Music Moves Europe Talent Awards sarietan finalista diren MELENAS taldeari elkarrizketa

Partekatu

2017an lehendabiziko diskoa kaleratu zuenetik gelditu gabe dabil Iruñeako taldea. Medio espezializatuen kritika onei nazioarteko kontzertuak batu zaizkie (SXSW, Eurosonic, etab.). Ostiralean, urtarrilak 15, jakingo dugu Music Moves Europe Talent Awards sari ospetsuetan irabazle izan diren.

Duela urtebete Eurosonic-en zeundeten maiatzean Trouble in Mind Records diskoetxearekin kaleratuko zenuten ‘Dias raros’ diskoa aurkezten. 2021ean Eurosonic-era itzuliko zarete zuzenekoa eskaintzera baina oraingoan Music Moves Europe Talent Awards sarietako finalista bezala. Nola bizi izan duzue azkenengo urtea?

Arraroa izan da. Talde bezala hasieratik albiste eta esperientzia onak izan ditugu: Eurosonic 2020an izan ginen, New Yorkeko NYFWan otsailean, eta gure bigarren diskoa argitaratu genuen pandemiaren erdian, maiatzean!. Ondoren diskoa horren ondo hartu izana eta Henry Rollins bezelakoek bere disko kuttunenen artean izendatzeak, Music Moves Europe Talent Awards sarietarako finalista izatea,  edo ezagutzen ez duzun norbaitek idaztea gure diskoa zein garrantzitsua den esaten, etab. Bizi dugun egoeran aurrera egiten lagundu diguten gauza asko izan dira. Beste alde batetik penaz gelditu gara proiektu ugari bertan behera gelditu direlako eta diskoa ezin izan dugulako behar bezala zuzenean aurkeztu. Baina hainbat kontzertu eskaintzeko aukera izan dugula eta oraindik 2021era begira esperantza dugula pentsatu nahi dugu.

Irailean Music Moves Europe Talent Awards sarietan finalista zaretela iragarri zenetik promozio kanpaina ezberdinetan parte hartu duzue. Horrek jende askorengana iristen lagundu dizuela pentsatzen dut.

Ez gara gelditu! Music Moves Europe Talent Awards sarietan izendatuak izatea aukera paregabea izan da guretzat. Guzti honek dakarren promozioak herrialde ezberdinetako jendearengara iristen lagundu digu, Gu ezagutzea eta gugan interesa izatea izugarria da. Guzti honekin oso eskertuta gaude.

 

Melenas Imagen: Lucía Salas

2017an Basque. Music. Showcase-ean kontzertua eskaini zenuten BIME PROn. Gauza asko gertatu zaizkizue ordutik.

Pinpirinkeria badirudi ere gure ametsa bizitzen ari garela esan dezakegu. Hasi ginenean lautako inork ez luke imajinatuko bizitzen ari garena biziko genuenik. Gure lokaletik haratago aterako zenik, ezta kontzerturik eskainiko genuenik ere. Melenas-ek poztasun ugari ekartzen dizkigu eta leku eta jende ugari ezagutzeko aukera luzatu digu. Gure lanekin partekatu behar dugun inoiz deskonektatzen ez dugun lan bat da. Batzuetan nekatuta amaitzen bagugu ere esfortzuak merezi du. BIMEn jo genuenetik milioi bat gauza gertatu direla dirudi. Eta egia esan oraindik asko flipatzen dugu atzera begira jartzen garenean edo aurrera pausuak ematen ditugun bakoitzean.

Nola laguntzen dute Basque. Music. bezalako plataformek zuek bezala goraka doazen taldeei?

Asko eskertzen dugu Basque. Music. bezalako plataformek eskaintzen duten laguntza gu bezalako talde hasiberriei. Talde txikientzat oso garrantzitsua da jendearengana iristen laguntzea, eta honelako plataformek eskaintzen duten ikusgarritazuna beti da ona. Baita jaialdietan programatzeko aukera eskaintzea ere, non jende ugari biltzen den. Publiko zabalera iristen laguntzen dizu. Asko eskertzen dugu Basque. Music.-ek MME sarietarako izendatuak izatea.

Rock de Lux, Mondosonoro edo Ruta 66 bezalako aldizkarietan izan dituzuen kritika onez gain Premios Ruido sarietarako izendatuak izan zarete.

Lehen aipatu dugun bezala 2020a ez da disko bat kaleratzeko urterik egokiena izan. Baina oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Diskoa argitaratu genuenean ez genekien zer gertatuko zen: jendeak diskoak erosiko ditu? kontzerturik eskaintzeko aukerarik gabe zer gertatuko da? galdera ugari egiten genien gure buruei. Beraz, 2020a errekonozimendu hauekin eta Premios Ruido sarietara izendatuak izanda amaitzea flipatzeko eta ospatzeko modukoa da.

