Flandriarekin kooperazio teknikoa eta lankidetza proiektuak sustatzeko dirulaguntzak

Eusko Jaurlaritzak Flandriarekin kooperazio teknikoa eta lankidetza proiektuak sustatzeko dirulaguntzak jarri ditu abian, azken bi urteetan egindako topaketa profesionalen ondoren.

Kultura eta sorkuntzaren alorrean Flandria eta Euskadiren arteko harremanak sakontzea helburu duen deialdia 2023ko urtarrilaren 19tik otsailaren 19ra egongo da zabalik.

Flandria Euskadiren nazioarteko Bazkide Estrategikoen Sareko kide izanik, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatu du deialdia. EAEko sortzaile eta kultur eragileei zuzenduta dago, eta Flandriarekin kooperazio teknikoa sustatzea du helburu. Diru-laguntza guztietarako 40.000€ko zuzkidura orokorra izango da eta proiektu bakoitzeko jasoko den diru-laguntzaren zenbateko osoa ezin izango da 5.000 eurotik gorakoa izan.

Flandriako Kantzilergo eta Atzerri Ministerioak bigarren deialdi bat aterako du astelehenean, urtarrilak 23, eta Flandriako sortzaile eta kultur eragileei egongo da zuzenduta. Horren bidez, bi herrialdeen arteko elkarlan kulturalerako sareak eta proiektuak sortuko dituzte gurean ere.

Laguntzaren inguruko informazio osoa esteka honen bidez kontsultatu daiteke.