Musika Bulegoa Sariak 2021

Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa burutu berri da. Aurrekoetan bezala, edizio honetan ere, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritzea izan du xede. Aurtengo ediziorako 107 proposamen jaso dira eta sarituak aukeratzeko EHMBE-k osatutako profesionaltasun eta ospe handiko zortzi kideko epaimahaiak, bere epaia argitara eman du jasotako lanak zehaztasunez aztertu ondoren.

Korrontzi, Ander Tellería, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti, Sara Zozaya, eta EKE Euskal Kultur Erakundea izan dira 2021. edizioko hamar sarituak. Antolatzaileak adierazi duenez, bosgarren edizio honetan kalitate handiko lanak aurkeztu dira eta proposamen gehienak disko oso bat izan dira. Musika motari dagokionez, plazaratutako lanen artean pop-rock-a, musika klasiko garaikidea, folk-a eta jazz generoak gailendu dira. Saritutako proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte. Bestalde, EHMBE Ohorezko Sariak. Mikelarenaren eskultura bat jaso du.

Etxepare Euskal Institutuaren Musika Sariak, Euskal Herriko sortzaile, interprete, musikagile edo talde batek euskal musika nazioartera eramaten egiten duen lana aitortzen du. Euskaraz egindako proiektuak hartzen ditu kontuan nagusiki eta mota guztietako musika estiloak. Aurten Korrontzi taldeak jaso du sari berezi hori.

Halaber, EKE Euskal Kultur Erakundeak, EHMBE Ohorezko Saria eskuratu du. Aipatu sariak, Euskal Herriko musika-jarduerarekin lotutako pertsona zein erakundea goraipatzen du prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edota ekoizpenean egiten duen ekarpena medio.

Hierarkia zein kategoria gabeko sariak dira honako hauek. Alegia, emandako sari guztiek dute balio bera, gauza guztien gainetik, egindako lana eta ahalegina saritzen direlako. Iazkoa ez zen urte xamurra izan, koronabirusaren pandemiak kulturaren esparrua lur-jota utzi baitzuen eta hala ere, aurkeztutako proposamenen kopuruari begiratuz, Euskal Herriko sortzaileen kreatibitatea sano dagoela esan daiteke.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izan dute Atabal aretora hurbildutakoek. Amaia Artetxeren gidaritzapean, sarituek, beraien zuzeneko show-a plazaratzeko parada izan dute .

Musika Bulegoa Sariak, Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak sortutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du.

Hemen aurkituko duzu sarituen informazioari buruzko txostena.

Partekatu

Hauek ere interesatuko zaizkizu


Página web financiada por la Unión Europea - NextGenerationEUEuropar Batasuna - NextGenerationEU-k finantzatutako webguneaWebsite funded by the European Union - NextGenerationEUSite financé par l'Union européenne - NextGenerationEU