 

‘Dias raros’ diskoaren soinuak Melenas (2017) diskoan aurkeztu zenuten eragina erakusten duzue: garage-a, mendebaldeko kostaldeko psikodelia, dream pop-a, rock  n’ roll-a, etab. egitura errazak baina soinu helduagoa erakusten du lan berriak. 

Lehendabiziko diskoa grabatu genuenean oso denbora gutxi generaman ensaiatzen. Estudiora sartu ginenean gutariko batzuentzat lehendabiziko aldia zen estudio batean sartzen zirela. Ez genuen esperientziarik eta abestiak estudiora ia prestatu gabe eraman genituen. Hor nabari da lo-fi soinuaren eragina eta abesti batzuk estudioan bertan amaitu genituen.

Bigarren diskorako jada kontzertu ugari eman genituen eta ensaiatzen ere ordu asko pasa genituen. Zer grabatu nahi genuen ere oso argi genekien eta xehetasun gehiago bilatzen genituen. Horregatik ‘soinu helduagoa’ izatea bi diskoen artean izandako esperientziren ondorioa da.

Ekoizpenean Karlos Osinagarekin lan egiteak bilatzen zenuten soinu horrerara iristen lagunduko zizuen.

Bai, oso argi genuen soinua gehiago landu nahi genuela. Baita Karlosekin lan egin nahi genuela ere. Horregatik 4 demo grabatu genituen berarekin eta oso pozik gelditu ginen. Lortu zuen soinua oso gertu zegoen bilatzen ari ginenetik. Ez genuen zalantzarik izan bigarren diskoa grabatzerako orduan.

Aldi berean Guille F. Mutiloarekin (gure lehendabiziko diskoa grabatu zuena) ere lan egin nahi genuen. Sintetizadoreak eta teklatuak landu genituen berarekin, asko kontrolatzen du soinu hori eta asko gustatzen zaizkigu bere proposamenak. Diskoa Iruñea eta Tolosa artean grabatu genuen.

Diskoan nostalgias betetako abestiak ‘El tiempo ha pasado’ edo ‘Ya no es verano’ eta kantu elektrikoagoak ‘No puedo pensar’ edo ‘Tres segundos’ tartekatzen dituzue.

Bai, bizitzeko eta bizitza ulertzeko dugun modua da. Lauok partekatzen dugu arima nostalgiko hori, emo pixka bat duena, aurrera egiteko gogo horiekin. Denaz barre eginez ondo pasatzeko dugun gogoa, batez ere gutaz barre eginda, hori gure musikan eta letretan ere isladatzen da. Barruan dugun hori kanporatzeko abesten dugu, ezta?

‘Dias raros’ entzuten dudan bakoitzean road trip bat bizi dudala sentitzen dut.

Jaja, izan daiteke! Biziraupen eta esperientziaz betetako bidaia bat da zalantzarik gabe. Paisaia ezberdinetara eramaten zaituena. Asko pozten gaitu abestiek leku ezberdinetara eraman zaitzaketele jakiteak. Hori da musikatik gehien flipatzen gaituena. Eta gure musikak efektu berdin badu guretzat piropo handia da.

Undergraound eszena gogor kolpatu du pandemiak. Iruñeako Nebula eta Donostiako Dabadaba bezalako aretoak asko sufritzen ari dira. Bi espazio hauek zuen ibilbidean ezinbestekoak izan dira. Nola bizi duzue guzti hau?

Batez ere gizarte bezala eragiten digu. Honelako aretoak itxita egoteak edo denbora luzez itxita egon izanak jendeari beste mota bateko giroaz gozatzeko aukera eragozten dio. Eszena underground baten aldeko apustua egiten duten tokiak dira. Talde ezagunen edo hasiberrien kontzertuak antolatzen dituztenak. Honelako aretoek egoera hau horrenbeste denboraz pairatu izanak bere biziraupena ere zalantzan jartzen du eta horrek beldurra ematen du. Espero dugu itxi ez behar izatea. Guk asko botatzen dugu faltan Nebulara joatea garagardo batzuk edatera edo bertako sotoan kontzertuak ikustera.

Larunbatean, urtarrilak 16, Dabadaban egongo gara pase bikoitzarekin. Eta honek asko pozten gaitu.

¿Nola aurkezten da 2021a?

Ez dakigu zer gertatuko den. Hasteko ostiralean Music Moves Europe Talent Awards sari banaketa daukagu. Aukeratuak izaten bagara Europara jotzera joateko erraztasunak izango ditugu.  Covid-aren kontuak markatuko du birusaren aurretik ezagutu genuen normaltasunerako bidea. Horren arabera sortuko dira aretoetan eta jaialdietan jotzeko aukerak. Aurrera egiteko, musika sortzen jarraitzeko eta kontzetuak eskaintzeko gogoz gaude. Hori da gehien gustatzen zaiguna.

 

Melenas. Imagen: Lucía Salas

 

Testua: Arkaitz Villar

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU