Lau musika-talde eta sei artistaren lana aitortu dute VII. Musika Bulegoa Sariek

Partekatu
  • Oreka TX, Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís, Elena Setién eta Kepa Junkerak jaso dituzte sariak.
  • Errenteriako Lekuona Fabrikan ospatu da sari-banaketa ekitaldia, sarituetako batzuren zuzeneko emanaldiekin.

Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu ditu gaur arratsaldean, Errenterian. Orotara 10 sari banatu dira, inolako mailaketarik gabe: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Institutuak emandako bat eta EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria.

“Euskal musikaren aniztasunaren isla” izan da Lekuona Fabrikako aretoan bizitakoa, Amaia Ispizua, EHMBEko ordezkariak azpimarratu duen modura, genero, erritmo eta doinu mota ugariren ordezkari baitira aurtengo saridunak.

Bertan izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Diputatua; Mikel Etxebarria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ekintzako Zerbitzuko burua; Marije Etxaniz, babesle nagusi izan den Laboral Kutxako komunikazio-zuzendaria; edota Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria. Dozenaka musikari, ekoizle, manager, programatzaile, kazetari eta musikazale ere presente izan dira gaur arratsaldeko jai-kutsuko galan.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika-proiektu eta -proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek. Hala, sarien zazpigarren edizio honetako saridunak hauexek izan dira: Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís eta Elena Setién.

Etxepare Euskal Instiutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero. Bada, aurten, Oreka TX taldeak jaso du errekonozimendu hori.

Aipatutako bederatzi proiektu hauetako bakoitzak, 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana jaso dute.

Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak, halaber, ohorezko sari berezia ere eman ohi du urtero. Aurten, Kepa Junkera aitortu du, “Euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa errismo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz”. Modu honetara, trikitilari bilbotarraren ibilbide oparoa bera ere goraipatu nahi izan du EHMBEk, 30 disko baino gehiago argitaratu baititu hiru hamarkada baino gehiagokoren buruan. “Hunkituta bezain eskertuta” jaso du saria.

Afrika Bibang eta Jon Gomezek gidatutako sari-banaketa ekitaldia bera mamitsua izan da, gainera. Aitortutako talde batzuk zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte. Hain zuzen, Oreka TX, Elena Setién, Enrike Solinís eta Ines Osinagaren doinuak entzun ahal izan dira. Segidan DJ Inesek girotutako koktelaz gozatu ahal izan da.

Sarien erdia, emakumeentzat

Datu interesgarriak utzi ditu 2023. urteko Musika Bulegoa Sarien 7. edizio honek. Genero ikuspegitik, aipagarria da hamar saritik bost emakumezkoentzat izan direla. Nabarmen igo zen iaz emakumeen proposamen kopurua, erdira, eta aurtengoan ere konfirmatu da genero arrakala hori iraultzen ari denaren joera: lanen %42ak izan du emakumeen lidergoa.

Musika estiloari dagokionez, 10 proposamenen artetik hiru pop-rock estilokoak izan dira. Anitza izan da, hala ere, uzta: klasikoa, folka, jazza, musika elektronikoa, estiloen arteko fusioak… Euskararen trataera ere nagusi da hizkuntzari erreparatuta: lanen %70.

Zazpigarren edizio honetarako, LABORAL Kutxaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Kultura Sailaren, Etxepare Euskal Institutuaren, Errenteriako Udalaren eta Sympathy for the Lawyer erakundearen babesa jaso du Musika Bulegoa elkarteak.

Materiak erabilgarri gehiago:

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU