta zuzendari korala) eta Mikel Chamizo (konpositorea eta ISCMko ordezkaria) osatutakoa, Carlotta Ferrari konpositore italiarraren eta Luis Serrapio konpositore galiziarraren proposamenei ex aequo Lehen Saria ematea erabaki du. Sari ekonomikoaz eta ISCMk partiturak argitaratzeaz gain, bi lanak urriaren amaieran estreinatuko dira Tolosako 53. Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan, eta gero Musika Garaikideko XIII. Musikagileak Zirkuituaren programazioaren barruan interpretatuko ditu ere KUP Taldeak, Gabriel Baltések zuzendaritzapean.

Era berean, Gerson Batista portugaldar konpositorearen The sailor obrari Aipamen Berezia egitea erabaki du epaimahaiak, sari ekonomiko batekin eta ISCMren argitalpenarekin. Euskarazko lan onenari Sari Berezia, bestalde, eman gabe geratu da.

 

IRABAZLEEI BURUZ

Carlotta Ferrari (1975) Konposizioko katedraduna izan zen Shijiazhuangeko (Txina) Hebeiko Unibertsitate Normalean, eta gaur egun musika-konposizioko irakasle laguntzailea da European School of Economicseko (Firenze, Italia) Arte eta Musika Departamentuan. Milan eta Florentziako kontserbatorioetan ikasi zuen, eta iraganaren eta orainaren nahasketa bilatzen duen hizkuntza pertsonala garatu du. Epaimahaiak The Heart Asks Pleasure First, Emily Dickinsonen poesiaren gainean egindako bere lana, «musikaren eta testuaren intimismoaren artean lortzen duen egokitzapen bikainagatik» saritu du.

Luis Serrapiok (1992) tronpeta ikasi zuen Vigoko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, Suitzako Zürcher Hochschule der Künste-n eta Alemaniako Hanns Eisler Musik Hochschule-n. Així com Cell lanean, Ausiás March olerkari valentziaren izen bereko poemari musika jartzen diona, Erdi Aroko ahots-formetan oinarritu da, hala nola moteteetan edo madrigaletan. Epaimahaiak «bere hizkuntza harmonikoaren nortasuna eta bere ahozko idazkeraren lirismoa» baloratu ditu.

Gerson Batista (1988) konpositore, antzerkigile eta poeta portugaldarra da. Solfeoa, organoa eta ahots-teknikak ikasi zituen Calouste Gulbenkian Kontserbatorioan, eta ordutik liburu eta obra ugari argitaratu ditu, sorkuntza ugari taularatu ditu eta mundu osoan zehar estreinatu ditu lanak. Egilearen arabera, The sailor «mundu globalizatu bateko bizitzaren eta denboraren joanaren deskribapen metaforikoa» da. Epaimahaiak «ahotsaren erabileraren originaltasuna eta soinu-atmosferak sortzeko duen eraginkortasuna” nabarmendu ditu.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU