“Musikak behar zaitu – Vive la música en vivo”, kontzertuetara joatea sustatzea helburu duen kanpaina

Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak bideo bat aurkeztu du, “Musikak behar zaitu – Vive la música en vivo”,” lemapean, ETS taldearen “Zurekin Batera” abestiarekin, gogoratuz musikak agertokietan jarraitzen duela eta publikoak zuzeneko emanaldiez modu seguruan gozatu dezakeela.

Bideoa Musika Bulegotik joan den hilean martxan jarri ziren ekimenen barruan kokatzen da, musika emanaldietara joatea sustatzeko, sektorea ikusarazteko eta kultur ekitaldien segurtasunaren balioa agerian jartzeko.

Musika Bulegotik kontzertu areto, antzoki eta auditorioak lanera itzuli zirenetik, protokolo sanitarioak ezartzen aritu direla azpimarratu nahi izan da, modu kontrolatuan eta zorrotzean, eta espazio horietan ez dela kutsadura esanguratsurik gertatu.

Ildo horretan, Musika Bulegoaren kanpainak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu zuzeneko kontzertuetara joatera eta kulturaz zuzenean gozatzera. “Musikak behar zaitu – Vive la música en vivo”,” lemapean, elkarteak bere jardueraren bideragarritasuna ikusarazi nahi du, eta herritarren eta oro har gizartearen babesa bilatu nahi du.

Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak herritarren eta instituzioen arreta eskatu nahi du pandemia sektorean eragiten ari den ondorioei buruz, eta ekimenak sustatu nahi ditu kontzertu areto, antzoki eta auditorioetara segurtasunez itzultzeko, ezarritako kontrol sanitario guztiak betez.

Musika Bulegoaren iritziz, “berrogeialdian streaming bidezko emanaldiek kontzertuak premiazkoak direla erakutsi baziguten ere, arlo digitalak ezin ditu zuzeneko musikak sortzen dituen emozioak ordezkatu”. Bideoak, gainera, musika sektorearen eta Euskadin BPGaren %3 sortzen duen industria batean diharduten eragile guztien balio kate osoa erakusten du.

Musika Bulegoak, halaber, kanpaina honen bitartez instituzioei dei egin nahi die, profesionalentzat eta enpresentzat neurriak hartu ditzaten, ez soilik ekonomikoak, baita sektorearen bideragarritasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzeko.