Hiru euskal talde Hego Afrikako ISCM Jaialdian

Azaroaren 24tik abenduaren 4ra, Hego Afrikako Johannesburgon eta Lurmutur Hirian, musika garaikidearentzako ekitaldi historiko bat ospatuko da: ISCMren (International Society for Contemporary Music) mendeurrenaren ospakizuna. Salzburgon sortu eta 1923an Londresen bere lehen jaialdia ospatu zuen mundu mailako elkarte honen historia luzea zeharkatuko duen jaialdi handi bat izango da. Gainera, lehenen aldia izango da jaialdi hau, World New Music Days izenekoa, Afrikako kontinentean ospatzen dela. Erabaki hori nahita hartu zuen erakundeak mendeurrena jasoko zuen herrialdea aukeratzeko unean, bere historiari kritika eta etorkizuneko erronkei keinu gisa.

Hamar egunetan zehar, Hego Afrikako bi hiriek mundu osotik etorritako musika garaikideko konpositoreak eta interprete ospetsuak agurtuko dituzte. Ia 30 kontzertutan zehar, egungo sorkuntza berriaren, ISCMren errepertorio historikoaren eta Afrikako musika klasiko-garaikidearen erakusgune izango da; azken hau, oso ezezaguna Afrikatik kanpo, presentzia nabarmena izango du egitarauan. Jaialdiaren zuzendaritza artistikoa Lukas Ligeti konpositore eta perkusionistaren esku egon da. György Ligetiren semea da, XX. mendeko konpositore handienetako bat (bere musika, adibidez, Stanley Kubricken El resplandor edo 2001 filmetako soinu-bandetan entzun daiteke).

Musika Bulegoa 2016tik ISCMko kide da eta Musikagileak, Euskal Herriko Konpositoreen Elkartearekin batera joaten da urtero jaialdi ibiltari honetara (azken edizioak Zeelanda Berrian, Estonian, Txinan eta Kanadan ospatu da). Aurten, Musika Bulegoak hiru euskal talderen partehartzea kudeatu du: Akartia Hirukotea, Casado-Croccolino Bikotea eta Oreka TX. Parte hartzen lehena Roberto Casado txirulariak eta Francesca Croccolino pianistak osatzen duten bikotea izango da. Azaroaren 27an, astelehena, Johannesburgoko Unibertsitateko auditorioan arituko dira, Justinian Tamusuza (Uganda), Fred Onovwerosuoke (Nigeria), Bongani Ndodana-Breen (Hego Afrika) edo J.H. Kwabena Nketia (Ghana) bezalako konpositore afrikarrei eskainiko dieten programa batekin. Bikotearen bakarkako errezitaldiaren ondoren, Roberto Casado txirulariak jaialdiko beste kontzertu batzuetan parte hartuko du, bai Johannesburgon bai Lurmutur Hirian, mundu osotik etorritako beste musikariekin elkarlanean jaialdirako propio sortutako hainbat musika-taldetan.

Akartia Hirukoteak Gasteizen du egoitza, eta Stefanie Knorr sopranoak, Naiara de la Puente akordeoi-jotzaileak eta Iñigo Setuain saxofoi-jotzaileak osatzen dute. Hiru musikari gazteak abenduaren 1etik 3ra bitartean Lurmutur Hirian zehar izango diren hainbat kontzertuetan arituko dira, bai hirukotean, beste musikariekin batera edo bakarlari modura, Youngblood Gallery, Norval Foundation edo Ian Burgess-Simpson Studio bezalako agertokietan.

Azkenik, eta Lukas Ligetik espresuki eskatuta, Mikel Ugarte eta Harkaitz Martinez de San Vicentek osatutako Oreka TX txalapartari bikotea joango da Hego Afrikara. Emanaldi bikoitza eskainiko dute abenduaren 2an Lurmutur Hirian: 12:00etan, Victoria & Albert Waterfront aire zabaleko espazioan, txalaparta kontzertua eskainiko dute, euskal folklorearen instrumentu paradigmatiko honen aukerak erakutsiz; eta, arratsaldean, 19:30ean, Norval Foundation-en, erroko musiken beste interprete batzuekin partekatuko dute agertokia: Ernesto Martínez mexikarra eta Bisaso Albert Ssempeke eta James Isarbiye ugandarrak, egun batzuk lehenagotik elkarrekin prestatzen egongo diren sorkuntza-lanaren fruituak erakusteko.

Euskal Herriko 7 euskal musikarien presentziarekin batera, gaur egungo euskal musika ere entzun ahal izango da Hego Afrikan. 2023ko ISCMren deialdi ofizialean hautatutako euskal musika-lana Teresa Catalanen Larrazpileko jentilen trikuharritik izan zen. Partitura 2019an estreinatu zen Donostiako Musika Hamabostaldian, eta abenduaren 1ean ikusiko du bere nazioarteko aurkezpena Lurmutur Hiriko Youngblood Galleryn, David Bester biolin-jotzailearen, Aristide du Plessis biolontxelo-jotzailearen eta Nina Schumann pianistaren eskutik. Catalanen obraz gain, Casado-Croccolino Bikotearen eta Akartia Hirukotearen emanaldietan ere euskal musikako hainbat orrialde entzungo dira.

Euskal musikarien ordezkaritza zabal honekin batera, Musika Bulegoak ISCMren Biltzar Nagusian parte hartuko du. Jaialdiarekin batera egingo da 4 egunez, eta bertan erabakiko dira musika garaikidearen aldeko elkarte honek datozen urteetan jarraituko dituen jardun-ildoak.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU