Classical Next, bestelako eta interes handiko azoka
Partekatu
Mikel Urquizak, Musikagileak elkarteko konpositoreak eta kideak, Rotterdamen ospatutako Classical Next 2017 azokan izandako esperientzia kontatu digu
Classical Next berrikuntzara bideratuta dagoen eta urtero egiten den musika-azoka bat da, eta aurtengoa seigarren edizioa izan da. Bulegoak Berlinen egon arren, azoka Rotterdamen egiten da, helbide amerikarra du eta mundu osoko jendea gerturatzen da.
Azoka Rotterdameko Orkestra Filarmonikoaren De Doelen egoitzan egiten da eta musika-sorkuntzaren alderdi askoren indar ekonomikoa garatzeko helburuarekin jaio zen; horrela, bada, erreferentziazko hitzordu bihurtu da sektoreko eragileentzat.
Standak sarbideetan kokatzen dira: nazionalak (Frantzia, Australia, Kanada, Suitza, Polonia…), eskualdekoak (Katalunia, Balearrak, Calabria…) eta pribatuak (argitaletxeak, diskoetxeak, agentzia eta enpresa teknologikoak…). Bestalde, aretoetan hainbat ekitaldi-mota egiten dira: hitzaldiak, show-case deiturikoak, kontzertuak, adituekin bilerak eta networking saioak.
Askotan, stand nazionalek zenbait kolektiboren eta banakoren jarduerak hartzen dituzte, eta harreman profesionalak garatzeko nazioarteko publikoa erakar dezaketen ekitaldiak antolatzen. Topaketa horiek bakoitzaren gastronomiaren inguruan artikulatu ohi dira eta askotariko konfigurazioak izan ditzakete. Jaialdiarekin bat datozen “OFF” ekitaldiak izan ohi dira, baina azokak ez ditu antolatzen. Hori da, esaterako, Londresko Barbican Zentroan egingo duen jaialdia sustatzeko konpositore eskandinaviarren elkarteak eskainitako kontzertuaren kasua.
Show-case deiturikoek hogeita hamar minutuko iraupena izaten dute eta hainbat estetika eskaintzen dituzte: musika garaikideko taldeak, opera-muntaketa txikiak, jazz-comboak eta musika inprobisatuko taldeak. Bakarlari eta talde nazional ugari izaten dira, baita fusio-proposamenak ere. Jaialdiak proposatutako kontzertuak luzeagoak eta asmo handiagokoak izaten dira; hori ditugu, esaterako, DJ Gabriel Prokofiev ezagunaren emanaldiak edo Rotterdameko Orkestra Filarmonikoaren kontzertua (ordaindu beharrekoa), Michael Gordon eta John Luther Adams konpositore amerikarren pieza monumentalak eskaintzen dituena. Bada beste hedapen mota bat ere: azokako zenbait puntutan pantailak kokatzen dira muntaketa eszenikoen grabazioak ikusi ahal izateko.
Hitzaldiak eta networking ekitaldiak quorum murriztu eta profil zehatz batentzat planteatzen dira, eta sektoreka taldekatzen ditu bertaratuak. Musikagileak elkartearen helburuetara egokitutako hitzaldirik edo bilerarik ez izan arren, munduko orkestra-sarearen (Global Orchestra Networken) bilerara joan nintzen, eta, bertan, kideek −kontinenteka banatuta− guztiok ditugun arazoak aztertu zituzten: finantziazioa, programazioa, helburuak eta abar.
Classical Next bestelako eta interes handiko azoka da, eta gutxi zehaztutako proposamen artistikoa du. Dena den, sektore sortzailearen (anglosaxoia batez ere) zati handi bat mugiaraztea lortzen du, benetako topaketa-, lankidetza-, hedapen- eta negozio-aukerak sortuz.
Partekatu
Hauek ere interesatuko zaizkizu
2024/04/08Berriak,Nazioartekotzea,MB Nazioartekotzea
Izaro BIME Bogotan, BASQUE. MUSIC.-en eskutik
BIME Bogota azokaren hurrengo edizioa 2024ko maiatzaren 8tik 11ra egingo da. Izarok BASQUE. MUSIC. plataformak antolatutako showcase-ean parte hartuko du. Musika Industriaren Nazioarteko BIME…
2023/12/14Nazioartekotzea,DeialdiaDeialdia amaitu da
Basque. Music. BIME Bogota 2024n: Euskal Herriko artista eta taldeei zuzendutako deialdia
Basque. Music.-ek eta BIMEk euskal talde edo bakarlari batek BIME Bogotá musika azoka profesionalaren hirugarren edizioan parte hartzeko deialdi bat abiatu dute. Deialdi honetan parte hartzeko…
BIME x Stereorocks club 2023: Celia Carrera, Hugo eta Paul Larrozea
Celia Carrera, Hugo eta Paul Larrozea musika elektronikoko artistak hautatuak izan dira BIME x Stereorocks Club ekimenaren bigarren edizioan parte hartzeko. Lehengo urteko arrakastaren ondoren, BIMEk…
Basque. Music. at BIME Live 2023: NHIL, STR & Divorce From New York
Nhil, STR eta Divorce From New York taldeak hautatuak izan dira BASQUE. MUSIC. -ek BIME LIVE-en hurrengo edizioan antolatuko dituen showcases saioetan parte hartzeko (2023ko urriaren 25etik 28ra).…
Basque. Music. at Womex 2023: Neomak
Womex, munduko musika-profesionalen bilerarik garrantzitsuenaren 29. edizioa A Coruñan burutuko da urriaren 25etik 29ra. Jaialdi honetan, 45 herrialdetako 40 artista baina gehiagok hartuko dute parte…